Frantziako politika boxeo borroka bat izango balitz, Emmanuel Macron presidenteak irabazi du aurreneko round-a. RN Batasun Nazionalak Europako Parlamenturako hauteskundeetan ukabilkada gogorra eman eta ezkerra NFP Fronte Popular Berrian bildu eta Frantziako Asanblearako hauteskundeetan diputatu gehien eskuratu ostean, macronistek Asanbleako presidentetza eskuratu dute, haien bestelako alderdi gehiago biltzeko gai direla erakutsiz. Yael Braun-Pivet izan da presidentearen alderdiko hautagai eta Asanbleako presidentetza bereganatu duena, 220 boto eskuratuta. Gauzak horrela, Braun-Pivetek 2022tik izan duen kargua berretsi du.
Kargua hartzean eman duen hitzaldian, Frantzia «hautsita dagoen herrialde» bat dela esan du: «Asanblea hau frantsesen inoizko adierazgarriena da, baina inoiz baino zatituago ere badago». Zatiketa hori dela eta, alderdi denekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du presidenteak.
Garaipena, hala ere, ez da indar erakustaldi bat izan, NFPko hautagai Andre Chassaignek (Frantziako Alderdi Komunistako kidea, eta 2002tik diputatua) 207 boto eskuratu baititu. Are gehiago, Braun-Pivetek aurreko legealdian [2022-2024] 242 boto eskuratu zituen. 577 diputatuak hiru aldiz jo dute botoa ematera hautetsontzi gisa erabiltzen duten txarrora. Izan ere, Asanbleako presidentetzako bozetan, aurreneko bi itzulietan irabazteko gehiengo osoa behar da —gaurkoan ez du inork lortu—, eta hirugarrenean gehiengo soilarekin nahikoa da.
«Asanblea hau frantsesen inoizko adierazgarriena da, baina inoiz baino zatituago ere badago»
YAEL BRAUN-PIVETFrantziako Asanbleako presidentea
Chassaignek Braun-Piveten garaipena gaitzetsi du, hautagai macronistak eskuineko indar gehienen babesa izan baitu, eta akordio hori frantsesen nahien aurka doala iritzi dio buruzagi komunistak: «Naturaren aurkako aliantza batek frantsesen botoa lapurtu du». Galdu arren, NFP osatzen duten indarrek «elkarturik» jarraituko dutela azpimarratu du Chassaignek.
Aurreneko itzulian NFP irten da garaile, 200 boto eskuratuta; hau da, espero zituztenak baino bost gehiago —Ezker Pluraleko hamahiru diputatuek aurretik esana zuten Chassaigneren alde egingo zutela—. Aurreneko bozketa horretan RNko hautagai Sebastien Chenu izan da bigarren, 142 diputaturen babesa lortuta. Hasierako emaitza horiek ezkerreko koalizioa aurrean jarri duen arren, eta ganbera barruan emaitzak entzutean txalo zaparrada gailendu den arren, poztasunak denbora gutxi iraun du. Bigarren bozketaren emaitzak jakin aurretik NFPko diputatu Sandrine Rousseauk ezkortasuna helarazi die kazetariei: «Uste dut RNk Braun-Piveten berrespena erraztuko duela hirugarren itzulian».
«Naturaren aurkako aliantza batek frantsesen botoa lapurtu du»
ANDRE CHASSAIGNENFPren hautagaia asanbleako presidentetzarako
Babes gutxien izan duen hautagaia LIOT alderdiko Charles de Courson izan da: hemezortzi boto izan ditu. Hala ere, De Coursonek aurrera egitea erabaki du. Izan ere, presidentetzara aurkeztutako sei hautagaietatik bik soilik eman dute amore beren hautagaitzei dagokienez: Horizonseko Naima Moutchouk —38 boto— eta Errepublikanoakeko Philippe Juvinek —48 boto—. Bi hautagai horien botoak, inork botoa aldatzea erabaki ez badu —bozketa ezkutua da, beraz, ezin da jakin nork eman dion botoa nori—, hautagai macronistak bereganatu ditu.
Macronisten gorako bidea
Bigarren itzulian, 210 boto eskuratu ditu Braun-Pivetek, NFPko hautagaia aurreratuta. Chassaignek 202 eta Chenuk 143. De Courson, bestalde, 12 botora igaro da, eta hautagaitza bertan behar utzi du. Hirugarren itzulian botoa eman bezain laster Borboi jauregian zeuden kazetariengana joan da, Braun-Pivet berresteak haren ustez zer esango lukeen adieraztera: «Hiritar askori demokraziaren ukazioa etorriko zaie burura, Europako hauteskundeetan zein asanblearakoetan porrot larria izan duen mugimendu politikoa ordezkatzen duelako».
Hirugarren itzulian—eta behin betikoan— Frantziako egungo hiru bloke nagusiak lehiatu dira. Baina, azkenean, Rousseauk iragarritakoa gertatu da: RNren hautagaiak botoetan behera egin du, eta macronistenak, berriz, gora. Hiruren artean, Chenuk lortu du babes gutxien, 141 diputaturen aldeko botoekin.
«Hiritar askori demokraziaren ukazioa etorriko zaie burura, Europako hauteskundeetan zein asanblearakoetan porrot larria izan duen mugimendu politikoa ordezkatzen duelako [Braun-Pivetek]»
CHARLES DE CORSONLIOTeko hautagaia asanbleako presidentetzarako
Diputatuak alfabetikoki eseri dira, eta ez alderdika, baina ez da tentsio momentu handirik egon haien artean; hala ere, txarrora gerturatzeko aurreneko itzulian nolabaiteko zalaparta eragin du Frantzia Intsumisoko zenbait diputaturen jarrerak. Hautetsontziaren alboan RNko diputatu Flavien Termet zegoen, gazteena delako. Ohiturak dio diputatu orok eskua eman behar diotela botoa eman ostean ganberako gazteenari; Frantzia Intsumisokoek, baina, ez diote eskua eman haren ideien aurka daudelako, Antoine Leaument diputatuak azaldu duenez: «Ez diot eskua emango logika kolonialista bat defendatzen duen norbaiti».
Intsumisoen jarrera ez da ezustekoa. Izan ere, NFPko kideek azken egunetan RNri boikot egitera deitu ditu asanbleako beste alderdiak. Hori dela eta, Asanbleako Mahaian —ezustekorik ezean, bihar osatuko dute— RN bertan ez sartzeko blokeoa ahalbidetuko duten akordioak egitera deitu ditu alderdiak azken egunetan. Frantzia Intsumisoak RNren aurka egiten duen legez, RNk ere Frantzia Intsumisoaren aurka egiten du. Horren adibide dira RNko diputatu Julien Odoulenek adierazi dituenak eskua ez ematearen inguruan: «Frantzia Intsumisoaren jarrera onartezin eta gorrotagarria arbuiatzen dut».
Kalean, NFPren alde
Frantziako Asanbleako presidentearen hautaketa ez da soilik Borboi jauregian nabaritu. Parlamentutik at ere harrabotsa eragin du bozketak; izan ere, NFPren hautagaiari babesa adierazi eta beste alderdiei Chassaignen alde egin dezaten eskatzeko mobilizazioa antolatu du CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak. Mobilizazioaren arrazoi nagusia, CGTko idazkari nagusi Sophie Binetek BFM TV kateari adierazi dionaren arabera, NFPren garaipenak aldaketa nahia dagoela azpimarratzea da: «Une erabakigarri batean gaude, eta badakigu tentazioak daudela, bereziki Emmanuel Macronen aldetik, bozketa egin ez balitz bezala jardun eta bere politikekin bat datorren gobernu tekniko bat lortzeko».
Are gehiago, hauteskundeen emaitzek bi mezu utzi dituela iritzi dio Bienetek. Batetik, herritar gehienak eskuin muturraren aurka daudela. Eta, bestetik, Macron «zigortu» dutela frantsesek.