Yvan Colonnaren heriotzari buruzko txostena, datorren asterako

Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek lehen bilkura egin dute uhartearen etorkizunaz

Frantziako Gobernuaren eta Korsikako hautetsien arteko lehen bilkura, atzo, Parisen. #BARRA_ABILDUA#ASSEMBLEECORSE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
«Bokazio historikoa» duten elkarrizketak abiatu zituzten atzo Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek, Parisen. Negoziazio horiek luzerako joko dute, hainbat gai izango baitituzte hizpide; besteak beste, uhartearen autonomia, ziurrenik landuko dituzten aferen artean garrantzitsuena. Baina bi aldeak jakitun daude solasaldi horiek abiatzeko arrazoia Yvan Colonna militante independentistaren heriotza izan zela, eta, beraz, auzi horrek ere pisu handia izango duela. Parisen eta Korsikako ordezkaritzaren lehen bilkuraren ondoren, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministro eta gobernuaren negoziatzaileak jakinarazi zuen Colonnaren heriotzari buruzko txostena datorren astean emango diotela Elisabeth Borne lehen ministroari.

Joan den martxoaren 2an, Arlesko presondegian (Okzitania) zegoela, jihadismoagatik zigortuta zegoen beste preso batek militante independentista ezaguna zena jipoitu zuen —Claude Erignac prefetaren hilketagatik espetxeratu zuten—. Colonna koman utzi zuen, eta militantea hiru aste geroago hil zen, Marseillako ospitale batean (Okzitania). Gertakari horrek sekulako protestak eragin zituen Korsikan, eta mugimendu nazionalistak heriotza horren inguruko «egia» eskatu du harrez geroztik.

Besteak beste, autonomistek eta independentistek gertaturikoaz zenbait ikerketa eskatu zituzten, eta horietako bat egiteaz arduratu da IGJ Justiziaren Ikuskaritza Nagusia; justiziarekin zerikusia duten zerbitzuak ikertzeaz arduratzen da, Frantziako Justizia Ministerioaren izenean. Colonnaren heriotzaren kasuan, argitu beharko luke erasotzaileak zergatik izan zuen aukera Colonna zortzi minutuz jipoitzeko kartzelako langileen esku hartzerik gabe.

Darmaninek atzo azaldurikoaren arabera, Bornek datorren astean jasoko ditu IGJren ondorioak, baina ez zuen argitu berehala aterako dituzten argitara. Hori bai, Frantziako Barne ministroak berretsi zuen «gardentasunez» jokatuko dutela auzi horretan.

Bilerak, sei astean behin

Colonnaren aferaz gain, bi aldeak egutegiaz mintzatu ziren atzo, eta adostu zuten sei astean behin elkartzea; gainera, hitzordu bakoitzean gai jakin bat landuko dute.

Hortaz, aldaketarik ezean, hurrengo negoziazioak irailaren 16rako aurreikusi dituzte —gaur eta bihar jarraituko dute atzokoa, Korsikan—, eta eredu ekonomiko eta sozialaz arituko dira. Urtea amaitzerako, beraz, beste bi izango dituzte; besteak beste, hizkuntzaz eta kulturaz aritzeko.

Iragan martxoan, bi aldeek zera esan zuten elkarrizketen helburuez: beharrezkoa dela «irtenbide politiko global bat» lortzea uhartearentzat. Darmaninek, hori berresteaz gain, Frantziako Gobernuaren marra gorriak finkatu zituen berriz ere atzo: «Korsika errepublikan» egon behar dela eta ezezkoa «herritarren bi kategoria sortzeari».

21 lagunek osatzen dute Korsikako ordezkaritza: besteak beste, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak, Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleakoak, ganbera horretako lau talde parlamentarioetako presidenteek eta uharteak Frantzian eta Europan dituen zazpi parlamentariek —lau diputatuek, bi senatariek eta eurodiputatuak—.

Horien artean dago Jean-Christophe Angelini PNC Korsikako Nazioaren Alderdiko idazkari nazionala, baina azken orduan atzoko bilkuran ez izatea erabaki zuen, Avanzemu talde parlamentarioak bidali behar zuen ordezkaritza kopuruaren inguruan izandako barne desadostasunengatik —Angelini horko presidentea ere bada—.

Ohar baten bidez, Avanzemuk azaldu zuen ez zela «mesfidantza» keinu bat izan, baizik eta «hegemoniarako joera duten maniobrekiko gaitzespena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.