SERBIA - KOSOVO

Vucicek Pristinari egotzi dio Kosovoko serbiarren eta NATOren artean «gatazka eragitea»

NATOk 700 soldadu gehiago bidaliko ditu Kosovora, atzoko liskarren harira. Kosovo Indarreko 30 militar eta 52 serbiar zauritu ziren atzo, estatuaren iparraldean izandako istiluetan.

Mikel O. Iribar - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko maiatzaren 30a
13:20
Entzun

«[Kosovoko] Leposaviq, Zubin-Potok eta Zvecan herrietako egoera lasaitu egin da, baina hauskorra da». Kosovoko Poliziak gaur goizean egindako adierazpenok dira, herrialdearen iparraldean, Kosovoko serbiarren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea buru duen KFOR Kosovo Indarreko militarren artean liskar gogorrak izan eta biharamunean. Kosovoko albaniar alkate batzuen zilegitasunari buruzko desadostasuna dela medio, atzo jazotako istiluek zauritu ugari eragin zituzten, alde batean zein bestean. Bada, Serbiako presidente Aleksandar Vucicek Kosovoko lehen ministro Albin Kurtiri leporatu dio Kosovoko serbiarren eta NATOren artean «gatazka eragitea»: «[Kosovoko eskualdean] Metohian odol isurketa eragin nahi du», zehaztu du, Vecernje Novosti Serbiako egunkariak jasotakoaren arabera.

Ikusi gehiago: Serbiak Pristinari egotzi dio «beldurra» erabiltzea Kosovoko serbiarren kontra

Kosovoko albaniar auzapez horiek joan den apirilean egindako hauteskundeetan hautatu zituzten, serbiarrak gehiengoak diren Metohia eskualdean —50.000 inguru dira guztira—. Boz horietan, ordea, %3ko parte hartzea baino ez zen izan, serbiarren boikotarengatik; Pristinak, baina, balekotzat jo zituen. Kosovoko serbiarrek, alkate horiek eta iparraldeko polizia berezia erretiratzeko eskatzeaz gain, salatzen dute «diskriminazioa» pairatzen ari direla Kosovoko Gobernuaren partetik. Horregatik guztiagatik, Kosovoko serbiarrek protestak areagotu dituzte azken egunotan. Atzo, esaterako, Kosovoko indar bereziek hilaren 26tik okupatuta duten Mitrovicako eraikin publiko batera gerturatu ziren, «modu baketsu batean», Vecernje Novosti-ren arabera.

Giroak, ostera, ez zuen askorik behar izan berotzeko. KFOReko militarrak Igor Simitx Serbia Zerrenda alderdiko buruaren aurka oldartu, eta atxilotu egin zuten. Jarraian, gutxienez 30 bat tiro egin zituzten manifestarien aurka, baita negar gasa jaurti ere. Istilu horietan KFOReko 30 soldadu eta 52 serbiar zauritu ziren; azken horietatik hiru «larri» daude, Belgradeko iturrien arabera. Horrez gain, NATOko indarrek blokeatu egin zituzten atzo Zvechan, Leposavic, Zubin-Patok eta Kasovska-Mitrovica eskualdeetako eraikin administratiboetara sartzeko bideak. Gertakari horien harira, Vucicek esan du Kurti dela gertakari horien «egile bakarra».

Kurtik «babes osoa» agertu die gaur serbiarrak gehiengoa diren eremuetan hautatuak izan ziren alkate albaniarrei, eta gaineratu du horiek direla udaletxeetan egoteko zilegitasuna duten bakarrak. Kosovoko lehen ministroak «talde kriminalei» eta «muturreko taldeei» egotzi die liskarren ardura, eta Belgradi talde horiek laguntzea.

AEBek Kosovon duten enbaxadore Jeffrey Hovenierrek, berriz, Pristinaren bizkar jarri du zamarik handiena. Kosovoko Gobernua egin du «krisi giroaren» arduradun. Hori dela eta, egoera baretzeko keinuak eskatu dizkio. Batetik, Polizia indar bereziak udaletxeetatik erretiratzea, eta, bestetik, alkateek beren jarduna beste eraikin batzuetan egitea behin-behinean.

Egoera kontrolpean mantentze aldera, NATOk 700 soldadu gehiago bidaliko ditu Kosovora, aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek gaur adierazi duenez. Azaldu du beste batailoi bat alertan jarri dutela, esku hartzeko beharko balute ere. Horrez gain, deia luzatu die Serbiari eta Kosovori tentsioa baretzeko urratsak egin ditzaten eta Europako Batasunaren bidezko elkarrizketetan engaiatu daitezen. «Hori da bake iraunkor baterako bide bakarra».

Kosovo iparraldeko egoera atzokoa baino «lasaiagoa» den arren, KFOR-eko indarrak Zvecan herriko kaleetan dabiltza, zaintza lanean. Are, Kosovo Indarreko militarrek txarrantxaz inguratu dute herriko udaletxeko eraikina, baita barrikada bat jarri ere, Koha Ditore Kosovoko egunkariak jakinarazi duenez.

Bi aldeen arteko tentsioa baretze aldera, Ameriketako Estatu Batuek, Italiak, Frantziak Alemaniak eta Erresuma Batuak Serbian dituzten enbaxadoreekin bildu da gaur Vucic, eta estatuburuak Mendebaldeari eskatu dio konbentzi dezala Kosovo serbiarrek onartu gabeko alkateak erretiratzeko, Reuters albiste agentziaren arabera. EBk Kosovon duen ordezkari berezi Tomas Szunyogekin ere batzartu da Vucic, eta «Kosovoko serbiarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak» hartzearen garrantzia nabarmendu du.

Bilkura horien ostean, Vucic Finlandiak, Errusiak eta Txinak Serbian dituzten enbaxadorearekin ere bildu da banaka. Moskuk nabarmendu du «urrats erabakigarriak egin» behar direla Kosovo iparraldeko tentsioa murrizteko, eta nazioarteari eskatu dio serbiarrei errua botatzeari uzteko», indarkeria areagotzeagatik, Errusiako zenbait berri agentzien arabera. Bestalde, Pekinek babesa eman die Serbiak «bere subiranotasuna eta lurralde osotasuna defendatzeko» hartutako neurriei, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek prentsaurreko batean baieztatu duenez. Kosovoko presidente Vjosa Osmanik, berriz, salatu du Vucicek babestutako talde kriminalek «desegonkortu» egin nahi dutela Kosovo.

Mendebaldearen gaitzespena

Bien bitartean, Mendebaldeak gogor gaitzetsi ditu atzoko gertakariak. EBko diplomaziaburu Josep Borrellentzat, esaterako, «guztiz onartezinak» dira KFOReko tropen, kazetarien, zibilen eta Poliziaren aurka egindako indarkeriazko ekintzak. Italiako Atzerri ministro Antonio Tajani RAI irrati publikoari adierazi dionez, Vucicekin eta Kurtirekin hitz egiteko aukera izan zuen atzo, azken orduan, eta «lasaitasunerako» deia egin zien. Eskaera bera egin die bi aldeei Frantziako Atzerri Ministerioko eledun Anne-Claire Legendrek ere: «Ezin dugu onartu eskualdeko egonkortasuna arriskuan jartzea, nazioarteko testuingurua kritikoa den honetan. Europako segurtasun kontua da».

Belgraden eta Pristinaren arteko harremanak ez dira batere onak, Kosovok 2008ko otsailaren 17an alde bakarrez independentzia aldarrikatu zuenetik; Serbiatik bereizi zen, baina Belgradek ez du aitortzen haren subiranotasuna. Bi milioi biztanle inguru ditu Kosovok, eta herritarren %90 albaniarrak dira; %8 serbiarrak; eta %3 bosniarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.