Xiren eta Putinen absentziek indarra kendu diote G20koen goi bilerari

New Delhik esan du «ia prest» duela buruzagien deklarazioa, baina Ukrainari buruzko desadostasunek kolokan jarri dute hori onartzea

Modi Indiako lehen ministroaren irudia, nonahi New Delhin. MIKAELA VIQUEIRA / EFE.
ander perez zala
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
New Delhiko kaleak hutsik zeuden G20koen goi bileraren atarian; «eskaleak, tximuak eta txakurrak», gainera, begien bistatik kendu dituzte, Reuters berri agentziaren arabera. Indiak nahi baitu hitzordu hori arrakastatsua izatea, mundu mailako potentzia bilakatzeko bidean dagoen honetan; eta, kontuan harturik hura dela gaur eta bihar egingo duten bilkuraren antolatzailea, Narendra Modi lehen ministroak aukera ezin hobetzat dauka bere figura ere sendotzeko. Aurtengo bileran, ordea, absentziek pisu handiagoa izan lezakete parte hartzaileen zerrendak baino, Xi Jinping Txinako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa ez baitira Indiako hiriburuan izango egunotan.

Goi bileraren bezperan, atzo, Indiak jakinarazi zuen G20koen deklarazioaren zirriborroa «ia prest» zegoela. Antza, lerro hauek idazterako, herrialdeetako negoziatzaileak zailtasunak izaten ari ziren dokumentu horren inguruan ados jartzeko; batez ere, Ukrainako gerraz dituzten desadostasunengatik —klima larrialdia eta zorrak aipatzeko ere asmoa dute, esaterako—. Horrek agerian utzi du aukera handiak daudela aurtengo hitzorduan ere deklarazio komunik ez egoteko; eta Xi eta Putin New Delhin izango ez direnez, baliteke Mendebaldearen ikuspuntuak izatea protagonismorik handiena.

Baina zertarako itxaron, posible bada goi bilera hasi baino lehen ere hitza hartzea. Hain justu, Indiara iritsi bezain laster bildu ziren atzo AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden eta Modi.

Agerraldiaren ostean, batasun mezua plazaratu zuten bi liderrek: «Lehen ministro Modik eta Biden presidenteak berretsi egiten dute Quad aliantzaren garrantzia, Indo-Pazifiko aske, ireki, inklusibo eta erresiliente baten alde». Australiak, Japoniak,AEBek eta Indiak osatzen dute aliantza hori; 2007an sortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.