Sri Lanka

Wickremesinghe hautatu dute Sri Lankako presidente

Rajapaksak protesten ondorioz dimisioa eman ostean, gaur egin dute estatuburua aukeratzeko bozketa sekretua. Manifestariek protestekin jarraitzeko asmoa dute.

Polizia parlamentuaren kanpoaldean presidentea aukeratzen zuten bitartean. CHAMILA KARUNARATHNE, EFE
Lide Iraola.
2022ko uztailaren 20a
13:14
Entzun

Ranil Wickremesinghe da Sri Lankako presidente berria, botoen gehiengoa lortu baitu gaur egindako bozketa sekretu batean. Joan den ostiralean, Gotabaya Rajapaksa presidente ohiak kargua utzi zuen, herrialdeko protestak zirela medio. Ordutik, Wickremesinghe behin-behinean izan da estatuburu, eta asteazken honetan erabaki dute agintean mantentzea.

Wickremesinghek 134 boto jaso ditu 225 parlamentarien artean, Sri Lanka Podujana Peramuna (SLPP) alderdiaren zati baten babesarekin. Dullas Alahapperuma hautagaiak, SLPP Rajapaksaren alderdi berekoa zenak, 82 boto lortu ditu. Alderdi horren zati batek eta oposizioko lider Sajith Premadasak Alahapperumaren alde egin zuten. Azkenik, Anura Kumara Dissanayake NPP ezkerreko koalizioko kideak hiru boto eskuratu ditu soilik.

Wickremesinghek «lankidetza» eskatu du

Presidente berriak «lankidetza» eskatu die politikariei, «bereziki Dullasi eta Dissanayakeri», herrialdea krisi ekonomikotik ateratzeko. «Ez dugu banaketetarako denborarik; denekin hitz egiteko prest nago», adierazi du bozketaren emaitzak jakin berritan.

Wickremesinghe 2024ra arte izango da presidente; hain zuzen, orduan amaitzekoa zen Rajapaksaren agintaldia. Rajapaksaren ondorengoak 45 urte daramatza Ganberan, eta bost aldiz izan da lehen ministro. Hilaren 9an hartu zuen kargu hori azken aldiz, Gotabaya Rajapaksaren anaia Mahinda Rajapaksak dimisioa eman zuenean.

Protestei eutsiko diete

Sri Lanka krisi ekonomiko larria sufritzen ari da, 1948an Britainiar Inperiotik independentzia lortu zuenez geroztiko handiena. Hilabete daramate elikagai, medikamentu eta erregai eskasia pairatzen; besteak beste, zorpetze handiak, gobernu politikek eta 2019ko atentatuek eta pandemiak turismoan izandako kalteek eragin dute krisia.

Egoera ikusita, herritarrek protestak egin dituzte martxotik, Gotabaya Rajapaksaren eta Ranil Wickremesingheren dimisioak eskatzeko. Hilaren 9an, manifestariek bi politikarien etxebizitzak hartu zituzten; horren ondorioz, Rajapaksak herrialdetik alde egin zuen, eta dimisioa aurkeztu zuen ostiralean.

Gaur egindako bozketak ez ditu protestak baretu, irabazleak ez baitu herritarren oniritzia jaso. «Herriak ez zuen aukeratu Ranil (Wickremesinghe) parlamentuan egotea: Rajapaksak erabaki zuen hari aukera bat ematea», azaldu du Rifas Mohamed Farook manifestariak, eta jakinarazi du protestekin jarraitzeko asmoa dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.