Yannick Jadot izango da Frantziako ekologisten presidentegaia 2022an

Eurodiputatua alde txikiaz gailendu zaio primarioen bigarren itzulian Sandrine Rousseau ekonomialariari, botoen %51,03 bilduta

Yannick Jadot ekologisten presidentegaia, artxiboko irudi batean. C. P. T. / EFE.
ander perez zala
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Frantzian datorren urtean egitekoak diren presidentetzarako bozetarako, ekologistek «moderazioa» eta «batasunaren eta gobernuko ekologia» aukeratu dute. Hori izan baita Yannick Jadot eurodiputatuak primarioetan defendatu duen mezua, eta alde txikiaz berriz ere garaipena lortzeko modua eman diona, Sandrine Rousseau ekonomialariaren aldean. Barne prozesuaren bigarren itzuliko emaitza kanpainaren ziurgabetasunaren erakusle izan da, Jadot ozta-ozta gailendu baitzaio Rousseauri, botoen %51,03 bilduta; hala, oraingoan bai, datorren apirileko lehian egoteko asmoa defendatu du berdeen presidentegaiak.

«Familia handi eta elkartu bat gara [2022ko] kanpaina hau irabazteko. Gaur gauetik hasita, batasun askoz ere zabalago bat eraikiko dugu», adierazi zuen atzo Jadotek emaitzak jakin eta berehala. Eurodiputatuak bigarrenez jarraian irabazi ditu ekologisten primarioak —2016koetan babesen %54,35 jaso zituen—, baina 2017ko hauteskundeetan ez zen aurkeztu, lehiatik ateratzea erabaki baitzuen Benoit Hamon PS Alderdi Sozialistaren hautagaia babesteko. Datorren urterako, berriz, hainbatetan adierazi du ez duela erabaki bera hartuko, eta Eliseorako lasterketan izango den presidentegaietako bat izango dela.

Primarioen bigarren itzuliko emaitza estuek agerian utzi dute ekologismoari buruzko bi ikuspegiren arteko lehia gogor bat izan dutela, Rousseauk «erradikaltasuna» eta «produkzio ereduak eraldatzeko eta kontsumoaren gizartetik ateratzeko» mezua ordezkatzen baitzuen «ekofeminismotik».

Alde horretatik, Jadotena profil «pragmatikoagoa» da, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearekiko gertuagoa; horren erakusle, zenbait hedabidek jada adierazi dutela Macronek ekologisten presidentegaia nahiko lukeela hurrengo gobernuan. Edonola ere, jarraitzaileen gehiengoak esperientziaren alde egin du, Jadot ibilbide luzeko ekintzaile eta politikaria baita: Greenpeacen kanpainaburu izandakoa da, eta 2009tik da eurodiputatua.

Hain justu, hura zerrendaburu zuela, EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiak bere inoizko emaitzarik onena lortu zuen 2019ko Europako Parlamenturako bozetan, botoen %13,48 eta bederatzi aulki eskuratuta. Jadot arrakasta horretatik tiraka aritu da urteotan, uste baitu presidentetzarako bozetarako garaipena ekologismoaren inguruan egin beharko dela; egun, inkestek batez beste %8-9 arteko babesa aurreikusten diote, eta, hortaz, lan asko luke egiteko 2022an garaipena eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.