Meritxell Relaño. Unicefeko Yemengo ordezkari nagusia

«Yemenen, ume batzuk kalaxnikova eskuan ikusten dituzu»

Yemengo gerrak hiru urte luze egin ditu, eta Relañok azaldu du egoera «okerragoa» dela egunetik egunera: «Giza hondamendia itzela da; gosete baten atarian gaude, eta zibilen egunerokoa ezin da hitzez azaldu».

YAHYA ARHAB / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Meritxell Relañok (Durango, Bizkaia, 1972) Sana hiriburura itzuli berritan hitz egin du BERRIA-rekin. «Dahlanen gertatutakoa nire begiekin ikusi nahi nuen». Yemen ipar-mendebaldeko hirian izan da, huthien gotorlekuan, aurreko astean hiriko merkatua gurutzatzen ari ziren hiru autobus bonbardatu zituzten lekuan. «Sarraski bat izan zen, eta zirrara handia eragin du herrialdean». Relaño Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko Yemengo ordezkari nagusia da, eta hiru urte egingo ditu aurki herrialdean; gerra hasi eta zazpi hilabetera iritsi zen. Aurretik, Kolonbian, Panaman, Mozambiken, Gambian, Djibutin eta Ekialdeko Timorren egondakoa da. Soziologia eta Zientzia Politikoak ikasi zituen, baina giza gatazken alorrean aritu da beti lanean. «Nire pasioa da».

Saudi Arabiak zuzentzen duen nazioarteko koalizioak bonbardaketa egin zuen lekuan izan zara. Nolakoa da egoera?

Atzo [herenegun] itzuli nintzen Dahlanetik. Egiaztatu ahal izan dugunez, 33 haur hil zituzten, eta 46 zauritu, baina tokiko agintariek esan digute 37 ume lurperatu dituztela. Identifikatu gabeko haurrak daude oraindik, gorputegian gorpuzki ugari baitago. Ospitalean ere izan ginen, haur zaurituak ikusten, eta sei oso larri daude; horietako bi ez dut uste oraindik bizirik daudenik. Egoera zaila da. Erasoak zirrara handia eragin du herrialdean. Yemenen 2015eko martxoan gerra hasi zenetik izandako haurren kontrako erasorik handiena izan da.

Gerrak Hiru urte luze ditu. Nolakoa da egunerokoa?

Itzela. Egunetik egunera okerragoa da. Yemengoa inoiz ez bezalako giza hondamendia da; gosete baten atarian gaude, eta zibilen egunerokoa ezin da hitzez azaldu. 2015etik, 2.500 haur hil dira, eta beste 3.600 zauritu. Egunerokoa latza da. Gosea, beherakoa, pneumonia... Erraz saihestu zitezkeen gaixotasunen ondorioz hiltzen dira haurrak. 1,8 milioi haurrek dute malnutrizioa, eta 400.000 haurrek malnutrizio larria.

Eta gerraren ondorio psikologikoak ere itzelak dira, ezta?

Arreta berezia jarri nahiko nuke horretan. Ondorioak latzak dira. Frontean izan diren haurrekin egiten dugu lan. Yemenen ia 3.000 haur soldadu daude. Gutxi hitz egiten da horretaz, baina kaleetan eskuetan kalaxnikovak dituzten haurrak ikusten dituzu. 10, 11, eta 12 urteko haurrak dira, begirada guztiz galduta dutenak, etorkizunik ez dutenak. Zauri oso sakonak dituzte. Dirua irabazteko modu bakarra dute. Askotan, aita lanik gabe geratu da, eta seme zaharrena joaten da gerrara.

Eskolara ere ez dira joaten.

Hezkuntza ere oso larri dago. Irakasleek ez dute soldatarik jaso 2016ko urritik. Iparraldea kontrolatzen duten agintariek ez dute baliabiderik jartzen hezkuntzan, eta eskola asko itxita daude. Tarteka, irakasleak euren kabuz doaz eskola ematera, eta bizpahiru orduz aritzen dira, baina oro har hirugarren ikasturtea dute eskolarik gabe. Belaunaldi galdu bat da. Haur asko daude ezin direnak eskolara joan, kalean jolastu, modu egokian jan... Beldurrez bizi dira, bonba bat noiz eroriko, tiroketa bat noiz ikusiko.

Nolakoa da zibilen bizimodua?

Oso zaila da. Ia zortzi milioi eta erdi pertsonak behar dute nazioarteko giza laguntza egunean behin jan ahal izateko. Deus ere ez daukate, eta laguntza horren menpe daude. Beste hamar milioi lagun daude ez dakitenak noiz egin ahal izango duten hurrengo otordua. Prezioak asko garestitu dira; rial yemendarrak balioa galdu du. Duela hiru urte, dolarra 250 rialetan zegoen, eta gaur egun ia bikoitzean dago, 500 rialetan. Langabezia, berriz, oso altua da. Irakasleak pobrezian bizi dira; lehen ez zuten asko irabazten, baina orain plastikozko botilak jasotzen aritzen dira, birziklatu eta saltzeko, horrela etxera janaria eraman ahal izateko. Familiek ez dakite nola iraun. Zeuzkaten gauza eskasak saldu egin dituzte; altzairuak, animaliak, eta ordaindu ezin dituzten maileguak eskatu dituzte. Benetan dramatikoa da. Herrialdea pobrea zen berez, baina gerrak are pobreago egin du. Yemen guztiz higatuta dago. Herritarren erdiek ez dute urik, ez dute osasun arretarik, eta baliteke hirugarren kolera epidemia zabaltzea.

Irtenbiderik ikusten al diozu gerrari?

Zaila da. Batzuen eta besteen jarrerak oso muturrean daude. Irailaren 6an, bake elkarrizketarako deia egin dute Genevan. Egun hori iritsi artean, hildako gehiago egongo dira, aldeek jarrerak sendotu nahi baitituzte negoziazioei begira. Azken egunotan borroka gogorrak izan dira Hudaidan, Xibamen eta Ta'izzen, eta hildakoen eta zaurituen kopuruak gora egingo du egun hori iritsi arte. Espero dugu aldeek gatazka behingoz amaiarazteko adinako maila izatea. Yemen zulo beltz batean dago, putzu sakon batean, eta zaila izango da hortik ateratzea gerra amaitzen bada ere. Herrialde handia da—30 milioi lagun bizi dira—, eta hondatuta dago erabat.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak bonbardaketaren inguruko nazioarteko ikerketa independente bat eskatu du. Segurtasun Kontseiluak, baina, baztertu egin du. Zertarako ditugu nazioarteko erakundeak?

Ezin dizut zabal erantzun. Unicef NBEren parte da. Baina egia da erabakiak ulertzen zailak direla. Segurtasun Kontseiluan ordezkatuta dauden herrialdeek botere handia daukate, eta betoa baliatzen dute.

Mendebaldeko herrialdeek armak saltzen dizkiote Saudi Arabiari. Espainiak iaz haren aliatuei saldutako armek 361 milioi euroko balioa dute guztira. Ez al da hipokrisia gero bonbardaketak salatzea?

Nahiko nuke Saudi Arabiarekin harreman zuzena duten herrialdeek bakea sustatzea, eta ez gerra. Eta hor utziko dut.

Espainiako Gobernuak esan du armen salmenten baldintzak berraztertuko dituela. Zer diozu horren inguruan?

Ez dut baloraziorik egin nahi, baina nahiko nuke herrialdeek ahalegina egitea gerra honetan aurrez aurre dauden bi aldeek negozia dezaten. Bakea behar dugu. Yemen odolusten ari da.

Nazioartean isilarazitako beste gatazka bat da Yemengoa. Bonbardaketa izan eta astebetera ahaztu egin gara.

Bai, hala da. Ostiralean, erasoa gertatu eta biharamunean, hogeitik gora elkarrizketa eman nituen, eta larunbatetik aurrera bakar bat ere ez. Izugarria da. Badirudi horrelako sarraskiek 24 ordutan bakarrik lortzen dutela arreta, nahiz eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria izan, masakre onartezin bat.

Durangon jaioa zara. Hiri hori ere bonbardatu egin zuten. Badirudi gizakiok ez dugula ikasten.

Bai. Asko pentsatu dut horren inguruan, eta oso barrutik sentitzen dut. Gernika Gogoratuz taldean egin nuen lan, eta, durangarra naizen aldetik, askotan datozkit gogora bonbardaketa haren biktimak. Inoiz ez nuen pentsatu hegazkinak zure gainetik pasatzen diren gerra batean egongo nintzenik, non jakin dakizun bonbardatzera doazela. Aire espazioa itxita dago hemen, eta, hegazkin bat pasatzen denean, badakizu bonba bat botatzera doala. Asko akordatzen naiz Durangorekin eta Gernikarekin. Bonbardaketa, gerra, gerraren ondorengoa, gosea, pobrezia... Asko irakurri nuen hartaz, eta orain hemen ikusten ari naiz. Dramatikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.