Gerra Ukrainan. Wagnerren matxinada

Wagnerrekoen aurkako zigor auzibidea artxibatu du Kremlinek

Lukaxenkok baieztatu du Prigozhin Bielorrusian dagoela. Moskuk esan du mertzenarioak armamentu astuna entregatzeko prest direla. Putinen arabera, «gerra zibil bat» hastear egon dira Errusian

Wagner taldeko kide batzuk Rostov Don hirian (Errusia), larunbatean. ARKADI BUDNITSKYI/ EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Larunbateko matxinadaren harira Wagner taldeko kideen aurka irekitako zigor auzibidea artxibatu egin du Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak. Hala jakinarazi zuen TASS berri agentziak atzo, organo horren ohar bat aipatuz. FSBk egin duen ikerketaren arabera, matxinada delitutzat jo daitezkeen jarduerak eten zituzten mertzenarioek egun horretan bertan, hilaren 24an. Vladimir Putinek herenegun planteatutakoari erantzuten dio erabaki horrek. Izan ere, Errusiako presidenteak hiru aukera proposatu zizkien Jevgeni Prigozhin buru duen talde paramilitarreko kideei: Errusiako armadan integratzea; Bielorrusiara erbesteratzea; edo «familia eta lagunengana» itzultzea.

Wagnerrekoek Rostov Don (Errusia) hiria hartu zuten, eta Moskurantz jo. Hiriburutik 200 bat kilometrora eten zuten martxa, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen bitartekaritza baliatuta Kremlinekin akordio bat egin ondoren. Prigozhinen audio dokumentu bat zabaldu zuten herenegun, eta mertzenarioen buruak horretan esaten du haien asmoa ez zela estatua «eroraraztea», baizik eta «protesta egitea». Errusiako Defentsa Ministerioak agindu du «boluntarioen taldeek» armadan integratu behar dutela larunbata baino lehen, eta Prigozhin ez dago ados erabakiarekin. Iruditzen zaio Sergei Xoigu Defentsa ministroak hautu okerrak egiten dituela eta atxilotua izan beharko lukeela. Putinek berak armadarentzat egindako hitzaldi batean atzo nabarmendu zuenez, «gerra zibil bat» hastear egon zen herrialdean aurreko larunbatean.

Dena den, Wagnerrekoen buruaren esanetan, ekipamendu militarra entregatzeko prest zeuden ostiralean. Baina salatu zuen Errusiako armadak beren posizioak bonbardatu zituela, 30 bat paramilitar hil zirela horren ondorioz, eta horregatik erabaki zutela Moskurako martxa hastea. Hiru egun geroago, atzo, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri zuen, ohar baten bidez, Wagnerrekoak prestatzen ari direla armamentu astuna armadari entregatzeko.

Lukaxenkoren abisua

Eta, atzo arratsaldean, Lukaxenkok baieztatu zuen Prigozhin Bielorrusian dagoela. Hala kaleratu zuen Belta Bielorrusiako berri agentziak, hango presidentearen hitzak aipatuz. Kontuan hartu behar da Wagnerreko buruak Errusiako Gobernuarekin adostu zuela Bielorrusiara erbesteratu ahal izango zela, matxinada bertan behera uztearen truke. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo esan zuen ez zekitela non zegoen Wagnerreko burua.

Horren guztiaren harira, Lukaxenkok azpimarratu zuen «mundu gatazka baten mehatxua» inoiz ez dela egon «hain gertu». Eta, Bielorrusiako Belta berri agentziak jaso zuenez, ohartarazpen bat egin zuen sari banaketa batean: «Errusia kolapsatzen bada, denok hilko gara».

Herenegun, Joe Biden AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Mendebaldeak ez zuela zerikusirik izan larunbateko altxamenduarekin. Lukaxenkok, hain zuzen, ez zuen xehetasunik eman nahi izan Prigozhinek eta Kremlinek, bera bitartekari zela, egindako akordioaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.