GERRA UKRAINAN

Wagnerrek baieztatu du Moskuk agindutako armak bidaliko dizkiola Bakhmuten segitzeko

Donetskeko hiritik alde egiteko mehatxua egin ostean heldu da Prigozhin talde paramilitarreko buruaren adierazpena: «Munizioa jasoko dugulakoan gaude». Errusiak dozenaka misil jaurti ditu Ukrainako zenbait hiritara.

Errusiako jaurtitako drone batek eragindako kalteak, gaur, Kieven. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 8a
12:24
Entzun

Errusiako Wagner talde paramilitarrak badaramatza zenbait hilabete Donetsk probintziako Bakhmut hiria kontrolpean erabat hartzeko ahaleginean. Ukrainako armadak, ordea, ez du amore eman nahi bataila luzean, eta Wagnerreko buru Jevgeni Prigozhinek behin baino gehiagotan esana du taldeak munizio gabezia duela borrokan jarraitzeko; azkena, iragan ostiralean. Hori gutxi ez, eta Prigozhinek Moskuri mehatxu egin zion, esanez Wagner etzi Bakhmutetik erretiratu egingo zela. Bada, badirudi Errusiako talde paramilitarrak gerra frontean jarraituko duela. Izan ere, Prigozhinek baieztatu du Kremlinek agindutako armak bidaliko dizkiola Bakhmut erabat har dezan.

Ikusi gehiago: Asteazkenean Bakhmutetik ateratzeko mehatxua egin dio Wagnerrek Moskuri

«Operazioekin jarraitzeko behar adina munizio eta arma bidaliko dizkigute», adierazi zuen atzo Prigozhinek Telegramen. Gainera, ziurtatu zuenez, talde paramilitar pribatuak «53.000 metro koadro» hartu ditu azken egunotan izandako borroketan. «2,37 kilometro koadro daude etsaien kontrolpean. Aurrera goaz. Munizioa jasoko dugulakoan gaude», erantsi zuen. Prigozhini erantzunez, berriz, Ukraina ekialdeko armadako eledun Serhi Txerevatik esan du Errusiako indarrek munizioa «nahikoa baino gehiago» dutela. «489 artilleria talka egon dira Bakhmut inguruan azken 24 orduetan».

Bien bitartean, Errusiak beste erasoaldi bat egin du gerra frontetik urrun. Ukrainako armadak jakinarazi duenez, Moskuk dozenaka misil eta «Iranen ekoitzitako» 60 drone jaurti ditu Ukrainako zenbait hiritara; besteak beste, Kievera, Kharkivera, Khersonera, Mikolaivera eta Odesara. Oldarraldi horietan, errusiar indarrek gutxienez pertsona bat hil dute, eta beste bost zauritu. Alerta antiaereoak herrialdeko eremu askotan ordu luzez entzun ostean, Zaporizhian ere leherketak izan dira, tokiko komunikabideek jaso dutenez; hain zuzen, Errusiak iazko irail amaieran anexionatutako hiri horretan dago Europako zentral nuklearrik handiena.

Errusiak eraso horiek egin ditu, hain zuzen, Garaipenaren Egunaren bezperan —Sobietar Batasunak 1945ean Alemania naziari gerra irabazi izana ospatzen dute—. Bada, Ukraina Errusiarengandik eta Sobietar Batasunaren tradiziotik aldentze aldera, Volodimir Zelenski presidenteak aurrerantzean nazismoaren aurkako garaipena maiatzaren 8an ospatzea proposatuko dio Ukrainako Parlamentuari, eta erabaki du hemendik aurrera Europako Eguna ospatuko dutela Ukrainan, maiatzaren 9an, Europako Batasunera lerratzeko helburuarekin. Horrekin lotuta, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Kievera joatekoa da bihar, Zelenskirekin batzartzeko.

Ukrainako indarrek, berriz, Errusiak 2014an anexionatutako Krimeari egin zioten eraso asteburu honetan. Kremlinek eskualde horretan ezarritako buruzagiak Kievi egotzi zion gutxienez hamar drone jaurti izana; horietatik hiru erorarazi zituzten Errusiaren aireko defentsa sistemek, Sebastopolgo portuaren inguruan.

Larunbatean, berriz, Errusiaren operazioaren aldeko idazle Zakhar Prilepin larri zauritu zen, haren autoak eztanda egin ostean, Nizhni Novgoroden —Moskutik 400 kilometro ekialdera—. Prilepinekin batera zihoan gidaria hil egin zen. Errusiako fiskaltzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, ekintza «terrorista» egitea egotzita, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Prilepinen aurkako atentatua «babestu» izana leporatu zien Errusiako Atzerri Ministerioak Ukrainari eta Mendebaldeko estatuei, bereziki Ameriketako Estatu Batuei. Ukrainako segurtasun zerbitzuek ez zuten baieztatu erasoan parte hartu zutenik, ezta ukatu ere. Kontrara, Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek adierazi zuen agintari errusiarrak egon zirela gertakari horren atzean. AEBetako Estatu Departamentuak ere ez zuen iruzkinik egin. TASS agentziak Kremlineko iturriak aipatuta jakinarazi zuen ustezko erasotzailea «Ukrainakoa» dela.

Ebakuazioa, Zaporizhian

Ukrainaren kontraerasoa gertu dagoen honetan, Kremlinek Zaporizhia eskualdean ezarritako gobernadore Jevgeni Balitskik atzo adierazi zuenez, 1.700 pertsona baino gehiago ebakuatu zituzten zentral nuklearraren ingurutik, tartean 660 bat adingabe. Eta, gaur, Tokmak herritik zibilak Berdianskera ebakuatzeko agindua eman du Balitskik, baita Enerhodarko herritarrak ere; han bizi dira zentral nuklearreko langile gehienak. Hain zuzen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi Rafael Grossik hilabeteak daramatza bi aldeetako buruzagiei ohartarazten zentralaren inguruan babes eremu bat ezar dezaten, «hondamendi arriskua murritzeko» asmoz. Iazko otsailean borrokak hasi zirenetik, zentrala sei aldiz geratu da zerbitzutik kanpo.

Errekrutatzea, Asia erdialdetik

Asia erdialdetik, Tajikistan edo Uzbekistango errepubliketatik, Errusiara joandako etorkinak errekrutatzeko ahaleginak egiten ari dira Kremlineko agintariak. Ukrainara borrokatzera bidali nahi dituzte, hilean 3.700 euroko soldata eta errusiar hiritartasuna lortzeko «bide azkar bat» eskaintzearen truke. Hala dio Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak gaur kaleratutako txostenak. Londresen ustez, Moskuk derrigorrezko mobilizazioa ahalik eta gehien atzeratu nahi du; izan ere, iazko irailean Vladimir Putin presidenteak iragarritako mobilizazio partzialaren ondotik —300.000 erreserbista mobilizatu zituen—, adin militarrean zeuden ehunka mila errusiar erbesteratu ziren.

Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren arabera, errekrutatzaile militar errusiarrek meskitak eta immigrazio zentroak bisitatu dituzte boluntarioak lortzeko. Txostenak dio tajikera eta uzbekera hitz egiten duten immigrazio bulegoetako langileek maiz egiten dituztela etorkinak errekrutatzeko saiakerak.

Radio Free Europe irrati katearen arabera —AEBek finantzatzen dute, eta Europa ekialdeko herrialdetan jarduten du—, Moskuk 2.163 eta 3.765 euro arteko soldata eskaini die atzerritarrei, baita gehienez urtebeteko epean errusiar herritartasuna lortzeko modu «azkar bat» luzatu ere —gutxi gorabehera bost urte egon behar izaten dute zain—. Londresek esan du Errusiako Defentsa Ministerioak bide batetik edo bestetik 400.000 boluntario bildu nahi dituela gerra frontera bidaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.