Von der Leyenek defentsarako komisariotza bat sortzeko asmoa du bere bigarren agintaldian

Europako Batzordeko presidente izateko hautatu dute bigarrenez kontserbadore alemaniarra, aldeko 401 boto bilduta. Iragarri du Mediterraneorako komisario bat ere izendatu nahi duela, talde komunitarioaren mugak «indartzeko».

Ursula Von der Leyen, gaur, Europako Parlamentuan, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Ursula Von der Leyen, gaur, Europako Parlamentuan, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
maddi iztueta olano
2024ko uztailaren 18a
14:25
Entzun

Ursula Von der Leyenek lortu du Europako Batzordeko presidentetzari eustea. Europako Parlamentuan egin dute bozketa, eta 401 aldeko boto jasota —ganberak 720 parlamentario ditu, eta gehiengo osoa 361ekoa da—, bigarren agintaldia segurtatu du kontserbadore alemaniarrak. Aurreko legegintzaldiko (2019-2024) aliatuen —EAP Europako Alderdi Popularra, S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista eta RN Renew Europe— babesa jaso du, baita Berdeena ere; eta aurka bozkatu dute zenbait alderdi ultraeskuindar eta ultrakontserbadorek osatutako ECR Kontserbadoreak eta Erreformistak taldeak, eta ultraeskuindar muturrekoenek.

Von der Leyenek asmo berriak ditu datozen bost urteetarako: defentsarako eta Mediterraneorako komisario bana izendatzea, adibidez. EB Europako Batasunak afera horietarako komisariotzak izango lituzkeen lehen aldia litzateke. Bozketa baino lehen egindako hitzaldian azaldu duenez, defentsarako komisarioaren eginkizuna izango litzateke, besteak beste, Europa «babesteko» aire bidezko ezkutu bat garatzea. «Proiektu europar komunak eraiki behar ditugu, adibidez, aire defentsarako sistema oso bat; ez gure aire espazioa defendatzeko soilik, baita mezu argi eta zorrotz bat bidaltzeko ere: defentsaren arloan Europa bat eta bakarra dela».

Orain, talde komunitarioak bi fronte nagusi dituela azpimarratu du: Ukrainako gerra, batetik; eta Israelek Gazaren aurka hasitako oldarraldia, bestetik. Eta horrekin lotuta, esan du EBk areagotu egingo duela NATO Nazioarteko Ipar Atlantikorako Itunarekin duen lankidetza. Batzordeko buruaren esanetan, Europak «asko» egin dezake estatu kideen armaden operazioak «babesteko eta koordinatzeko».

Eta helburu horiek guztiak betetzeko, Von der Leyenek Defentsarako Funts bat sortu nahi du datorren agintaldian. «Berrarmatze garai batean gaude, eta, horregatik, arlo horretan inbertsioa nabarmen handitzea lehenetsi behar da». Bozketa saioan esandakoek oihartzuna izan dute nazioartean, eta, iragarritako asmoen harira, EBk «tonu militar bat» har lezakeela egotzi dio kontserbadoreari Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek.

«Berrarmatze garai batean gaude, eta, horregatik, arlo horretan inbertsioa nabarmen handitzea da lehentasuna»

 URSULA VON DER LEYENEuropako Batzordeko presidentea

Defentsarenaz gain, orain arte izan ez den beste komisario bat izendatzeko asmoa ere badauka Von der Leyenek: Mediterraneorakoa. Haren arabera, itsaso horren kostaldean dauden herrialdeekin «harremana eta lankidetza estutzea» izango litzateke Mediterraneorako komisarioaren eginkizun nagusia. Nolanahi ere, argi utzi du «EBren mugak indartzea» izango dela agintaldi honetako erronka nagusietako bat; eta, beste behin, bata besteari lotuta aipatu ditu migrazioa eta segurtasuna: «Gure mugak indartu behar ditugu, migrazio irregularra aurreikusteko, eta segurtasun mehatxuetatik EB babesteko».

Defentsaren eta migrazioaren aferez mintzatu da kontserbadore alemaniarra, baina, aldi berean, ildo sozialeko zenbait neurri aipatu ditu: batetik, aurreko legegintzaldian abian jarritako politika ekologistak mantenduko dituela hitzeman du, eta atea ireki dio Industria Garbirako Itun bat adosteari; bestetik, «Etxebizitza Eskuragarrirako Plan bat» eratzeko prest agertu da.

Ardatzaren bi aldeetara

Europako Parlamenturako bozen ondoren osatu berri duten hemizikloan, 400 eserleku dituzte Von der Leyenen hautagaitzaren aldeko oinarria osatzen duten alderdiek: EAPk (186), S&Dk (135) eta REk (79). Kalkulu horren arabera, irudi zezakeen hautagai kontserbadoreak ez zuela arazorik izango presidentetzari eusteko nahikoa babes lortzeko, baina bozketa sekretua da, eta, 2019ko bozketan gertatu bezala, oraingoan ere haren kontrako botoa eman dute EAPko, S&Dko eta REko diputatu batzuek.

Horregatik, Von der Leyen bigarren agintaldia ziurtatzeko aliatu berrien bila aritu da asteotan. Kontraesanak kontraesan, bi aldeetara lerratu da EAPko hautagaia: Berdeekin negoziatzen aritu da, baina baita ECR taldeko alderdi batzuekin ere. Gaurko bozketari erreparatuta, irudi du, erdizka bada ere, estrategiak funtzionatu duela. Hori bai, agertokiak iradokitzen du negoziazioek pisu handia izango dutela kontserbadorearen bigarren agintaldian. 

Europako Batzordeko eta Europako Parlamentuko presidentetzak banatuta —Von der Leyen eta Roberta Metsola, hurrenez hurren—, talde komunitarioko beste bi goi kargu esanguratsuenak zeintzuk beteko dituzten ziurtatzea falta da orain. Europar Kontseiluari dagokionez, espero da, estatu kideek beraiek adostu bezala, Antonio Costa sozialista portugaldarrak hartzea kargua, eta, orduan, aurreko legegintzaldietan egindako banaketa aintzat hartuta, liberal bati legokioke EBko diplomaziaburu kargua hartzea; ziurrenik, Estoniako lehen ministro ohi Kaja Kallasi.

EAJ-k Von der leyenen alde egin du, eta eh bildu-k, aurka

Europako Batzordeko presidentetza hautatzeko bozketan, Ursula Von der Leyenen alde bozkatu du Oihane Agirregoitia EAJk Europako Parlamentuan duen eurodiputatuak; Pernando Barrena EH Bildukoak, berriz, aurka egin du, argudiatuta Von der Leyenek «gerrazaletasuna eta austeritate politikak ordezkatzen» dituela. Aldeko botoa azaltze aldera, Agirregoitiak esan du EAJren babesa «kritikoa eta baldintzatua» dela, eta marra gorritzat jarri du kontserbadore alemaniarrak eskuin muturrarekin «kolaboratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.