Gerra Ukrainan

Xik adierazi dio Putini «antzeko helburuak» dituztela

Kremlineko buruak adierazi du Txinak «ikuspegi orekatua» duela «nazioarteko arazoen aurrean». Kieven arabera, Pekinen egitasmoa aurrera eramateko, Moskuk tropak erretiratu behar ditu Ukrainatik

Xi Jinping Txinako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, atzo, Moskun. SERGEI KARPUHIN / EFE.
Igor Susaeta - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Txinako estatuburu Xi Jinping Moskura heldu zen atzo, eta Vladimir Putin Errusiako bere homologoarekin bildu zen. Baikor agertu zen Xi aireportura iritsi berritan: «Uste dut bisita hau emankorra izango dela, eta bultzada bat emango diela gaur egun egonkorrak eta osasuntsuak diren Txinaren eta Errusiaren arteko harremanei». Eta areago joan zen: Kremlineko buruarekin bilera informal bat egin zuen, eta adierazi zion Txinak eta Errusiak «helburu berak edo antzekoak» dituztela. Bihar arte egongo da Xi Errusian, eta, besteak beste, Ukrainako gatazkaz eta harreman ekonomikoez mintzatuko da hango agintariekin, Kremlinek zehaztu duenez. Gaur agerraldi bateratua egitekoak dira bi estatuburuak. Aliatu estrategikoak dira bi herrialdeak.

Bisita horretako bien arteko lehen bilera hasi aurretik, Putinek esan zuen Kremlinek «tentuz» aztertu duela Ukrainako auzia konponbidean jartzeko Txinak planteatutako egitasmoa. «Txinak beti ikuspegi orekatua eta justua edukitzen du premiazkoak diren nazioarteko arazoen inguruan». Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko egitasmo bat plazaratu zuen Pekinek otsail amaieran, eta, auziari irtenbide bat emateko, «bake elkarrizketak» sustatu nahi ditu eta «rol eraikitzaile bat» jokatzeko asmoa du. Hori jaso zuen hamabi puntuko dokumentu batean; eta, hasteko, su eten bat eskatu zien bi aldeei.

Hain zuzen, Errusiako egunkari batean atzo argitaratutako artikulu batean, Xik zehaztu zuen Ukrainako gerrari irtenbide bat aurkitzeko aurkeztutako egitasmoan jasotzen dela Txinaren munduko ikuspegia, eta proposamen horrek berak balio beharko lukeela krisitik irten ahal izateko, nahiz eta aitortu duen ez dela erraza izango. «Arazo konplexuek ez dute irtenbide errazik», nabarmendu zuen estatuburuak. Xiren arabera, «jarrera inpartziala eta objektiboa du» Txinak. Iazko otsailetik, Errusiak inbasioa hasi zuenetik, Pekinek adierazi izan du herrialde guztien subiranotasuna bezala aintzat hartu behar direla estatu guztien «segurtasun kezka zilegiak». NBE Nazio Batuen Erakundearen batzarretan Errusiaren jokabidea gaitzesteko testuak onartzeko bozketetan abstenitu egin izan da Txina, eta, gainera, ez dio zigor ekonomikorik jarri Moskuri.

Ukrainako Gobernuak espero du Txinak Errusiarengan duen «eragina» baliatzea, gerra amaitzeko. Hala mintzatu zen Oleg Nikolenko Atzerri Ministerioko bozeramailea, ohar batean. Halere, Olekssi Danilov Defentsa eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko idazkariak idatzi zuen, Twitterren, Txinaren egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, Errusiak aurrena tropak erretiratu beharko lituzkeela Ukrainatik.

Putin, Donbassen

EB Europako Batasunak ez du Xiren eta Putinen arteko bileratik «askorik» espero. Hori adierazi zien atzo hedabideei talde komunitarioko funtzionario batek. Azpimarratu zuen, dena dela, Txinaren lidergoarentzat «garrantzitsua» litzatekeela Xik Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari «laguntzea». Txinako estatuburua Ukrainako presidentearekin telefonoz mintzatzekoa da datozen egunetan, aurreko astean haien gertuko iturriak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu zutenez.

Bestalde, 2014an Donbassko gatazka hasi zenetik aurreneko aldiz, Putin hara joan zen herenegun; hain zuzen, Errusiako indarrek iazko udaberrian okupatutako Mariupol hiria bisitatu zuen Kremlineko buruak. Gerrafrontetik hurbil dauden lekuetara joatea saihestu du azkeneko urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.