Yvan Colonna Korsikako presoa zendu da. Hala jakinarazi dute Frantziako zenbait hedabidek, eta BERRIAri ere baieztatu diote iturri batek baino gehiagok. Colonnaren abokatuak ere baieztatu du albistea.
En accord avec la famille, @sylvaincormier@StellaCanava et moi confirmons le décès d’Yvan Colonna survenu ce soir.
— Mercinier&Pantalacci (@Mercinier) March 21, 2022
L’heure est au recueillement.
Ch’ellu riposi in pace.
Orain dela hiru aste jipoia eman zion beste preso batek eta oso larri eraman zuten Marseilleko ospitalera. Garun heriotzean egon da orain arte. Presoaren kontrako erasoak tentsio handiak sortu ditu Mediterraneoko irlan eta Frantziako Estatuaren erantzukizuna salatzeko protestak antolatu dituzte azken egunetan. Istilu larriak gertatu dira.
2003tik zegoen preso Colonna, 1998an Claude Erignac prefeta hiltzea leporatuta, eta bereziki zaindutako presoen DPS estatusa zeukan. Iaztik baldintzapean aske gelditzeko aukera zuen. BERRIA Colonnaren abokatu Stella Canavarekin mintzatu zen iaz, eta hark adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «politikoak» direla.
Martxoaren 13an 15.000 pertsonak mobilizazioa egin zuten Bastian (Korsika) Frantziako Estatua hiltzailea lelopean. Alderdi autonomistek, independentistek eta ikasle mugimenduek bat egin dute deialdiarekin. Frantziako Estatuaren eraikin bati baino gehiagori eraso zioten manifestazio bukaeran lehertu ziren istiluetan.
Lehengo astean Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa Korsikara joan zen, egoera baretu eta alderdi politikoetako ordezkariekin negoziatzera. Paris irlaren autonomiaz mintzatzeko prest dagoela adierazi zuen, besteak beste.