Espainiako Errekonkistaren abiapuntua izan zen lekuan ekin dio Voxek kanpainari. Covadongan hasi zuten musulmanen kontrako gerra, eta, sinbologiari keinu eginez, han hasi du eskuin muturrak independentismoaren kontrako borroka edo, beste era batera esanda, batasunaren aldekoa. Leloak zehazten du: Por España (Espainiarengatik).
Espainiako Gorteetan ordezkaririk ez badu ere, kanpaina politikoaren diskurtsoa markatzen ari da Vox. 2015eko bozetan 18.017 boto baino ez zituen lortu, baina, lau urte geroago, litekeena da eskuin muturra sendo sartzea politika nazionalera eta, akaso, koalizioak osatzeko giltza izatea. Andaluzian lortutako emaitza historikoak —hamabi eserleku 395.978 botori esker— aukera eman zion koalizio gobernuan sartzeko eta, hortaz, lehen aldiz ordezkaritza izateko instituzioetan.
Penduluaren fenomenoa da, Kataluniako independentismoak eragin duen polarizazioarekin batera sortu dena. Beatriz Acha (Getxo, Bizkaia, 1970) bat dator Voxen gorakadak independentismoari erantzuten diola dioen tesiarekin: «Espainiaren hausturaren kontrako mezua zabaltzea da haren diskurtsoaren ardatza. Kataluniako auzia giltzarri izan da aktibatzeko».
Zientzia Politikoetan doktoreak, dena den, ñabardura bat egin du: «Zalantzak ditut Voxen sorreraren erantzule bakarra independentismoa dela esatearekin. Esango nuke eskuin muturraren ahultasun politikoa independentismoaren goraldiarekin berpiztu dela, baina espainiar nazionalismoaren sentimendua oso eskasa izan da orain arte».
Acharen hitzetan, ez da mugimendu horrek duen paradoxa bakarra: «Espainia eta Portugal salbuespena ziren, eta, eskuin muturra zergatik ez zegoen azaltzetik, pasatu gara galdetzera nondik nora sortu den Vox ».
Zuhurtasuna
Horregatik, zuhurtasuna eskatzen du: «Voxen sorrera arrazoi sorta baten batura da, eta testuinguru batean kokatu behar da: bipartidismoaren bukaera, politika tradizionalaren krisia, ezkerraren desmobilizazioa... Ez dago arrazoi bakar eta kategoriko bat, besteak beste, azaleratzen ari den mugimendu gazte bat delako».
Achak, hala ere, argi du alderdiak bat egiten duela kontinentean jada errotuta dauden alderdiekin, ideologikoki kontserbadoreengandik eta eskuin tradizionaletik eskuinerago daudenekin: «Alemaniako AfD, Italiako Lega Nord eta Frantziako Fronte Nazionalarekin alderatzea saihetsezina da». Alabaina, uste du Vox beste horietatik bereizten dela, mezu populistetatik harago: «Europako beste alderdi horiekin alderatuta, esango nuke ez duela apenas erabili eliteen kontrako mezua, nolabait elite horren parte direlako, eta immigrazioaren kontrako mezua ere ez dute besteek bezain temati erabili. Esango nuke identitate nazionalaren defentsa egitera mugatu duela diskurtsoa; badirudi oraingoz aski zaiola auzi nazionalak duen izaera aglutinatzailearekin».
Eskuinaren eskuinetik, Vox agenda markatzen ari da, haren helburua ez baita eztabaida irabaztea, baizik eta eztabaida sortzea, erreakzio soka luzea; izan ekitaldi probokatzaileengatik, izan independentismoaren, immigrazioaren, genero indarkeriaren edo abortuaren harira egindako mezu hertsi eta xenofoboengatik. «Zunda baloiak botatzen ditu, eta besteek posizionatu egin behar dute»
Acharen arabera, hor dauka arrakasta, eta ez emaitzetan, nahiz eta agerikoa den eskuina jada zatitu eta higatu duela: «Vox PPtik eratorria da, alderdiaren epeltasuna salatzen duen adar horretatik, eta horregatik biratu da eskuinera. PPri egingo dio min, baina ikusteko dago zer mailan».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainiako alderdiak
VOX. Penduluaren fenomenoa
Vox kanpaina politikoa markatzen ari da, ordezkaririk ez badu ere. Andaluzian hamabi diputatu lortu ostean, Espainiako politikara salto egiteko ordua iritsi zaio orain eskuin muturreko alderdiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu