XXI. mendeko gerra hotzaren guda zelaia

Mendebaldeko herrialdeak eta Txina, bakoitza bere aldetik, mineralez josita dauden eskualdeak kostaldearekin hobeto lotzeko proiektuak bultzatzen ari dira, mendebaldera begira batzuk, ekialdera besteak.

Emakume bat bizkarrean bere umea duela, Benguela trenbidearen alboan, Angolan. KIM LUDBROOK / EFE
Emakume bat, bizkarrean umea duela, Benguela trenbidearen alboan, Angolan. KIM LUDBROOK / EFE
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Kobrezko gerrikoa deitzen zaio Kongoko Errepublika Demokratikoaren, Angolaren eta Zambiaren artean dagoen eremuari. Kobre eta kobalto lurretan aberatsa da, eta hango jarduera nagusia meatzaritza da. Hain garrantzitsua da meatzaritza han, non Copperbelt izena duen Zambiako probintzia batek —kobrezko gerrikoa—. Afrikako eskualde hori Europako herrialdeen artean kolonizatua zutenean, mineral horien erreserba handiez jabetu ziren metropolietan, eta Europako industria indartsua hornitzeko erauzten hasi ziren enpresak. Arazo handi bat zuten enpresek, mineralak garraiatzeko zailtasun handia baitzuten. Hala, Benguelako trenbidea eraikitzen hasi ziren XIX. mendearen amaieran.

Kongoko meatze eskualdeak Lobitoko portuarekin (Angola) lotzen zituen trenbideak, baina Angolako Gerra Zibilaren ondorioz suntsituta geratu zen. Europarrek eraiki zutena, baina, Txinako enpresek berritu dute. Izan ere, Txina goiz konturatu zen Kongon ugaria den kobaltoa berebizikoa izango zela mende honetako industrian, bateria modernoenetako osagai funtsezkoa baita. Hala, trenbidea berreraikitzeaz gain, Kongoko meatze gehienen kontrola ere hartu du, eta hornidura bermatu. Horrek lagundu dio munduko kobalto kontsumitzaile handiena izaten, baita munduko bateria ekoizle handiena ere.

30

Trenbidea kudeatzeko lizitazioaren epea. Txinako enpresek konpondu ostean, Angolako kostatik meatzaritza probintzietara doan trenbidea 30 urtez kudeatuko dute Iparralde Globaleko hiru enpresak.

Hala eta guztiz ere, Singapurreko enpresa batek, Portugalgo batek eta Belgikako batek osatutako partzuergo batek —Lobito Trenbidea du izena— lortu zuen 2023ko uztailean Angolako kostatik Kongoko mugaraino doan trenbidea 30 urtez kudeatzeko kontzesioa, eta Angolan 455 milioi dolarren eta Kongon 100 milioiren inbertsioak aurreikusi ditu. Bestalde, trenbideak Zambian beste adar bat izateko aukera ere hartu zuten hizpide. Hori gutxi balitz bezala, handik gutxira Bruselak eta Washingtonek adostasunerako memorandum bat sinatu zuten Kongorekin, Angolarekin eta Zambiarekin, Lobito korridorea garatzeko.

Txinaren aukera

Garbi dago, beraz, Mendebaldeko potentziek lehengaien hornidura azkarragoa ziurtatu nahi dutela azpiegitura horiek garatuz. Baina kobaltoak badu beste irteera bat, ekialdean. Izan ere, Kongoko meatze eskualdeetatik gertu dagoen Kapiri-Mposhitik (Zambia) Tanzaniako kostaldera doan trenbide bat ere badago, Tazara bidea, eta Txinak bidea garatzeko 1.000 milioi dolarreko proiektu bat aurkeztu dio trenbidearen agintaritzari.

Txinak berak egin zuen trenbide hori, Mao Zedong presidente zela, 1970 eta 1975 artean, 400 milioi dolarreko kostuarekin, baina eraginkortasuna galdu du, eta trenbideak kobalto eskariaren gorakadari erantzutea nahi du Asiako herrialdeak. Meatzeak baditu jada, eta horiek Txinara garraiatzeko azpiegiturak ere bere gain izan nahi ditu.

Afrikan kolonizazioa amaitu bazen ere, kontinenteko lehengai garrantzitsuenen ustiapena munduko potentzietako enpresen esku dago oraindik, baita azpiegiturak ere. Munduko ekoizpenaren eredua dela eta, potentzien inbertsioen menpeko izaten jarraitzen du Afrikak, kapital inportazioaren menpeko, eta azken urteetan badirudi kontinenteko herrialde askok Txina hautatu dutela bazkide komertzial nagusi gisa; hala, herrialdeek azpiegiturak garatzeko funtsak lortzen dituzte, eta Txinako enpresek, hornidura kateen kontrola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.