Espainia esnatu da. Ametsik gaiztoenak esna eragin du pentsamendu bakarraren lozorro monokordean lo zetzan espainiar jendea. 202 heriotz (Angel eta Kontxi gogoan) urnak haserrez betetzen. Bidaiari anomimoak, neskame kolonbiarrak, ikasleak, paper-gabeak, irrifarre zabaldun okina, ertzainen izuak lehertarazitako bihotza... Konturatuko al dira (gara) hau dena lau egun ahaztezinotan gertatu izan ez balitz, ezer ere ez zela berdin izango? Izuak Espainia esnatu egin du. Luzarorako bedi.
Baina atzoko hauteskundeek ez dute, ostera, irabazlerik berbaren ohiko zentzuan. Duintasunak irabazi du: egia eta bakearen exijentziak irabazi du. Haserreak. ZP presidente izango da Madrilen, baina ez hauteskundeak bere partiduak irabazi dituelako, PPk galdu dituelako baino. Eta bi gauza guztiz desberdinak dira: tantoa norberak egin ala besteak galdu, emaitza berbera doa markagailura, baina garaipenaren pertzepzioa ez da berdina. Ezta garaipen horren kudeaketa ere. PSOE ez zegoen prest holako gauza baterako: lau urte lotsagarri pasa ditu eskuz eta hankaz PPri loturik. Eta Euskal Herrian biek egin dute, gainera, politika berbera... Ezingo dugu, bada, bapateko miraririk espero orain. Ez da egongo ziritxo magikorik: orain ez da PSOE derrepente bere siglek diotena izaten hasiko bete-betean, hala beharko lukeen arren. Bere aurpegirik higuingarriena ezagutu genuen hamalau urte luzeko agintaldian. Badu nondik ikasi: ondo jakin beharko lukete Ferrazekoek zer zulotan berriro ez egin estropozu. Kataluniara begiratzen ere ikasiko al dute!. Eta lehenbailehen Bush galaxiaren orbita suntsitzailetik atera... Etxeko lan asko utzi dizkiote kalatxoriaren jauntxoek, bat batean Moncloan esnatu den ZPri... Etsairik ere ez du faltako, monarkia bananerotertuliana horretan. Izan ere, betiko galdera da: nortzuk agintzen dute benetan, Espainian, AEBetan zein munduan?....Eta gu, hala ere, hautesle inozook, gaur (bederen gaur) pozik oheratu gara. Presoak ere pozik imajinatu ditugu; Madrilekoen senideak, eta Angelenak, negarrez apurtuta baina burua tente.Egia eta bakea eskatu da Espainiar estatuko toki orotan. Euskal Herriaren zati honetan, gainera, elkarrizketa ere eskatu da, eta autodeterminazioa. Katalunian ere bai. Katalanek elkarrizketaren bidezko konponbide politikoen aldeko ahalegin zintzoa oparo saritu dute. Zorionak, amics! Duintasunaren ordua da, hemen eta han. Giza eta herri eskubide guzti-guztiak aintzat hartu behar dituela erakutsi behar diogu Madrili. Ez gezurrik, ez iruzurrik, ez txapuzarik, ez konpontxorik. Hitzegin dezagun. Parlem.
IRITZIA. ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK
Zaplada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu