Romain Colonna. Korsikako Asanbleako diputatua

«Yvan Colonnaren erailketak bideratuko du borroka sentimendua Korsikan»

Colonna diputatu autonomistaren iritziz, Frantziako Estatuak «erantzun bakarra» dauka «korsikarren nazionalismoarentzat»: «Mespretxua eta ukapena».

BERRIA.
Vilaweb
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Romain Colonna Femu a Corsica alderdi nazionalistako diputatua da Korsikako Asanblean; alderdi horrek 32 diputatu ditu, atzeneko hauteskundeak irabazi eta gero. Colonna soziolinguistikako irakaslea da unibertsitatean, etaVilaweb-ekin mintzatu da, Yvan Colonna preso politiko korsikarra Arlesko kartzelan jasandako erasoaren ondorioz hil eta ordu gutxira —elkarrizketatua eta militantea ez dira senitartekoak—.Colonna Korsikako prefeta Claude Erignac erailtzeaz akusatu zuten, 1998an. Hark beti ukatu izan zituen akusazio horiek, eta hura kartzelatu, epaitu eta erail izanak zeharo astindu du uhartea.

Nola dabiltza animoz Korsikan?

Korsikan erabatekoa da tristezia eta injustizia sentipena.

Yvan Colonna sinbolo bihurtu da. Zergatik?

Lehenik, errugabea zela esan zuelako beti, izan zituen hiru prozesu judizialetan, hiruretan; betidanik, eta hasiera-hasieratik. Bigarrenik, desoreka handia ikusi dugulako tratuan. Frantziako Estatuak, hasiera-hasieratik, bitarteko andana baliatu zuen hura atxilo hartzeko eta kartzelan sartzeko. Bigarrenik, Yvan Colonnak ez zuelako prozesu justurik eduki ahal izan sekula, bigarren prozesu judiziala kasazio auzitegiak berak bertan behera utzi behar izateraino.

Horretan, ez ziren bat etorri Frantziako justizia eta nazioarteko justizia. Eta, hirugarrenik, Colonnari sekula ez ziotelako utzi Korsikako kartzelaren batean egoten; aitzitik, Arlesko kartzelan eduki zuten. Eta horrek ez zukeen horrela izan behar, ez nazioarteko zuzenbidearen arabera, ez Frantziako zuzenbidearen arabera. Colonnak bazeramatzan hogei urte baino gehiago Frantzian, alkateek, politikariek eta gizarteak ia aho batez jarritako demanda gorabehera. Korsikako kartzela batean egoten utzi izan baliote, hau guztia ez zatekeen gertatuko.

Egunotako manifestazioetan, «Frantziako Estatua, hiltzailea» eta antzeko oihuak entzun dira. Zergatik?

Aipatu dudan arrazoi horrengatik. Frantzian utzi zuten, beren-beregi. Itzultzeko eskubidea zuen. Baldintzak ez dira berberak Korsikan eta kontinentean.

Frank Elong Abe da hiltzaile aitortua.

Islamista bat da, amerikarrek Afganistanen atxilotua, eta Frantziara lekualdatua. Egintzen inguruko ikerketa inpartzial bat galdegin dugu. Ez da normala Fran Elong Abek eta Colonnak hainbeste denbora ematea, biek bakarrik. Gogoratu dezagun Colonnak estatus berezia zuela, preso arriskutsutzat zeukatela. Eta mota horretako presoek zaintza etengabea izaten dute. Ez al zuten ikusi biak elkartu zireneko hura? Elongek dioenez, Jainkoaz gaizki esaka ari zelako hil zuen Colonna.

Auskalo zein izan ziren benetako arrazoiak. Elongek bakarrik darabiltza arrazoi horiek argudio gisa. Kartzeletako arazoa ukatu gabe ere, jende mordoa baitago, ezin utzi dugu bazterrera estatuaren erantzukizuna. Frantziako Estatuak badu erantzukizunik kartzeletako baldintzetan, eta horien ondorio izan da hilketa.

Bada tesi bat: nazionalisten batasuna eta bultzada, hori izango da Colonnaren heriotzaren ondorioetako bat. Ados al zaude?

Mugimendu nazionalista, batik bat 2014tik aurrera, etengabe zabaldu da gizarteko arlo guztietan, baina politika arloan batik bat, ekainean izandako tokiko hauteskundeetan botoen ia %70 lortzeraino. Yvan Colonnaren hilketak bideratuko du borroka sentimendua Korsikan. Belaunaldiz belaunaldiko sentimendua.

Frantziako Estatuak erantzun bakarra dauka korsikarren nazionalismoarentzat: mespretxua eta ukapena. Yvan Colonnaren hilketak Frantziako Estatuaren mespretxua sinbolizatzen du, eta erantzun demokratiko bati egindako ukoa.

Frantziako Barne ministroak mea culpa moduko bat egin zuen.

Administrazioaren maila gorenean aitortu egin dute zerbait gaizki dabilela kartzela barruan. Horrexegatik, kementsu galdegiten ditugu argia, egia eta justizia. Frantziako Estatuak izugarrizko erantzukizuna du gertatu den horretan eta kartzelatuen egoeran.

Uste izatekoa al da autonomista korsikarrak independentismora pasatzea?

Colonnaren heriotzak ez dio eragin familia nazionalistari soilik. Uharte osoa astindu du. Femu a Corsica autonomista da. Korsikako Nazioaren Alderdia autodeterminista da. Rinovo independentista da. Baina lausoak dira elkarren arteko mugak, eta, oraingoan, are gehiago. Kontu hau familia nazionalista osoari dagokio, eta harago ere badoa.

Zer erreakzio izan du Gilles Simeonik, Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidente, Femu a Corsicako kide eta Colonnaren abokatu ohiak?

Jendaurreko erantzuna izan du, Twitter eta Facebook bidezkoa. Injustizia eta tristezia erabatekoa, lehen ere esana dugunez. Oso ondo ezagutzen zuen Colonnaren familia, oso familia ezaguna eta sakrifikatua baita.

Zuen ustez, zer pasatuko da egunotan?

Dolu egunak izango dira hurrengoak, erregu egitekoak. Errebolta eta borroka ugari izan ditugu hiru asteotan. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den hemendik aurrera.

Errebolta eta borroka areagotu egingo al dira?

Oraindik ez dakigu. Astelehenean hil baitzen. Oraindik goiz da, oraindik ezin da jakin.

Macronek, bozak irabaziz gero, autonomia emango dio Korsikari, zuen ustez?

Ezin dut hitz egin Macronen izenean. Baina, orain, Gerald Darmanin da gobernuko Korsika jauna, eta hura arduratzen da gobernuan korsikarren arazoez. Lehen, figura hori ez zen existitzen. Estatuburu gisa egin zuen atzeneko bisitaldiaren ondoren, pentsatu genuen korsikarren ordezkari politikoekin hitz egiten hasiko zirela. Baina oraindik ezin dugu jakin zer emaitza ekarriko digun. Goizegi da oraindik.

Lehendik ere baditugu zenbait arazo konpontzeko, eta Macron hautagaiak esana du badituela ezin gaindituzko marra gorri batzuk. Espero dugu elkarrizketa politiko bati ekitea Macronekin, eta Korsikarentzako konponbide politiko bat saiatzea.

Irakasle zaren aldetik, gazteak gurasoak baino nazionalistagoak al dira?

Galdera ona. Hauteskunde emaitzei eta urteotan gizarte zibilean izandako mugimenduei erreparatuz gero, pentsatzekoa da gazte gehienek xede nazionalistak dituztela. Esan ere egingo nuke nazionalista hitza emantzipaziorako borrokaren sinbolotzat hartzen dutela, baina sekula ez mugimendu baztertzaile eta itxitzat, hertsitzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.