Hamar urte yazidien aurkako 74. genozidioa hasi zenetik

2014ko abuztuaren 3an hasi zen yazidien aurkako 74. genozidioa, EIk burututa. 400.000 inguruk ihes egin zuten, baina askok ezin izan zuten, eta hil edo preso hartu zituzten.

Kurdu yazidien herri bat, EIren erasoen ostean. HAWRE KHALID
Kurdu yazidien herri bat, EIren erasoen ostean. HAWRE KHALID
2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Kurdu yazidiak Sinjarren bizi dira, Iraken, Niniveko probintzian, Iraken menpeko Kurdistango eskualde autonomoan. Denboraren joanean, hamaika genozidio —ferman esaten diote haiek— eta sarraski egin dizkiete. 2014ko abuztuaren 3an, haien kontrako 74. genozidioa hasi zen.

Ordura arte, milaka pexmergak eta asayixek —Masud Barzaniren KPD Kurdistango Alderdi Demokratikoaren segurtasun indarrak dira asayixak— beren kontrolpean zeukaten Sinjar, baina, Estatu Islamikoaren mertzenarioak hiri atarian azaldu zirenean, ihes egin zuten bala bakar bat ere jaurti gabe.

Genozidioa hasi baino lehentxeago, KDPren indarrek yazidien arma guztiak konfiskatu zituzten, eta atxilo hartu zituzten HPG Herria Defendatzeko Indarretatik eta YJA-Star Emakume Libreen Unitateetatik hara joandako hamabi gerrillaritik hiru, yazidiak salbatzera joanak denak ere, herritarrak ihesean zihoazela.

2014ko abuztuaren 3an, 400.000 yazidi inguru Irakeko Kurdistango auzo eskualdera joan ziren ihesi, eta dozenaka mila Sinjar mendian aterpetu ziren. Gainerakoak, ihes egin ezin izan zutenak, hil egin zituzten, edo preso hartu, eta askotariko indarkeria izugarriak sufriarazi zizkieten: esklabo hartu zituzten, lan behartuak egitera behartu, errekrutatu, torturatu eta bortxatu.

EI Estatu Islamikoak fedegabetzat zeuzkan yazidiak, eta gizonei aukera bakarra eman zien: konbertitu ala hil. Emakumeak, berriz, harrapatu, gehien ordaintzen zuenari saldu, sexu esklabotzat hartu, eta konbertitzera behartzen zituzten.

6.000 emakume eta haur baino gehiago harrapatu zituen EIk, eta ia 2.800 desagertuta daude oraindik. Sexu indarkeria gerrako arma gisa erabili zuen EIk, eta bere eskuliburuetan kodifikatu ere bai, emakume yazidiekin nola trafikatu zehazteaz gainera. Izan ere, EIk uste zuen emakumeak bortxatzeak barrutik suntsituko zuela komunitatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.