Munduko nerabeen %13k baino gehiagok dauka diagnostikatutako nahasmendu psikologiko bat. 86 milioi dira munduan, Alemaniako biztanleria baino gehiago. Hori azaleratu du Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak umeen egoerari buruz urtero egiten duen ikerketak. Unicefen lanak nabarmendu du urriak direla arazoa konpontzera bideratzen diren baliabideak. Munduko herrialderik pobreenetan, gobernuek urtean dolar bat—0,86 euro— baino gutxiago gastatzen dute osasun mentalean, baina aberatsenek ere badute hobetzeko tartea, pertsonako hiru dolar bakarrik bideratzen baitituzte. Gainera, salatu du gasturik handiena zerbitzu psikiatrikoetan egiten dela, eta ia ez dela ezer bideratzen arazo psikologikoen prebentziora eta osasun mentala zaintzera.
Unicefek mundu osoko gobernuak deitoratu ditu «konpromiso politiko faltagatik». Izan ere, organismoaren arabera, umeen eta nerabeen osasun mentalean inbertitzen den kopurua «ezdeusa» da egun. Osasun aurrekontuen %2 bakarrik zuzentzen da buruko nahasmenduak sendatzera eta saihestera. Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen organismoaren ikerketak nabarmendu du gobernuek anbizio handiko xedeak ipini dituztela, eta txiroenek %5era heldu nahi dutela, eta aberatsenek, berriz,%10era. «Maila honetako gastua ezinbestekoa da kalitatezko osasun mentalerako sarbidea handitu nahi badugu», azpimarratu du Unicefek.
Kalteak eta albo kalteak
London School of Economics-en kalkuluen arabera, buruko nahasmenek eragindako heriotzek eta desgaitasunek galera ekonomiko izugarriak eragiten dituzte: urtean 335.000 milioi euro. Horrela alderatu ditu Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak osasun mentalari aurre egiteko behar den inbertsioa eta estatuei urtean eragiten dien kostua. Osasun mentalean inbertitzea «irabazi» ekonomikoak dituen politika bat dela, funtsean. Haurren osasuna helduen osasunarekin lotzen du ikerketak, eta nabarmendu du «ezinbestekoa» dela gizartearentzat.
Baliabide faltaz gain, estigmak eta isiltasuna dira erantzule nagusiak, Unicefen ustez. Gizarteei diru galerak eragiten dizkieten arren, familiei eta haurrei eragiten dien kaltea «kalkulaezina» da. Gainera, pandemiak agerian utzi ditu osasun mentala artatzeko sistemen «hauskortasuna», eta «berriro ere» komunitaterik zaurgarrienek jasaten dituzte ondoriorik larrienak.
Datuek erakusten dute 10 eta 19 urte arteko nerabeen %16,3k buruko nahasmenen bat daukala Europan. Munduaren batez bestekoaren gainetik dago, hortaz: %13,2. Ikerketaren arabera, bederatzi milioi gaztetxo dira Europan.
Handiak dira, dena den, herrialdeen arteko desberdintasunak. Espainian, Portugalen eta Irlandan, esaterako, nerabeen %20 inguruk dauzka arazo psikologikoak. Polonian, Txekian eta Bulgarian, ordea, soilik %10ek. Europako gainerako herrialdeak mutur bien artean daude, baina esanguratsua da Europa ekialdeko estatuek tasa txikiagoak izatea. Lituania da nahasmendu psikologiko tasarik altuena duen herrialdea, eta %12,5ekoa besterik ez du. Mendebaldekoen eta iparraldekoen artean, bestalde, Danimarka da tasarik txikiena duen herrialdea; %15ekoa dauka, hain zuzen ere.
Arazo psikologikoak diagnostikatutako nerabeen erdiek antsietatea edo depresioa daukate, %20ak arreta defizita eta hiperaktibitatea, eta beste %20 batek jokabidearen nahasmendua. Horiekin batera, eskizofreniak, elikadura nahasmenduak eta nahasmendu bipolarrak serioski kaltetu dezakete nerabeen hezkuntza eta osasuna; baita diru sarrerak eta lanbidea lortzeko gaitasuna ere, txostenak dioenez.
Suizidioak, saihesgarri
Urtean 45.800 nerabek egiten dute beren buruaz beste munduan; 11 minutuan batek. Adin tarte horretan, heriotzaren bosgarren jatorria da munduan.
Unicefek eskolen zereginaazpimarratu du suizidioak saihesteko. Beharrezkotzat jo du trebakuntza espezializatua irakasleentzat, gurasoentzat eta osasun langileentzat, arriskuan dauden haurrak eta nerabeak errazago hautemateko. Hala ere, NBEren organismoak ez du kanpoan utzi gobernuen betebeharra, eta suizidioaren prebentziorako programak eraikitzeko eskatu die estatuei.
Osasun mentalaren inguruko estigmak eraisteko lana, gobernuei ez ezik, hedabideei ere badagokiela uste du Unicefek, eta adierazi du gidalerroak behar direla suizidioen berri emateko.
Zazpi nerabetik bat, arazoekin
COVID-19aren pandemiak areagotu egin ditu gaztetxoen buruko nahasmenduak eta arazo psikologikoak, Unicefen arabera. 11 minutuan behin nerabe batek bere burua hiltzen du munduan; urtean 45.800ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu