Kremlinentzat, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen gobernua ez da legitimoa. Horregatik, Ukrainako gerra amaitzea negoziatzeko beste bide bati jarraitu nahi dio Errusiako presidente Vladimir Putinek. Ukrainan Zelenskiren administrazioa ordezkatuko duen behin-behineko gobernu bat sortzea proposatu zuen atzo gauean, Errusia ipar-ekialdeko Murmansk hirian, instalazio militar batzuk bisitatu ostean egindako adierazpenetan. Putinen arabera, AEB Ameriketako Estatu Batuek, NBE Nazio Batuen Erakundeak, «Europako herrialdeek eta Moskuren bazkideek» bideratu beharko lukete aldi baterako gobernu hori, eta horrek bide emango luke bozak egiteko: «Hauteskunde demokratikoak egin, eta herriaren konfiantza duen gobernu bat boterera eramateko balioko luke, eta harekin bake akordio baten inguruan negoziatzen hasi ahalko ginateke». hala jaso dute gaur Errusiako berri agentziek.
Zelenski 2019tik da Ukrainako presidentea, eta bost urterako hartu zuen kargua. Iazko apirilean ziren egitekoak Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak, baina ez zituzten egin, gerra legea ezarrita baitago 2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik. Atzo Putinek egindako adierazpenen ostean, Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko bozeramaile batek Reuters berri agentziari esan zion Ukrainako konstituzioaren eta herritarren esku daudela hango gobernuaren inguruko erabakiak. Eta, gaur goizean, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, argitu du atzo Putinek esandakoa «aukeretako bat» baino ez dela.
Aurreko hilabeteetan, baina, AEBetako presidente Donald Trumpek ere iradoki izan du Ukrainan hauteskundeak egiteko garaia dela, eta Zelenski «diktadoretzat» jo izan du sare sozialetan. Gainera, otsailaren 19an emandako prentsaurreko batean, Etxe Zuriko maizterrak ziurtatu zuen Zelenskik ez duela ukrainarren babesik. «Nahiago nuke esan behar ez izatea, baina %4ko onarpen maila baino ez dauka», adierazi zuen. Ez zuen argitu datu hori zer iturritatik atera zuen. Azken inkestek bestelako joera bat erakusten dute: Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak atzo argitaratutako inkesta baten arabera, Ukrainako herritarren %69k dute konfiantza egungo presidentearengan.
Trumpek presidente kargua hartu aurretik ziurtatu zuen Etxe Zurira iritsi bezain laster amaiaraziko zuela Ukrainako gerra. Putinen ustez, Trumpek «benetan» nahi du Ukrainako gerra amaitu, eta, atzo azaldu zuenez, horregatik hitz egin du harekin hainbatetan. AEBetako presidenteak, ordea, oraingoz ez du lortu hori, baina Washington elkarrizketak egiten ari da Kievekin zein Moskurekin. Hilaren 11n, Kievek onartu egin zuen Etxe Zuriak egindako 30 eguneko menia proposamena; Moskuk, ordea, ez. Iragan astean, Putinek azpiegitura energetikoentzako su etena onartu zuen. Eta asteartean, aldeek adostu zuten Itsaso Beltzeko erasoak bertan behera uztea.
Negoziazioak zabaltzeko prest
Ukrainako gerra «modu baketsuan» konpontzeko prest dagoela berretsi zuen atzo Errusiako presidenteak. Baina gehitu zuen ezen, lehenik, gatazka eragin zuten arrazoiei heldu behar zaiela horretarako. AEBekin elkarrizketak izan ditu Moskuk, baina atzo Putin prest agertu zen beste herrialde batzuk ere gonbidatzeko negoziazio mahaira: «Txinarekin, Indiarekin, Brasilekin, Hegoafrikarekin, BRICS taldeko guztiekin, eta gehiagorekin ere lan egin dezakegu»; Ipar Korea ere aipatu zuen. Ziurtatu zuenez, prest dago haiekin ez ezik Errusiako Gobernuarentzat hain gertukoak ez diren estatu batzuekin ere negoziatzeko, hala nola Europarekin. Baina salatu zuen Moskuri «etengabe ziria sartzen» ari zaizkiola Europako herrialdeak.
Hain justu, atzo, Parisen batzartu ziren Ukrainako egoeraz hitz egiteko Europako zenbait herrialdetako liderrak eta EB Europako Batasuneko, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko, Turkiako, Kanadako zein Australiako ordezkariak. Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa ari dira boluntarioen koalizioa gidatzen, eta, atzoko bilkuraren ostean, biek kritikatu zuten Kremlin, AEBek proposatutako 30 eguneko menia akordioa ez onartzeagatik eta baldintza gehiago ezartzeagatik. Are, Starmerrek Putini egotzi zion su etena adostea atzeratu eta «denbora irabazi nahian» ibiltzea.
Elkarri erasotzen
Elkarren energia azpiegituren aurkako erasoak etetea adostu zuten Errusiak eta Ukrainak martxoaren 18an, eta, AEBek hauspotuta, konpromiso hori berretsi zuten asteartean, Saudi Arabian. Dena den, bi aldeek ez dute bete itundutakoa, eta gaur, berriro, elkarri egotzi diote azpiegituren kontrako erasoetan segitzea.
Errusiak salatu du Kievek suziriak erabilita eraso egin diola gas instalazio bati Kursk eskualdean —fronteko lerroan dago—. Defentsa Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, instalazioak su hartu du, eta «guztiz txikituta» geratu da. Kieveko Estatu Nagusiak ukatu egin du akusazio hori, eta gehitu, ohar batean, «hertsiki» betetzen ari dela menia; jakinarazi du, ordea, Errusiak Ukrainako gas instalazioak jo dituela, nahiz eta ez duen zehaztu zer instalaziori eraso dien Moskuk.
Eta fronteko lerroetatik urrun, bi aldeak dabiltza soilik energia azpiegiturak helburu ez dituzten erasoak egin nahian. FSB Errusiako zerbitzu sekretuek esan dute gaur bertan behera utzi dutela Moskuko eraikin administratibo baten aurka lehergaiekin egin asmo zuten eraso bat; Ukrainako zerbitzu sekretuak egin dituzte eraso saiakera horren erantzule. Horrekin guztiarekin lotuta, Kieveko iturri militarrek adierazi dute Errusiak 163 drone jaurti dituela goizean, eta eskualde hauek zituztela jomuga: Kharkiv, Sumi (ipar-ekialdea), Zaporizhia (hego-ekialdea), Mikolaiv eta Odesa (hegoaldea). 89 erorarazi ditu.