Gerra Ukrainan

Wagnerrek esan du Moskuk agindutako armak bidaliko dizkiola Bakhmuterako

Hiritik alde egiteko mehatxua egin ostean heldu da paramilitarren buruzagiaren adierazpena. Errusiak dozenaka misil jaurti ditu Ukrainako zenbait hiritara

Errusiak jaurtitako drone batek eragindako kalteak, atzo, Kieven. OLEG PETRASYUK / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Errusiako Wagner talde paramilitarrak badaramatza zenbait hilabete Donetsk probintziako Bakhmut hiria kontrolpean erabat hartzeko ahaleginean. Ukrainako armadak, ordea, ez du amore eman nahi bataila luzean, eta Wagnerreko buru Jevgeni Prigozhinek behin baino gehiagotan esana du talde paramilitarrak munizio gabezia duela hiri horretan borrokan jarraitzeko; azkenekoz, iragan ostiralean. Hori gutxi ez, eta Prigozhinek Moskuri mehatxu egin zion, esanez Wagner bihar Bakhmutetik erretiratu egingo zela. Bada, badirudi Errusiako talde paramilitarrak gerra frontean jarraituko duela. Izan ere, Prigozhinek adierazi zuen, atzo, Kremlinek agindutako armak bidaliko dizkiola Bakhmut erabat har dezan.

«Operazioekin jarraitzeko behar adina munizio eta arma bidaliko dizkigute», adierazi zuen herenegun Prigozhinek Telegramen. Gainera, ziurtatu zuenez, talde paramilitar pribatuak «53.000 metro koadro» hartu ditu azken egunotan izandako borroketan. «2,37 kilometro koadro daude etsaien kontrolpean. Aurrera goaz. Munizioa jasoko dugulakoan gaude», erantsi zuen. Prigozhini erantzunez, berriz, Ukrainako armadaren ekialdeko indarren bozeramaile Serhi Txerevatik esan zuen, atzo, Errusiako indarrek munizioa «nahikoa baino gehiago» dutela. «489 artilleria talka egon dira Bakhmut inguruan azken 24 orduetan».

Bien bitartean, Errusiak beste erasoaldi bat egin zuen, atzo, gerra frontetik urrun. Ukrainako armadak jakinarazi zuenez, hango armadak dozenaka misil eta «Iranen ekoitzitako» 60 drone jaurti zituen Ukrainako zenbait hiritara; besteak beste, Kievera, Kharkivera, Khersonera, Mikolaivera eta Odesara. Oldarraldi horietan, errusiar indarrek gutxienez pertsona bat hil dute, eta beste bost zauritu.

Alerta antiaereoak herrialdeko eremu askotan ordu luzez entzun ostean, Zaporizhian ere leherketak izan ziren, tokiko komunikabideek jaso zutenez; hain zuzen, Errusiak iazko irail amaieran anexionatutako hiri horretan dago Europako zentral nuklearrik handiena.

Errusiak eraso horiek egin zituen, hain zuzen, Garaipenaren Egunaren bezperan —Sobietar Batasunak 1945ean Alemania naziari gerra irabazi izana ospatzen dute—. Bada, Ukraina Errusiarengandik eta Sobietar Batasunaren tradiziotik aldentze aldera, Volodimir Zelenski presidenteak aurrerantzean nazismoaren aurkako garaipena maiatzaren 8an ospatzea proposatuko dio Ukrainako Parlamentuari, eta erabaki du hemendik aurrera Europako Eguna ospatuko dutela Ukrainan, maiatzaren 9an, Europako Batasunera lerratzeko helburuarekin. Horrekin lotuta, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Kievera joatekoa da gaur, Zelenskirekin batzartzeko, eta hitzordu hori baliatuko du Errusiaren kontrako zigor gehiago iragartzeko.

Ukrainako indarrek, berriz, Errusiak 2014an anexionatutako Krimeari egin zioten eraso iragan asteburuan. Kremlinek eskualde horretan ezarritako buruzagiak Kievi egotzi zion gutxienez hamar drone jaurti izana; horietatik hiru erorarazi zituzten Errusiaren aireko defentsa sistemek, Sebastopolgo portuaren inguruan.

Joan den larunbatean, berriz, Errusiaren operazioaren aldeko idazle Zakhar Prilepin larri zauritu zen, haren autoak eztanda egin ostean, Nizhni Novgoroden—Moskutik 400 kilometro ekialdera—. Prilepinekin zihoan gidaria hil egin zen. Errusiako fiskaltzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, ekintza «terrorista» egitea egotzita, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera.

Prilepinen aurkako atentatua «babestu» izana leporatu zien Errusiako Atzerri Ministerioak Ukrainari eta Mendebaldeko estatuei, bereziki Ameriketako Estatu Batuei. Ukrainako segurtasun zerbitzuek ez zuten baieztatu erasoan parte hartu zutenik, ezta ukatu ere. Kontrara, Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek adierazi zuen agintari errusiarrak egon zirela gertakari horren atzean. AEBetako Estatu Departamentuak ere ez zuen iruzkinik egin. TASS agentziak Kremlineko iturriak aipatuta jakinarazi zuen ustezko erasotzailea «Ukrainakoa» dela.

Ebakuazioa, Zaporizhian

Ukrainaren kontraerasoa gertu dagoen honetan, Kremlinek Zaporizhia eskualdean ezarritako gobernadore Jevgeni Balitskik herenegun adierazi zuenez, 1.700 pertsona baino gehiago ebakuatu zituzten zentral nuklearraren ingurutik, tartean 660 bat adingabe. Eta, atzo, Tokmak herritik zibilak Berdianskera ebakuatzeko agindua eman du Balitskik, baita Enerhodarko herritarrak ere; han bizi dira zentral nuklearreko langile gehienak.

Hain zuzen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi Rafael Grossik hilabeteak daramatza bi aldeetako buruzagiei ohartarazten zentralaren inguruan babes eremu bat ezar dezaten, «hondamendi arriskua murritzeko» asmoz. Iazko otsailean borrokak hasi zirenetik, zentrala sei aldiz geratu da zerbitzutik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.