Atxiloketa

Xirinacs independentista katalana atxilotu du Espainiako Poliziak, 2002ko hitzaldi batean "terrorismoa goraipatu" zuela-eta

Lluis Maria Xirinacs independentisa katalan ezaguna atxilotu du gaur Espainiako Poliziak, Bartzelonan, Espainiako nortasun agiria berritzera joan denean. 2002ko Diadan, Herrialde Katalanen egun nazionalean, egin zuen hitzaldian "terrorismoa goraipatu" zuela-eta bi urteko espetxe zigorra ezarri zion joan den martxoan Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zehazki, "ETAren eta Batasunaren lagun" zela esan zuen. i

2005eko urriaren 25a
16:22
Entzun
2002ko irailaren 11an, Diada egunean, Herrialde Katalanen independentziaren aldeko ekitaldi batean parte hartu zuen Xirinacsek, eta, besteak beste, terrorismo kontzeptuaren inguruko hainbat gogoeta egin zituen. Ildo horretatik, ETAren borroka ez zuela terrorismotzat hartzen adierazi zuen, eta, gainera, "ETAren eta Batasunaren lagun" zela aldarrikatu zuen.

Adierazpen horiek tarteko, Xiriniacs atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak "terrorismoa goraipatzea" egotzita. Martxoan epaitu zuen epaitegi horrek. Xirinacsek ez zuen parte hartu, baina eskatzen den zigorra bi urtekoa baino txikiagoa denean Espainiako lege prozesalen arabera posible da epaiketa akusatua falta dela egitea. Bi urteko zigorra ezarri zioten.

Kataluniako Vilaweb egunkari digitalak jakinarazi duenez, polizia etxean deklarazio bat eman diote sinatzeko Xirinacsi, baina hark uko egin dio izenpetzeari gazteleraz zegoelako eta katalanez jartzeko eskatu du.

Xirinacsen hurbileko iturriek agertu dute atxilotuaren adin handia (74 urte ditu) eta osasun txarra kontuan hartuta,espero dutela kartzelara gabe libre uztea.

Senadore eta abade ohia

Xirinacs Bartzelonan jaio zen, 1932an. 1955ean abade egin zen. Zertxobait aurrerago Herrialde Katalanen idependentziaren aldeko borrokarekin eta frankismoaren aurkakoarekin guztiz engaiatu zen. Borroka bide baketsuen zale, gose greba eta antzeko ekintza asko egindakoa da. Espainiako Senatuan senadore ere izan zen, frankismo ondorengo aurreneko legegintzaldian, independente gisa aurkeztuta. Jarduera eta jokabide horiek guztiak zirela-eta Eliza Katolikoko hierarkiarekin hainbat liskar izan ondoren, apaiz izateari utzi egin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.