Zapaldutako herria zutitu da

Senegalgo presidentearen «erregimen autoritarioaren» eta oposizioko buruaren aurkako epai baten harira, herritarrak kalera atera dira, estatuburuaren dimisioaren eske. Datorren urtean bozak egitekoak dira, eta salatu dute aurkeztu asmo duela, konstituzioak ezarritakoaren kontra bada ere.

Hainbat senegaldar Macky Sall presidentea buru duen gobernuaren aurkako protesta batean, ekainaren 1ean, Dakarren. JEROME FAVRE / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Aski dela esan du Senegalgo herriak. Macky Sall presidentea buru duen gobernu «diktatorialeko erregimen autoritarioak» eta oposizioko alderdi nagusiaren buruzagi Ousmane Sonkoren aurka ezarritako bi urteko kartzela zigorrak haserre olatua eragin dute senegaldarren artean; ekainaren 1az geroztik, protesta jendetsuak egiten ari dira Dakar eta beste zenbait hiritan. Salatu dutenez, Sallek, botere instituzionalaz «abusatzeaz» gain, kaleak «militarizatu» ditu, helburu bakarrarekin: «Erresistentzia egiten ari den gazteria ikaratzea eta bortxatzea». Bada, herriak eztanda egin du.

Senegaldarrak «erregimenaz nazkatuta eta askatasun eske» daudela nabarmendu du Hahatay GKE gobernuz kanpoko erakundeko kide Dieynaba Sowk (Saint Louis, Senegal, 1994). Algortan (Bizkaia) bizi da egun, eta Ikasketa Feministak eta Genero Ikasketak unibertsitate masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. «Arduraz» baina «aldaketarako esperantzaz» begiratzen dio sorterriari. Senegalgo egungo egoeraren eta aurrez izandakoen berri eman du. «Demokrazia eta bakea daude jokoan».

Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak (PASTEF) alderdiko burua maiatzaren 23an epaitu zuten, 2021eko otsailean emakume baten aurkako bortxaketa eta «heriotza mehatxuak» egitea leporatuta. Auzitegiak absolbitu egin zuen, baina, ekainaren 1ean, errudun jo zuen «gazteria galbidean jartzea» egotzita —18 eta 21 urte bitarteko gazteez abusatzeagatik egozten dute delitu hori, Senegalgo Zigor Kodearen arabera—. Sowren esanetan, delitu batek ez du «zerikusirik» bestearekin. Ez senegaldarrek ez GKEek ez dute Sonkoren berririk. «Etxean gatibu dute, eta ez dakigu ezta bizirik dagoen ere».

Sonkoren kontrako ebazpena «konplot politikoa» dela salatu dute; funtsean, 2024ko otsailean egitekoak diren presidentetzarako bozak irabazteko aukera guztiak dituen hautagaia «fisikoki zokoratzeko». Ekintzaileak uste du estatuburuarentzat «mehatxua» dela Sonko, eta «botere judizialaren jabe» egin dela hura zigortzeko. Sowren arabera, gazteek «itxaropenaren eta aldaketaren iturri» dute oposizioko alderdi nagusiko burua: «Abertzalea eta panafrikanista da, eta benetako politika lehengoratu nahi du».

Bitartean, manifestariek Sallen dimisioa eskatzen dute, baita bozetarako hautagaia ez izatea ere. Hain zuzen, 2012tik dago agintean, eta oposizioko alderdietako buruek behin baino gehiagotan salatu izan dute estatuburuak hurrengo bozetara aurkezteko asmoa duela, hirugarrenez. Senegalgo Konstituzioaren arabera, presidente batek gehienez bi agintaldi egin ditzake jarraian.

Giroa bero dago Senegalgo hiri nagusietan. Liskarrak izaten ari dira azken egunotan manifestarien eta Poliziaren artean. Sowren esanetan, gobernuak poliziei agindu die «su armaz tiro egiteko» eta negar gasak jaurtitzeko zibilen aurka. «Zabaldutako bideo batzuetan ikus daitekeenez, hainbat gizonezko estatuko indarrekin batera elkarlanean ari dira, armatuta».

Gobernuko iturriek emandako datuen arabera, hamasei pertsona hil dira istiluak hasi zirenetik; ekintzaileak, ordea, ohartarazi du hildakoen kopurua «askoz handiagoa» dela: «30 bat zibil hil dituzte». Halaber, 600 lagunetik gora atxilotu dituzte, tartean adingabeak eta atzerritarrak, eta Gurutze Gorriak 400 zauritu inguru artatu behar izan ditu.

Herrialdean nozitzen ari diren egoeraren harira, gogoeta hau egin du Sowk: «Lehen, Senegal diktadurarantz zihoala esaten genuen. Orain, berriz, esan dezakegu erregimen diktatorialaren pean bizi garela. Sall boterera iritsi aurretik, Senegal herrialde demokratikoaren eredu izan zen Afrika osoan; gaur egun, ez».

Emakumeak zigortuenak

Giza eskubide «ugari» urratzen eta mugatzen direla adierazi du Sowk; hala nola adierazpen askatasuna, prentsarako askatasuna eta manifestaziorako eskubidea. Zenbait egunez, gainera, debekatua izan dute Internet eta telefono sarea erabiltzea, «nazioarteak herrialdean zer gertatzen ari den ez jakiteko», ekintzailearen esanetan. «Horregatik, diasporatik informazio zuzena eta argia helarazten jarraitu behar dugu».

Sowk ez du begiko egungo estatuburua, herritarren interesak eta beharrak aintzat hartu beharrean, atzerriko herrialdeei begiratzen dielako. «Bost axola zaio Senegalgo herria». Ahobizarrik gabe esan du Sall ez dela bakarrik gobernatzen ari: «Frantzia dago guztiaren atzean. Emmanuel Macron presidentearen aholkuei bakarrik egiten die kasu. Senegalek independentzia lortu arren, sistema kolonial eta neokolonial baten menpe bizi gara. Ez daukagu subiranotasunik».

Zapalkuntza hori gehien pairatzen dutenak emakumeak dira. «Gizarte patriarkal batean bizi gara oraindik; zehazki, emakume izateko kulturaren ideia hori errotuta dago. Emakume baten funtzioa hau izango litzateke: ezkontzea, ama izatea, senarra eta seme-alabak zaintzea...». Halaber, emakume senegaldarrek «garrantzi handia» dute lan sektorean, batez ere eremu informalean. «Baina inork ez die emakume horiei balioa ematen, ezta haien lana ikusgai egiten ere».

Horregatik guztiagatik, «erregimena eraitsi beharra» dagoela dio Sowk. Haren iritziz, Sonkoren antzeko liderrak behar ditu herriak, eta ez Europako agintarien «txotxongiloak». Hori lortzeko, gazteak «borrokarako» prest daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.