Ranil Wickremesinghe da Sri Lankako presidente berria, atzo parlamentuan egindako bozketa sekretu batean botoen gehiengoa lortu baitzuen. Joan den ostiralean Gotabaya Rajapaksa presidente ohiak kargua utzi zuen herrialdeko protestak zirela medio. Ordutik, behin-behinean izan da Wickremesinghe estatuburu, eta maiatzaren 12tik lehen ministroa izan da.
Wickremesinghek 134 boto jaso zituen 225 parlamentarien artean, bere alderdiaren babesaz gain Rajapaksaren alderdi ohi SLPP Sri Lanka Herri Frontearen zati batek ere bere alde egin baitzuen. Dullas Alahapperuma hautagaiak, Rajapaksaren alderdikide zenak, 82 boto lortu zituen, eta, azkenik, Anura Kumara Dissanayake ezkerreko parlamentariak hiru boto eskuratu zituen soilik.
«Lankidetza» eskatu zuen
Presidente berriak «lankidetza» eskatu zien politikariei, «bereziki Dullasi eta Dissanayakeri», herrialdea sufritzen ari den krisi ekonomikotik ateratzeko. «Ez dugu banaketetarako denborarik, denekin hitz egiteko prest nago», adierazi zuen bozketaren emaitzak jakin berritan.
Wickremesinghe 2024a arte izango da presidente karguan, hain zuzen, Rajapaksaren agintaldia amaitzekoa zenera arte. Rajapaksaren ondorengoak 45 urte daramatza ordezkari moduan ganberan, eta bost aldiz izan da lehen ministro. Hilaren 12an hartu zuen kargu hori azken aldiz, Gotabayaren anai Mahinda Rajapaksak dimisioa eman zuenean. Horretaz gain, bi aldiz aurkeztu zen presidente izateko, hain justu, 1999an eta 2005ean.
Sri Lanka krisi sozioekonomiko larria sufritzen ari da, 1948an Britainiar Inperiotik independentzia lortu zuenez geroztiko handiena. Duela hiru urte hasi ziren azken krisi hori nabaritzen. 2019an atentatu batean 269 pertsona hil zituzten, eta 400 baino gehiago zauritu; ezbehar horrek eta jarraian etorri zen pandemiak turismoa gelditu zuten, herrialdearentzat diru iturriaren zati handi bat dena.
Zor handiak zituen ordurako, eta Ukrainako gerrak eragindako krisiak inoiz ikusi gabeko inflazioa eta elikagai, medikamentu eta erregai eskasia ekarri zituen herrialdera. Apenas duen erreserbarik nazioartean, eta joan den apirilean kanpo zorraren ordainketa eten zuen.
NDF Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatzeko zain dago Sri Lanka, eta funtseko bozeramaile Gerry Ricek Twitterren adierazi zuen joan den astean krisi instituzionala onbideratua izan zain dagoela, atzera negoziazioei ekiteko. NDFko ordezkariak ekaineko azkeneko astean izan ziren azkenekoz Sri Lankan, eta erreformak egiteko eskatu zioten gobernuari.
Protestek jarraituko dute
Egoera horretan, protestak egin dituzte herritarrek martxotik. Hilaren 9an bi politikarien egoitza ofizialak hartu zituzten manifestariek, eta, horren ondorioz, Rajapaksak herrialdetik alde egin zuen eta joan den ostiralean dimititu. Kontra dituen herritarrek ustelkeria egozten diote Rajapaksari, baita kudeaketa eskasa egitea eta herrialdea porrotera eramatea ere.
Sri Lankan lehen aldia da herri mugimenduek estatuburua kargutik kentzea lortzen dutela. Wickremesinghek ere dimitituko zuela esan zuen presidente ohiarekin batera; baina, jakina denez, ez du bete bere esana.
Atzo egindako bozketak, beraz, ez ditu protestak baretu, irabazleak ez baitu herritarren oniritzia jaso. «Herriak ez zuen aukeratu Ranil [Wickremesinghe] parlamentura sartzeko, Rajapaksak erabaki zuen hari aukera bat ematea», azaldu dio Efe berri agentziari Rifas Mohamed Farook protesten parte hartzaile batek.
Izan ere, presidente berria aurrekoarekiko hurbilegia ikusten dute askok. Rajapaksaren alderdi ohiaren zati batek bozkatu du Wickremesinghe presidente izateko, eta Rajapaksa familia ere bere alde posizionatu da. Manifestariak beldur dira ea agintari berriak familia hori barkatuko duen egotzi dizkioten delituez, eta ez dute uste herri mugimenduak eskatzen duen konstituzio aldaketa beteko duenik. Manifestariek jakinarazi zuten kalean protestan ibiliko direla aurrerantzean ere.
Wickremesinghe hautatu dute Sri Lankako presidente berria izateko
Protesten ondorioz Rajapaksak dimititu ostean, parlamentuak aukeratu du haren ondorengoa. Protestak kalean jarraituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu