Azken urteetan Thailandian aginteari lotuta egon diren ehun bat zibil deitu ditu armadak, eta atxilotu egin ditu, "gehienez ere astenbeterako". Atxilotuen artean dago Yingluck Shinawatra lehen ministro ohia, maiatzaren 7an Auzitegi Konstituzionalak kargugabetua. Pheu Thai alderdiaren agintaldia amaitu, eta Yinglucken koinatua eta ahizpa ere atxilotu dituzte militarrek: Somchai Wongsabat, 2008an lehen ministro izana, eta Yaowapa Shinawara.
Niwatthamrong Bonsongphaisanek, estatu kolpea eman zutenean behin-behineko lehen ministro zenak, armadaren kuarteleta agertu behar izan du, eta baita Thaksim Shinawatraren aholkulari Noppdon Pattama ere. 2006ko estatu kolpean kargugabetu zuten Thaksim lehen ministroa, eta ordutik krisia bizi du Thailandiak.
Chan-ocha jeneralak thailandiarren hobe beharrez "sakrifikatu" egin behar duela esan du, "nazio interesak" babesteko, eta lehen ministro izendatu du bere burua.