Yvan Colonna korsikar presoa oso larri dago, espetxeko patioan beste preso batek jipoitu ostean. Arlesko kartzelan (Okzitania) bizi guztiko espetxe zigorra ari da betetzen Claude Erignac prefetaren hilketagatik (1998), eta hiri horretako ospitalean dago oraintxe.
Le Parisien egunkariaren arabera, arnasgailu bat jarri diote, eta presoaren abokatuek Twitter sare sozialean esan dute Colonna ez dela hil, hedabide batzuek informazio hori zabaldu duten arren. Oraindik ez dute argitu presoa zergatik jipoitu duten; erasotzailea «muturreko islamismoagatik» zigortu zuten.
@sylvaincormier @stellacanava et moi démentons le décès d’Yvan Colonna, sur la base des informations que nous a données à l’instant l’administration pénitentiaire. Yvan Colonna est en réanimation. Pensemu à ellu è a i soi.
— Mercinier&Pantalacci (@Mercinier) March 2, 2022
#@afpfr@le_Parisien@20Minutes
Frantziako Poliziak lau urte behar izan zituen militante nazionalista aurkitu eta atxilo hartzeko, 1999tik 2003ra. Frantzian bilatu zuten, Europara edo beste kontinente batera ihes egin izanaren aukera ikertu zuten, baina Colonna ez zen inoiz atera Mediterraneoko uharte horretatik.
Presoak DPS bereziki zainduriko estatusa du, eta, berez, iaz utz zezaketen baldintzapean aske, baina oraingoz ez diote aukera hori eman. BERRIA Colonnaren abokatu Stella Canavarekin mintzatu zen iaz, eta hark adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «politikoak» direla.
Sortuk agiri bat plazaratu du Yvan Colonnak jasandako erasoa «gogor» salatzeko. Oharrean gogoratu dute Colonnak DPS edo zaintza bereziko presoaren estatutua izateagatik urratu dizkiotela eskubideak; besteak beste, kondena Korsikan betetzeko aukera. Sortuk elkartasuna adierazi die Colonnaren «senide eta lagunei zein Korsikako askapen mugimenduari».