Wukro, bakartuta eta baliabiderik gabe

Wukroko ospitale nagusiak Euskal Herriko laguntza handia jaso du iraganean, gerrak 24 hilabetez komunikazioak eten zituen arte. Wukro inguruko herriek ez daukate osasun zerbitzurik, eta, ondorioz, gaixo asko etxean hil dira gerrak iraun duen bitartean.

Wukron bizi da Herit Abay. Eritreako armadak suntsitu zuen haren etxea. O. E. J.
Oskar Epelde Juldain.
Mekelle
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Gerrak iraun duen bitartean, laborantza ezinezkoa izan da, eta, gainera, giza laguntza nekez iristen zen nazioartetik. Ospitalean ere sendagaiak falta ziren. Tsehaynesh Gebrehiwoy erizainaren arabera, azken sei hilabeteetan 102 malnutrizio kasu artatu behar izan dituzte. Azkenaldian, sei hilabete baino gutxiagoko umeak ere ari dira iristen: «Amak oso gaixo daudela esan nahi du horrek».

2020ko azaroan, Eritreako armadaren erasoak jasan zituzten Wukron, eta, bonbardaketen ondoren, herrian sartu eta gerra legea ezarri zuten zortzi hilabetez, 2021eko uztailera arte. «Herri honek Tigrayko toki guztietako iheslariak ditu: mendebaldekoak, ipar-mendebaldekoak, hegoaldekoak... Horietatik 5.000 barne-desplazatuentzako kanpamentuan daude, eta beste 12.640 komunitatean bertan bizi dira. Bortxaketetatik bizirik ateratako emakumeak daude bertan, adinekoak eta ezinduak, gurasorik gabe iritsitako haurrak, umezurtzak... Baina ez daukagu guztientzako janaririk, ezta botikarik ere, eta ezin gara inorekin harremanetan jarri», salatu du Gidey Hailuk, Wukroko gobernuko gizarte gaietarako arduradunak. Udalerriak badaki zer behar duten desplazatuek, eta badu zaurgarrienei babesa helarazteko borondatea, baina finantzaketa falta du.

Beste hainbat etxek bezala,ospitale nagusiak ere kalteak jasan zituen bonbardaketetan. Gainera, osasun langileek ez dute soldatarik jaso gatazka hasiz geroztik.

Wukroko ospitalera ere heldu dira sexu indarkeriaren biktimak. Tsehayneshen esanetan, 300 bortxaketa kasu artatu dituzte; gazteenak 8 urte zituen, eta helduenak, 56. «Era anitzetako zauriak zituzten; erredurak, besteak beste. Batzuk euren senideen aurrean bortxatu zituzten; beste batzuk kuarteletara eraman zituzten talde bortxaketak egiteko. Emakume horiek ez dute behar duten tratamendua jaso», gaitzetsi du erizainak, zeinak 30 urteko esperientzia baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.