Bi hilabete daramatza kartzelan Hego Koreako presidente Yoon Suk-yeolek, iazko abenduan gerra legea hainbat ordurako ezarri ondoren matxinada baten buru izatea egotzita. Gaur, ordea, hura aske uzteko agindu du Seul Erdialdeko Barrutiko Auzitegiak, argudiatuta haren atxiloaldia legeak zehaztutakoa baino gehiago luzatu dela, eta «irregulartasunak» izan zirela prozesu horretan. Yoonen abokatuek haren atxiloaldia luzatzearen aurkako helegite bat jarri zuten otsailean, eta horren harira hartu du erabakia auzitegi horrek.
Goi Kargudunen Ustelkeriak Ikertzeko Batzordea eta fiskaltza ari dira Yoon ikertzen. Yonhap herrialdeko albiste agentziaren arabera, Seulgo auzitegi horrek zalantzan jarri du bi entitate horiek aurrera eramandako prozesua legezkoa ote den, argudiatuta bi entitate independente izanik ez dutela eskumenik atxiloaldiak luzatzeko.
Gaur zabaldutako ohar batean, batzorde horrek ukatu egin du ikerketan zein agindutako atxiloketan «irregulartasunak» egon izana, eta Seulgo auzitegi horri eskatu dio «xehetasunei» erreparatzeko. Yoon kartzelatik atera baino lehen, auzitegi horren aginduaren aurkako helegite bat jartzeko aukera du fiskaltzak, eta horixe egiteko eskatu dio oposizioak, komunikatu baten bidez.
Yoon urtarrilaren 15ean atxilotu zuten, zenbait saiakeraren ondoren. Hego Koreako presidenteak hiru aldiz egin zion uko gertatutakoa ikertzeko galdeketetan parte hartzeari, eta, besteak beste, horregatik onartu zuten hura atxilotzeko agindua, abenduaren 31n. Urtarrilaren 3an saiatu ziren aurrenekoz Yoon atxilotzen, baina haren jarraitzaileek eta segurtasun zerbitzuek eragotzi egin zuten.
Hego Koreako legearen arabera, presidenteari ezin zaio deliturik egotzi, matxinada kasuan izan ezik, eta horixe leporatzen diote Yooni. Kasu horretan, hil arteko espetxealdia edo heriotza zigorra aurreikusten du legeak. Halere, zigor auzibide hori ez ezik, Yoonek politika arloko beste auzibide bat ere irekita du Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalean, eta horren ebazpenaren zain dago.
Herrialdeko hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz jakinarazi dutenez, espero da ebazpen hori datozen asteetan edo egunetan iristea, eta Yoonen kargugabetzea indarrean sartuko ote den zehaztuko du. Hego Koreako Asanblea Nazionalak abenduaren 14an kendu zuen kargutik, zentsura mozio baten bidez, baina kargugabetze hori Auzitegi Konstituzionalak berretsi behar du, eta ekainaren 11ra arteko epea du horretarako. Yoon behin betiko kargugabetuko balute, presidentetzarako bozak egin beharko lituzkete ebazpen hori eman eta 60 egunera.
Yoonen aldekoen exijentzia
Hego Koreako presidentearen defentsak hura «berehala» aske uzteko exijitu du, eta, gaur kaleratutako komunikatu baten bidez, eskatu dio fiskaltzari ez dezala haren irteera atzeratu. Are, fiskaltzari gogorarazi dio herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak debekatu egiten duela atxilotuak askatzeko aginduak bertan behera uztea.
Yoonen bulegoak ere pozik hartu du erabakia, iritzita «zuzendu» egiten duela Goi Kargudunen Ustelkeriak Ikertzeko Batzordeak egindako «legez kanpoko ikerketa». Ohar baten bidez, nabarmendu du espero duela presidenteak «ahalik eta lasterrena» ekin ahal izatea berriz bere ohiko jardunei. Halaber, Yoonen ehunka jarraitzailek elkarretaratzea egin dute gaur, haren etxe atarian.
Hego koreako armadak bertan behera utzi ditu hainbat entrenamendu militar
Hego Koreako armadak bertan behera utzi ditu aireko entrenamendu militar guztiak, eta ez du zehaztu noiz arte; baita su armekin egitekoak zirenak ere. Hala jakinarazi du gaur Hego Koreako armadak. Atzo entrenamendu militar bat egiten ari zirela «konturatu gabe» zibilen eremu batean zortzi bonba jaurti ondoren hartu dute erabakia. Herrialdeko Poliziak emandako azken datuen arabera, gutxienez 30 dira eraso horretan zauritutakoak, eta bi larri daude.