Migratzaileen exodoa. Jatorria

Zainak irekita daude oraindik

'Latinoamerikako Iparraldeko Triangelua' deitzen diote Hondurasek, El Salvadorrek eta Guatemalak osatzen dutenari. Urtero, milioi erdi bat lagunek egiten dute ihes bertatik, indarkeria, pobrezia eta sistema politiko ustelengatik. Exodoaren jatorrira etorri da BERRIA horren arrazoiak ulertzeko.

Gizonezko baten gorpua San Pedro Sulan (Honduras), 2015ean. World Press Photo sariketako sari bat irabazi zuen argazkiak. NICLAS HAMMARSTROEMDEL / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
San Pedro Sula
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Eduardo Galeanok Las venas abiertas de America Latina (Latinoamerikako zain irekiak) argitaratu zuela ia mende erdia pasatu bada ere, liburu hartan idatzitako hitz eta pasarte bakoitzak oraindik gaurkotasuna du amnesiara kondenatutako lurralde hau ulertzeko, mendeetan hemen izandako diktadurek, genozidioek, gerrek, eta indarkeriek —planetan izandako bortitzenetakoek—, kolonialismoaren ondareak guztiak, oraindik ere baldintzatzen baitute milaka herritarren bizimodua. Duela bost mende luze zabaldutako zainak irekita daude oraindik. Muturreko pobrezia, min ematen duen gosea eta etenik ez duen indarkeria dira azaleratzen ari den odolaren osagaiak.

[youtube]https://youtu.be/fJdkUcZ5NO8[/youtube]

San Pedro Sulara etortzea baino ez dago heriotzaren usaina antzemateko; Erdialdeko Amerikako Ciudad Juarez deitzen diote hiriari. Honduras ipar-mendebaldean dago, hiriburuaren ostean metropolirik handiena da, koloretsua bezain iluna. San Pedro Sula izan zen karabanaren abiapuntua. Eta BERRIA, Alboan gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta, exodoaren jatorrira etorri da ihesaldiaren jatorria ulertzeko, zergatik egiten dute ihes galdera erantzuteko. Zeren, zerk eraman zituen egun batetik bestera dozenaka lagun sorterria uztera —tartean ziren haur txikiak besoetan hartuta zeramatzatenak—, eta non eta noiz amaituko den ez dakiten milaka kilometroko zeharkaldi bat hastera, oinez, kamioietan, mugak zeharkatuz, baita ibaiak eta desertuak ere, oztopoz eta arriskuz betetako bidean. Hondurasek, El Salvadorrek eta Guatemalak osatzen duten Latinoamerikako Iparraldeko Triangelutik urtero 400.000-500.000 lagun artean abiatzen dira iparraldera, bizimodu duinago baten bila askotan. Heriotzatik egiten dute ihes. Hiru herrialde horietan 14.422 pertsona hil zituzten 2015ean.

Kabul baino arriskutsuagoa

San Pedro Sula munduko hiririk arriskutsuenen artean dago. Rivera Hernandez kolonian etxeratze agindua dago ezarrita aspalditik. Sartzeko eta irteteko ordaindu egin behar da. Batez beste, hamar-hogei lagun artean hiltzen dituzte egunean milioi bat biztanle dituen hiri honetan. «Bagdad edo Kabul baino hiri arriskutsuagoa da. Egunean hamabost hildako daude hemen; urtean, 5.400». Alberto Arce (Gijon, Espainia, 1976) kazetariaren hitzak dira. Tegucigalpan nazioarteko berriemaile bakarra izan zen bi urtez, alde egitea erabaki zuen arte. «Ez dut ezagutzen herrialdean sei hilabete iraun duen atzerriko kazetaririk. Odolaz idazteaz nekatu egiten zara. Ez dago besterik kontatzeko», esan dio BERRIA-ri.

Lanera doazela edo futbolean jokatzera doazela hiltzen dituzte hondurastarrak, estortsioa egiten dietenei hamar dolar ordaintzen ez dietelako. «Indarkeria zitala da, miserablea, grisa», azaldu du kazetariak: «Pobreen arteko gerrek dena ezkutatzeko daukate; denek esaten dute gezurra, bizirik irauteko beldurragatik, gehienetan».

Bost mara daude herrialdean. Indarkeriaren legea baino ezagutzen ez duten gazte taldeek sare sendoa daukate. Hondurasen, baina, are sendoagoa da narkotrafikatzaileen sarea, garro ugariko olagarro erraldoi bat baita.

«Deklaratu gabeko gerra bat da, denak denen kontrako gerra labirintikoa: AEBetara iristen den kokaina garraiatzen duten narkotrafikatzaileak, estortsioaren legea baino ulertzen ez duten marak, kriminalak atxilotu baino akabatzea nahiago duten poliziak, gazteak gupidagabe hiltzen dituen armada, ustelkeriaz bizi den talde politikoa, heriotza eskuadroien krimenak justifikatzen dituen prentsa, eta hilketen %10 zigortzen dituen sistema judiziala». Arcek egiten duen erradiografia da. «Horren erdian bizi da herria».Egun Kanadan bizi den kazetariaren arabera, horregatik guztiagatik egiten dute ihes herritarrek.

Ameriketako Estatu Batuek sortutako munstro antidemokratiko bat da Honduras. Manuel Zelaya presidente ohiaren kontrako 2009ko estatu kolpetik eratorritakoa da, hein handi batean, gaur egungo egoera. Hasierako zalaparta azkar isilarazi zen, eta, ondorengo bi hauteskundeetan, eskuina nagusitu zen. Juan Orlando Hernandez presidenteak iruzur salaketak tarteko zirela irabazi zituen iazko azaroan egindako hauteskundeak. Karabanan abiatu diren hondurastarrek etengabe esaten dute «kriminal» bat dela.

Bederatzi milioi biztanleko herrialdean hamar pertsonatik sei pobrezian bizi dira, eta lau, muturreko pobrezian; egunean behin ere jaten ez dutenak dira. Ura, argia eta gasa luxuak dira. Milioi bat haur ez dira eskolara joaten. Eta gazteen artean %60 da langabezia tasa.

Baliabide naturalak bidegabe ebasten dituzte enpresa transnazionalek, eta kolonialismo eredu berri hori ere bada egoeraren erantzule. Giza eskubideen eta natur baliabideen ekintzaileentzat munduko herrialderik arriskutsuena da; 2010etik, 120 ekintzaile hil dituzte han. Berta Caceresen izenak mundua zeharkatu zuen, baina dozenaka dira oharkabean hiltzen dituztenak.

'Mara' taldeen fenomenoa

Munduko 50 hiri bortitzenetatik 42 Latinoamerikan daude. 2016ra arte, munduko bost hiri arriskutsuenen zerrendako bi Honduraskoak ziren: San Pedro Sula eta Tegucigalpa, 112 eta 85 hildako 100.000 biztanleko.

«Munduko triangelu honek arreta handiagoa merezi du». Roberto Valencia (Gasteiz, 1976) 2001etik bizi da San Salvadorren. Herrialdeko argazki itzela egin du: «6,6 milioi biztanle ditu, eta aurten 2.556 lagun hil dituzte. 2015ean 6.656 izan ziren». Urrian, eguneko 7,9 lagun hil zituzten. «Indarkeria kuotak eramangaitzak dira. Mugikor baten truke hiltzen zaituzte, eta errepide bat zeharkatzeko edo autoa zaintzeko ordaindu egin behar duzu».

Mara taldeen arazoa segurtasun nazionaleko arazo bihurtu da El Salvadorren. Mara Salvatrucha MS-13 eta Barrio 13 dira handienak, bakoitzak bere klikak dituzte, azpitaldeak, eta mara txikiagoak ere badaude. «Mugak ezartzen dituzte, bakoitzak bere lurraldea baitauka, grafitiekin markatzen dute, eta beldurraren hizkuntza zabaltzen dute. Ikusi, entzun eta isildu. Hori da leloa».

El Salvador odolusten ari diren pobreen mafia dira marak. «Pobreei eragiten dien fenomenoa da», azaldu du Valenciak. «Auzo guztiak daude maren eskuetan, eta komunitatearen parte dira, barrutik sortutako fenomenoa baita, behetik gora osatzen dena. Kideek gertuko konplizeak dituzte: aita, ama, anai-arrebak...».

El Salvadorko mara taldeek 64.587 kide dituzte: 43.151 kalean, eta 21.151 kartzelan. «Mara bakoitzak bere kartzelak ditu», zehaztu du kazetariak. Askotan, aurretik ihes egindakoen semeak dira, ama haurdun utzi eta iparraldera ihes egindakoenak, identitatea bilatzen dutenak, zerbaiten parte sentitzea. «Autoritate hutsune bat betetzera datoz, errespetua lortzen dute taldean sartzean, estatu bat, eta eskura ez dutena erraz izatea: drogak, arropa, dirua, neska-laguna... 11, 12 eta 13 urterekin sartzen dira, eta, normalean, 13 urterekin egiten dute brinkoa, iniziazio erritu den jipoi handia jasota», kontatu du kazetariak.

Maren fenomenoa, dena den, oso konplexua da. Estatuak betetzen ez duen lekua betetzen dute, eta botere hutsune horretan estatu paralelo bat sortzen dute. «Lurraldearen kontrola daukate, baina baita boterearena ere, neurri handi batean. Estatuaren ahultasuna eta ustelkeria dira horren erantzule. Sistema politikoak huts egin du».

El Salvadorren, Arenak eta FMLNk boterea partekatu dute gerra zibilaren amaieratik. 1989an, eskuin muturrak irabazi zuen, eta, gerrillari ohiak agintera iritsi zirenean, 2009an, itxaropena piztu zen. Valenciarentzat, «zartakoa sekulakoa izan da». Ezkerrak, kazetariaren hitzetan, eskuinak baino errepresio gogorragoa ezarri du: «Ez dut ezkerreko politiken zantzu bakar bat ere ikusten. 2015etik, armadaren eta poliziaren jazarpena inoizko handiena da: lau urtean ustezko 1.400 gaizkile hil dituzte». Otsailean dituzte hauteskundeak, eta kazetariak argi du nork galduko duen: «FMLNren porrota itzela izango da».

AEBen inportazioa

Marak AEBek sortutako fenomenoa dira. «70eko hamarkadan Los Angelesera ihes egindakoek sortu zituzten, eta hamarkada bat geroago deportatutakoek inportatu zuten fenomenoa. Orduko hazi hura hemengo baldintzen arabera hazi da». Valenciak Carta desde Zacatraz (Eskutitza Zacatrazetik) liburua argitaratu du, eta azaltzen du nola, 2008tik, deportazioak hazi ahala ugaritu zen mara taldeen kopurua. Bere ustez, paradoxikoa da ikustea nola maretatik ihes egiten dutenei muga ixten dien, hain zuzen, fenomeno hori sortu zuen herrialdeak. «Trump karabana kriminalizatzen ari da, eta hor doazenak biktimak baino ez dira».

AEBek erantzukizun historikoa daukate Latinoamerikarekin. Noam Chomskyk adierazi du iparraldeak hegoaldean sortutako lazturatik eta miseriatik alde egiten dutenak direla karabanan doazenak. Ronald Reaganek 1980ko hamarkadan abiatutako izuaren gerrak daude jatorrian. Reagan Doktrinak Sobietar Batasunaren eragin komunista ahultzeko atzerri politika ankerra garatu zuen, hegoaldeko herrialdeen etorkizuna baldintzatuz, menperatzearen aztarnak utziz, erregimen diktatorialak eta gobernu militarrak babestuz, armak eramanez, eta ekonomia neoliberalak sustatuz.

«Guztiz hondatu zituzten herrialde horiek». Alberto Pradilla (Iruñea, 1983) kazetariak aski ondo ezagutzen du errealitate krudel hori. Duela urte eta erditik bizi da Guatemalan. Herrialdearen egoera soziopolitikoa lau hitzetan azaldu du: «Bazterketa, pobrezia, indarkeria eta ustelkeria». Kazetariaren arabera, lau familia zuriren eskuetan daude lurra eta boterea duela bi mendetik: «Populazioaren %60 pobrezian bizi da, malnutrizioa itzela da, eta herritarren %20 letragabeak dira. Guatemala Tajikistanen pare dago giza garapenaren indizeetan. Erregimen oligarkiko bat dago hemen».

Jimmy Morales presidentearen jardunarekin oso kritiko da Pradilla: «Erdialdeko Amerikaren eskuin muturraren ordezkaria da, genozidioagatik akusatutako militar ohiek sortutako alderdiaren ordezkaria, eta, herritarrak babestu beharrean, klase politiko baten interesak babesten ari da. Sistema erabat ustela da; Morales bera ustelkeriagatik ari dira ikertzen, bere kanpainako leloa ez ustela, ez lapurra izan bazen ere». 2019ko ekainean dira egitekoak hauteskundeak, eta, kazetariaren arabera, gakoa izango dira irekiera demokratiko bat abiatzeko edo faxismoa are gehiago errotzeko.

Guatemalan, azken urtean, %65 hazi da alde egiten duten herritarren kopurua. Plaza Publica egunkarirako ari da lanean kazetaria, eta berriki argitaratuko artikulu batean datu itzelak eman ditu: «Guatemalak hemezortzi milioi biztanle ditu, eta milioi bat guatemalar bizi dira AEBetan. Haiek bidalitako dirua da herrialdeko lehen diru iturria; Barne Produktu Gordinaren %10 da».

Guatemalan, gerra zibilaren bukaerak ez zuen bakea ekarri. 1996an sinatu zuten akordioa, baina gerrako zauriak zabal-zabalik daude oraindik. «Gatazka armatuak 200.000 hildako eragin zituen; gehienak, zibilak. 1999an, Nazio Batuen Erakundeak genozidiotzat jo zuen gertatutakoa», esan du kazetariak. Quiche departamentuan, 1982 eta 1983 urteetan, Jose Efrain Rios Montten diktaduraren garaian, 1.171 indigena ixil hil zituzten eskualdeko 50 herrixketan.

Ordutik, heriotzak ez du etenik. «Guatemalan, 100.000 biztanleko 26 hiltzen dituzte. Jende gehien hiltzen den herrialdeen artean Guatemalan dago hildako gutxien».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.