protestak herrialde arabiarretan

Yemengo presidentea arin zauritu dute

Hainbat gobernukide zauritu dituzte, eta legebiltzarreko burua eta Sanako gobernadorea larri daude. Hamar leherketa baino gehiago izan dira Sana hiriburuko auzo batean. Ali Abdala Sale presidentea agerraldia egitekoa da.

2011ko ekainaren 3a
17:31
Entzun

Ali Abdala Sale Yemengo presidentea arin zauritu dute gaur Sanan, leherketa batzuetan. Ali Mohamed Muyawar lehen ministroa, Abdelaziz Abdelgani legebiltzarreko burua eta Rashad al Alemi Atzerri ministrorde lehenengoa ere arin zauritu dituzte erasoan. Yehia al Rai legebiltzarreko burua eta Neeman Duid Sanako gobernadorea, berriz, larri daude, eta ospitalera eraman dituzte. Bost soldadu hil dira.

Hamar leherketa baino gehiago izan dira Yemengo hiriburuaren hegoaldean, Hedda auzoan. Poliziak eta ekintzaile batzuk tiroka ari dira orain.

Defentsa Ministerioak Saleq al Ahmar buru den oposizioko hashed tribuko jarraitzaileei egotzi die gaurko erasoa.

Urtarrilean Sale presidentearen erregimenaren aurkako protestak hasi zituzten. Sale bera agerraldia egitekoa da, iturri ofizialek esan dutenez.

Milaka lagunek utzi dute hiriburua, gatazkatik ihesi

Milaka lagunek Sana hiriburua utzi dute azkenaldian, hadish tribuko milizianoen eta Sale presidentearen aldeko indarren arteko borroketatik ihesi, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Asteazken arratsean gutxienez zazpi soldadu eta sei miliziano hil ziren tiroketetan, medikuen iturrien arabera. Sanako aireportua hainbat orduz itxita egon zen borrokengatik atzo.

Gatazka anitz gogortu da azken egunetan, eta bide beretik segituko duela dirudi, hadish tribuko ehunka milizianok Sanara ailegatu nahi baitute kideei laguntzeko. Taizen ere (hegoaldean) istiluak izan dira. Armadak tiroka sakabanatu ditu protestak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.