Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran

Vostok, ekialdeko haizea

Igitaia, mailua eta bandera gorria. 1945eko maiatzaren 9an Armada Gorriak Berlingo Reichstag eraikina okupatu eta naziekiko garaipena aldarrikatu zuen. Donetsken, 70 urte geroago, sobietar «heroiek» erabilitako bandera erakusgarri da Vostok batailoiaren kuartel nagusiaren sarreran.

Vostok batailoiko kideak tanke baten gainean, Donetskeko aireportuaren inguruan. IBAI TREBIÑO.
Donetsk
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Vostok-ek ekialdea esan nahi du: ekialdeko haizea. Hori da,behintzat, Spetsnaz deritzen indar berezietako soldadu batek esandakoa. «Sobietarzale amorratua» dela aitortu du orain dela 40 urte Donetsken jaiotako Ukrainako indar berezietako militar ohiak. Maidaneko estatu kolpeak bizitza guztiz aldatu zion, eta Alexandr Khodakovski komandanteak bezala, Ukrainako armadatik desertatu zuen herri miliziaren parte izateko. Herria, bere hiria defendatu behar zuela eman du aditzera, Errusiara ihes egindako emaztearen eta alabaren argazkia harro erakusten duen bitartean.

Vostok batailoiaren Estatu Nagusian, hogei gazte inguru herri milizietan sartzeko ilaran daude, pazientzia handiz, muturren aurrean aparkatuta eta bandera gorri batekin apainduta dagoen BTR ibilgailu militarra kuriositatez begiratzen duten bitartean. Donetskekoak dira guztiak.

Vostok batailoiaren eremua da Donetsk, eta milizietan izena emateko kanpainaren kartelez josita dago hiria. Deialdia arrakastatsua izan dela diote Estatu Nagusian, eta emaitzak ere hala erakusten du: batailoi izaten hasi, eta brigada bihurtu da Vostok, duela hilabete batzuk errekrutatze kanpaina hasi zutenetik.

Zapad eta Vostok. Mendebaldea eta ekialdea. Txetxeniako bigarren gerran Errusiako Defentsa Ministerioak sortutako batailoian du jatorria Vostokek. Libanoko gerran ere izan ziren, 2006an; baita Georgia eta Hego-Osetiako independentisten arteko gudan ere, 2008an. Orduko batailoitik ez da ezer geratzen, izena soilik.

Ramzan Kadirov Txetxeniako buruzagi errusiazalearen ehunka zale ari dira parte hartzen Donbasseko borroketan, baina gerra bere kabuz ari dira egiten. Aireportuko borroken hasieran Vostok batailoian zeuden hamalau spetsnazen heriotzak Txetxeniako gudaren mamua ekarri zuen Donbassera, Khodakovski komandanteak txetxeniarren parte hartzea moztea erabaki zuen arte.

Nazioarteko boluntarioak

Donbassen borrokan dauden boluntarioen artean, errusiarrez landa, serbiarrek eta kaukasoarrek osatzen dute kopururik handiena. Spetsnaz txetxeniarrak Vostoketik at badaude ere, Kaukasotik etorritako musulman gutxi batzuk badaude. Baita osetiar edo abkhaziarrak ere, Georgiarekin gerran izandako independentistak. Badira Europatik zein Amerika, Afrika eta munduko beste txokoetatik heldutako boluntarioak ere, Angolatik, Israeldik edo AEBetatik Donbassera borrokan etorritakoak.

Javier Casado Toro. 58 urteko madrildarra, azaroan heldu zen Donetskera, eta Vostok batailoian izena eman zuen. Bi asteko entrenamendu militarra egin ostean, «borrokan hasteko prest» dagoela dio. Bizitza gehiena atzerrian egin du Casadok, eta izpiritu internazionalista handiko pertsona dela dio. «Ukrainar armadaren sarraskiak ikusita, bi aste eman nituen ia lo egin ezinean, artean Madrilen nengoela; eta Donetskera borrokan etortzea erabaki nuen». Zuzen dagoela uste du Casadok, eta Espainiak duen egoera sozioekonomikoa gogor salatu eta borrokaren beharra azpimarratzen du une oro.

Atzerritik etorritako boluntarioen artean Alfonso ere badago. Goitizena Alfonso Cano FARC erakunde marxista iraultzaileko militantearen omenez hartu zuen. Armada ukrainarrak egindako eraso batean zauritu egin zuten gazte kolonbiarra. Eraso berean, bere erakunde iraultzaile komunistako hiru kide hil ziren. Ukrainako armadak «legez kanpoko armak» erabili zituela salatu du boluntarioak, ez eraso hartan bakarrik, baita hemendik gertu dagoen Veselve auzoko populazio zibilaren aurka batean ere. «Garaipenera arte» Donetsken geratzeko intentzioa duela dio.

Ukrainako gerra zibila hasi zenetik, asko izan dira ukrainar armadatik herri milizien bandora pasatu direnak. Donetskeko langile eta meatzariek zein Ukrainako armadako militar ohiek osatzen dute, nagusiki, Vostok brigada. Altai-ren kasua, ordea, guztiz ezberdina da. Kievetik etorritako gazte honek ez du aurpegia agerian utzi nahi, Ukrainako hiriburuan daukan familiaren kontrako errepresalien beldur. «Maidan hasi zenean, naziek boterea hartu zuten Kieven, eta ni, komunista izaki, Donbassera borrokara etorri nintzen». Kieven zegoela heriotza mehatxuak ere egin zizkioten 26 urteko gazteari. Bera bezala Ukraina osotik etorritako gazte anitzek «errusiazaleen bandoan» egiten dute borroka Ukrainako guda zibilean.

Spartak frontea

Aireportuko gerra frontean ez dago su-etenik. Urtarrilean berreskuratutako eremuaren defentsan ari dira Donetskeko herri miliziak. Vostok, Sparta eta Somali batailoiek kontrolatzen duten «eremu askatuan» barrena dago orain dela egun gutxi askatutako Spartak herria. Ukrainarren kontrolpean egon zen eremuan tankeak atzeman zituzten herri miliziek, eta, orain «eskerrak» ematen dizkiote Petro Poroxenkori, «emandako arma guztiengatik».

200 metro eskasera daude ukrainar armadaren posizioak eta frankotiratzaileak, utzita eta suntsituta dagoen industrialde batean. Vostok batailoiaren eremuan, gerrari erabat lotua dago milizianoek egiten duten eguneroko bizitza. Tel Avivetik etorritako miliziano batek Donetskera «faxismoaren aurka borrokatzera» etorri zela dio, «besteak beste, ukrainar armada finantzatzen duen oligarka judu-sionistari aurre egiteko asmoz».

Spartaken borrokan ari diren milizianoen artean, badago estatubatuar bat ere, Russel Boney Bentley Texas. Austinen jaioa eta Mexikon urte askoan bizi izandakoa, «Washingtonek finantzaturiko gobernu kolpistarenarmadaren aurka» borrokatzera etorri da estatubatuar hau Donetskera.

Neke aurpegia ezin ezkutatu du Texasek Spartaken, eskua luzatu eta ongietorria egiteko unean: «Dagoen egoera arriskutsuarekin, ni elkarrizketatzeko honaino etortzea meritu handikoa da». Tipo apala eta xelebrea da Texas, Donbassen borrokan dabiltzan nazioarteko boluntariorik karismatikoenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.