Ezbeharra

Zazpi behintzat badira Dolomitetako glaziarrean hildakoak

Punta Rocca tontorrera igotzeko bidean jausi zen Marmolada glaziarra, igandean. Erreskate zerbitzuak biktima gehiagoren bila ari dira; hamahiru lagun daude harrapatuta.

Jon Ordoñez Garmendia - Hodei Iruretagoiena
2022ko uztailaren 3a
18:13
Entzun

Ezbehar larria izan zen igandean Dolomitetan, Italian. Marmolada glaziarraren zati bat jausi egin zen arratsalde hasieran. Gutxienez zazpi pertsona hil dira –hiru italiar eta txekiar bat identifikatu dituzte oraingoz–, bederatzi zauritu dira —horietako bat larri— eta hamahiru desagertu egin direla uste dute eskualde horretako larrialdi zerbitzuek –hamar italiar eta hiru txekiar–. Lau lagun atera dituzte bizirik, baina Alex Barattin salbamendu taldeetako bozeramaileak aitortu du «ia ezinezkoa» izango dela beste inor bizirik aurkitzea. Bila jarraitzen dute hala ere, helikopteroekin eta droneekin, arriskutsuegia baita lekura bertara joatea.

Punta Rocca tontorretik gertu zen ezbeharra, eta bete-betean harrapatu zuen tontorrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidea; ondorioz, hainbat mendizale harrapatu zituen azpian. Lekukoen arabera, glaziarra bitan zatitu da, eta 300 metro zabal zen izotz geruza bat jausi da, bidean harrapatzen zuen guztia aurretik eramanez.

«Hots handia entzun dugu, eraisketa baten modukoa. Gero, elur eta izotz jausi bat ikusi dugu ziztu bizian, eta hor konturatu naiz zerbait larria zela», adierazi zuen atzo Castiglioni Marmolada aterpetxeko kudeatzaileetako batek.

Ikusi gehiago:Eñaut Izagirre: «Izotz urtzearen eta prezipitazio uren presioak eragin du hondamendia»

Atzo Marmoladan inoiz erregistratu den tenperaturarik beroena izan zuten: 10 gradu. Elur geruzak urtuz joan dira azken egunetan:

Helikopteroekin eta txakurrekin ari dira bila

Biktima gehiagoren bila ari dira erreskate zerbitzuak; gutxienez bost helikoptero eta txakurrekin lagundutako hainbat talde dabiltza lan horretan.

Ingurua hustu egin dute, Marmolada glaziarraren zati gehiago eror daitezkeelakoan. Gorpuak izotzetatik atera, eta Canazei herriko kirol jauregira eraman dituzte. Psikologo talde bat eraman dute hara, hildakoen senideak artatzeko. Zaurituak Trento, Bolzano, Belluno eta Treviso hirietako ospitaletara eraman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.