Sumarrek ez zituen lortu espero zituen emaitzak atzoko hauteskundeetan: hiru ordezkari erdietsi zituen. Emaitzek ondorioak izan dituzte: Yolanda Diazek iragarri berri du dimisioa emango duela eta Sumarren koordinatzaile orokorra izateari utziko diola. Diaz martxotik zen Sumarren buru.
Dena den, beste karguak ez ditu lagako: Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministro izaten jarraituko du.
Diazek online egin du albistea emateko agerraldia, galderarik egiteko aukerarik gabe. Ziurtatu du emaitzak ikusita «ardurak» hartu dituela: «Herritarrek ez dute hanka sartzen botoa ematen dutenean, ezta botoa ez ematea erabakitzen badute ere. Beti da gure erantzukizuna. Eta, kasu honetan, zalantzarik gabe, nire ardura da».
Halaber, eztabaidari bide eman nahi dio, haren hitzetan. Izan ere, uste du eztabaida kolektibo baten beharra dagoela Sumarren nahiz «talde aliatuetan», eta bere dimisioak horretarako atea zabaltzen duela.
Ordezkoa, bi aste barru
Orain, ikusteko dago nork hartuko duen Diazek utzitako postua. Alderdiaren estatutuen arabera, koordinatzaile orokor batek dimisioa emandakoan, talde koordinatzaileak beste bat aukeratu beharko du, gehiengo soilaren bidez. Horretarako bilera astebete edo bi aste barru egingo dute.