Mexiko, Kuba eta Florida arreta handiz erreparatzen ari zaizkio Wilma-ren ibilbideari. Milaka eta milaka pertsona etxeetatik aterarazi dituzte herrialde horietan. Mexikoko Cozumel uhartera hurbildu zen atzo gehienbat urakana. Hala ere, urakanaren indarrak eraginda, Kuba mendebaldean eta Floridako labarretan lehenengo euri eta haizeak izan zituzten. Wilma urakana Saffir Simpson eskalako laugarren mailako indarra zuen. Eskalako mailarik handiena bost gradukoa da eta, AEBetako Urakanen Zentro Nazionaleko adituek jakinarazi zutenez, maila hori har zezakeen. Antza denez, Wilma-ren abiadura geldotu egin zen, 7 kilometro orduko abiaduran mugitzen zen urakana. «Mexikorentzat albiste txarra da; zenbat eta geldoago mugitu, orduan eta denbora gehiago jasan beharko dituzte urakanaren ondorioak», adierazi zuen Gladys Rubio Urakanen Zentro Nazionaleko kideak. Era berean, Wilma-k «kalte larriak» egin zitzakeela jakinarazi zuen Mexikoko Meteorologia Zerbitzu Nazionalak. Batez ere, «egitura arazoak eragin ditzake itsasotik hurbilen dauden etxebizitzetan, baita uholdeak eta higadura larriak ere hiru metrotik beherako guneetan».
Herenegun, Vicente Fox Mexikoko presidenteak «biziak babesteko» deia egin zien herritarrei eta salbamendu taldeei. Foxek zin egin zuen Gobernua zein Armada eta Itsas Armadako kideak une oro jendearen ondoan egongo zirela. «Une honetan oso garrantzitsua da gure ahalmen osoa, gure indar guztia bizia salbatzeko eta familia eta seme-alabak babesteko erabiltzea», adierazi zuen. «Aterpetxeetara joatea merezi du, etxetik irten eta gure ondasunak atzean uztea. Guztiok zentzuz jokatzea eta inor ez hiltzea espero dugu». Cozumelen eta Cancunen, kalte gehien izan dezaketen guneetan, argindarra moztu zuten atzo eta olatu handiek hondartzak eta hainbat hotel estali zituzten. Cozumelera iristerako, uhartea ia guztiz hustuta zegoen. Cancunen ere, gune turistikoko 50 hotel hustu zituzten. Normalean bisitariz beterik egoten den guneak basamortua zirudien. Mexikoko Yucatan penintsulan ere eurite indartsuak, haizeteak eta tamaina handiko olatuak utzi zituen urakanak. Iturri ofizialen arabera, gutxienez pertsona bat hil zen Yucatanen eta 21.000 lagunek etxeak eta uztak galdu zituzten euriteek eraginda. Barne Ministerioaren datuen arabera, 6.690 pertsona daude Yucatanen, eraikin ofizialetan babestuta. Iragarpenen arabera, urakana igandera arte izango da Mexikon eta eurite handiak zein itsaskiak eragingo ditu. Ondoren, Kuba mendebalderako bidea hartuko du eta, azkenik, Floridako hego-mendebalderantz abiatuko da. Hala ere, Mexikoko Golkoa zeharkatzen duenean indarra galduko duela iragarri dute.
Kuba eta Florida, larri
Kuba hegoaldeko kostan ere eragina izan du urakanak. Gobernuak 360.000 pertsona baino gehiago aterarazi zituen arrisku handiena izan zezaketen guneetatik, Pinar del Riotik batez ere. Mugiarazitakoen artean mila turista inguru zeuden. Aterpetxeetan eta eraikin ofizialetan bildu zituzten. Wilma-k uholde handiak eragitearen beldur dira agintariak, urtegiak %90ean beteta baitaude. Kostaldean bizi diren 250.000 lagun aterarazteko plana ere abian dago. Milaka lagun ostegunean hasi ziren aterpetxeak bilatzen eta elikagaiak biltzen.
Floridan, «larrialdi egoera» ezarri eta jarduera guztiak eten zituen ostegunean Jeb Bush gobernadoreak eta iganderako espero dute Wilma. AEBetako Urakanen Zentro Nazionalaren arabera, urakanak hirugarren edo laugarren maila badu Floridara iristean, Katrina-k beste kalte eragin ditzake.
URAKANAK
'Wilma'-k kalte larriak eragingo dituela ohartarazi dute adituek
Mexikon eta Kuban milaka eta milaka lagun aterarazi dituzte etxeetatik; zirimola berriz indartzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu