'Noos auzia'

Zaballako kartzelara ekarriko dute Iñaki Urdangarin

Urtarriletik hirugarren graduan dago Urdangarin. Zaballako kartzelan, delitu ekonomikoak egin dituzten presoentzako programa batean hartuko du parte. 

Iñaki Urdangarin Alcala de Henaresko gizarteratze zentrotik ateratzen. RODRIGO JIMENEZ
2021eko otsailaren 24a
09:42
Entzun

Urtarrilean onartu zion hirugarren gradua Iñaki Urdangarin Espainiako Errege Etxeko kide ohiari eta Palmako duke izandakoari Gaztela eta Leongo espetxe zaintzako lehen epaitegiak. Orain artean, Madrilgo Alcala de Henaresko gizarteratze zentroan bete du zigorra Urdangarinek. Datorren astean, ordea, Zaballako (Araba) kartzelara lekualdatuko dute. Horretarako baimena eman dio Espetxe Zuzendaritza Nagusiak.

Zaballako kartzelan, delitu ekonomikoak egin dituzten presoentzako programan hartuko du parte Urdangarinek. Hirugarren graduan dagoenez gero, aste barruan, lan egitera joateko utzi ahal izango du Zaballako kartzela, eta lotarako itzuli beharko du. Asteburuak, berriz, zentrotik kanpo igaro ahalko ditu osorik.

Urdangarin bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra betetzen ari da, Noos auziarengatik. Zerga delituak, prebarikazioa, iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea eta influentzia trafikoa delituen errudun zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 2018ko ekainean. Epaileek frogatutzat jo zuten Balearretako gobernuak hainbat kontratu publiko esleitu zizkiola Urdangarinen Noos institutuari, hura Errege Etxeko kidea zelako. Gorenak adierazi zuen Urdangarinek bere «posizioaz abusatu» egin zuela, «era inplizitu baina ulergarrian», kontratu publikoak eskatzeko eta «tratu pribilegiatua» jasotzeko.

Avilako Brieva herrian dagoen emakumeen kartzelan egin zituen lehen hilabeteak preso Urdangarinek. Iazko abenduan aldatu zuten Alcala de Henaresko gizarteratze zentrora. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.