Ordu gutxian 400 eta 500 litro euri artean egin ditu Valentzian (Herrialde Katalanak). «Hori astakeria bat da. Han urte osoan egiten duen adina euri egin du egun bakarrean», azaldu du Joseba Egaña Euskalmeteko iragarpen arduradunak.
Meteorologoen aurreikuspenak gainditu egin ditu Iberiar penintsularen hego-ekialdea astintzen ari den tanta hotzak. Depresio isolatua da izen teknikoa. Erabat oker ere ez zebiltzan: «Inguru horretan metro kubikoko 150-200 litro arteko prezipitazioak izango zirela iragarri zuten, hori ere asko da, eta horregatik zeuden alerta laranjan».
Egañak kontatu du horrelakoetan oso zaila dela zehazki asmatzea non eta zenbat euri botako duen. «Ekaitz gune ezberdinak batu, eta 200-300 kilometroko sistema bat osa dezakete. Aktibitate handiena duena, ordea, askoz gune txikiagoa da, eta horietako batean neurtu dituzte 400 litro». Beraz, jakin daiteke inguru jakin batean asko botako duela, baina, depresio isolatuen mugimendua erratikoa izaten denez eta iragarpenak une batetik bestera alda daitezkeenez, «ia-ia ezinezkoa da» zehazki non asmatzea. Horregatik, meteorologoak aitortu du horrelako egoerak iragartzea kostatzen zaiela oraindik, modeloak hobetzen ari diren arren.
«Askotan, alerta laranja ezartzen da, baina jendeak berdin jarraitzen du»
JOSEBA EGAÑAEuskalmeteko iragarpen arduraduna
Oso garrantzitsua izaten da luze gabeko iragarpena, radarren bidez egiten dena. Horrela detektatzen dute non botatzen duen gehien. Baina radarrak momentuko informazioa soilik eskaintzen du. «Hori guztia ez dugu izaten egun bat lehenago», esplikatu du Euskalmetekoak.
Askok egotzi diete Valentziako tragediaren erantzukizuna politikariei eta langileak lanera joatera behartu dituzten enpresei. Neurri gehiago har zitezkeen? Baietz dio Egañak: «Askotan, alerta laranja ezartzen da, eta jendeak berdin jarraitzen du». Izan ere, alertan zeuden toki askotan ez dute arazo larririk izan. «Hori ere gerta daiteke, eta jendea etxean egotera behartzea zaila da», argitu du meteorologoak.
«Zer gertatzen ari den ikusterako, ordea, berandu izan daiteke. Asko salbatu zituzten, baina beste asko ez». Aipatu du mesedegarria litzatekeela herritarrak muturreko egoeretarako prestatzea, «baina horren gutxitan gertatzen direnez, konplexua da gaia». Valentzian, duela 42 urte izan zuten azken aldiz horren tanta hotz larria.
Euskal Herrian ere bai
Fenomeno hori ohikoagoa da han Euskal Herrian baino, itsaso beroagoa dutelako, nagusiki. Hemen ere izan dira, ordea, egoera larriak.
Depresio isolatuek eragindakoak zerrendatu ditu Egañak. Sonatuena, 1983. urtean Bilbon uholdeak eragin zituena: 24 orduan 500 litro bota zituen metro kubikoko, 34 lagun hil ziren, eta kalte ekonomikoak larriak izan ziren. Elgoibar inguruan ere (Gipuzkoa) 15 pertsona hil ziren 1987an, pare bat orduan 100-200 litro euri egin zuenean metro kubikoko.
XXI. mendean ez da inor hil Euskal Herrian tanta hotzen eraginez, baina eragin dituzte kalte handiak. Esaterako, Getxo inguruetan (Bizkaia) 2008ko ekainean, eta Gipuzkoa ekialdean 2011ko azaroan.
Depresio isolatuena, beraz, ez da kontu berria. «Lehen ere oso txarrak ziren», baina klima aldaketaren eraginez larriagotu daitezkeelakoan dago Egaña. «Airea geroz eta beroagoa bada, eta itsasoko tenperatura ere bai, hezetasun handiagoa har dezake aireak. Beraz, litekeena da etorkizuneko depresio isolatuek larriagoak izateko potentziala izatea».
Azken berrogei urteetan, behintzat, asko hobetu da fenomeno meteorologikoak behatzeko eta zaintzeko teknologia. Egañak nabarmendu du Euskalmet urteko 365 egunetan eta 24 orduz egoten dela horiei adi, badutela depresioak ikusteko radarra, eta iragarpenak ere asko hobetu dituztela. «Muturreko egoerak gertatzen dira, ordea, eta ez da erraza dena zehazki aurreikustea», gehitu du. Azpimarratu du punta-puntako teknologia eta meteorologoak dituzten lekuetan ere gertatzen dela hori, Alemanian eta Frantzian, kasurako. «Egoera oso ezohikoak dira».