Ursula von der Leyenek Europako Batzordeko presidente izan nahi du hurrengo legegintzaldian ere. Baina Europako Parlamenturako hauteskundeek finkaturiko agertokiak nabarmen zaildu dio kargu horretan jarraitzea. Eta, bidez batez, horrekin guztiarekin zerikusia duten zenbait dilema utzi dizkio mahai gainean.
EAP Europako Alderdi Popularraren hautagaia faboritoa da Europako Batzordeko presidente postuan segitzeko. Inork ez du zalantzan jartzen hori, behin-behineko emaitzen arabera, EAPk irabazi baititu bozak, 720 aulkietatik 186 bilduta; eta iragan legegintzaldian (2019-2024) Von der Leyen babestu duen oinarriak, gainera, gehiengo osoari eutsi baitio: S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistak 135 eserleku izango ditu, eta RE Renew Europek, 79. Hau da, EAPren, S&Dren eta REren eurodiputatuak gehituz gero, 400 lirateke inbestidura bozketarako —gehiengo osoa 361ekoa da—.
Kalkulu horrek iradokiko luke iragan legegintzaldian Europako Batzordeko presidente izan denak ez duela arazorik izango nahikoa babes bermatzeko. Hori, ordea, ez da erabat horrela, eta 2019ko bozketa ikustea besterik ez dago: duela bost urte, Von der Leyen, berez, aldeko 444 boto eskuratzekoa zen, baina, azkenean, 383 eskuratu zituen, 374ko gehiengo osoa baino bederatzi gehiago. Tartea estua izan zen, EAPko, S&Dko eta REko eurodiputatu batzuek haren kontra bozkatu baitzuten; eta aurten gauza bera gertatzea espero da, kanpainako adierazpenak aintzat hartuz gero.
Eta 2019an tartea estua izan bazen, aurten are estuagoa izango da. Europako Parlamentuak eskuinera egin du atzoko hauteskundeen ondorioz, eta, EAPk ordezkaritza handitu duen arren, S&Drena eta, batez ere, RErena, txikitu egin dira. Aldiz, eskuin muturrekoek eserleku gehiago lortu dituzte, eta pisu handiagoa izango dute datorren legegintzaldian; hori bai, ez kanpainan aurreikusitakoaren adinakoa.
EAPk eta Von der Leyenek, hortaz, zalantza bat dute: oinarria zabaltzeko asmoz, eta inbestidurarako akordioak egiteko orduan, ekologistengana jotzea —kontra bozkatu zuten 2019an— ala eskuinerago begiratzea, zenbait alderdi ultrakontserbadore eta ultraeskuindar biltzen dituen ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak taldearekin ados jartzeko —batez ere, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin—. Baina ECR-ren babesa lortu nahi izateak S&Dkoak eta REkoak haserrearaziko ditu, eta Berdeen aldeko apustua egiteak kontserbadore batzuen kritikak eragingo ditu, Europako Itun Berdearen aferagatik. Hori da dilema.
Von der Leyenek atzo gauean adierazi zuen «zentroak eutsi egin» diola, eta berriro iragan legegintzaldiko oinarria baliatzea lehenetsiko duela negoziazioetan; gaur ere mezu hori bidali du, haren alderdiaren egoitzan egin duen agerraldian. Horren aurretik, berriz, Politico atariak bozen biharamunaz antolatu duen eztabaidan, EAPren idazkari nagusi Thanasis Bakolasek esan du S&Dren eta REren babesa nahi dutela inbestidurarako; inbestidurarako, zeren gero atea ireki dio legegintzaldian ultraeskuindar batzuekin itunak egiteari. Kontserbadoreen oraingo jarrera, hortaz, argi dago.
egutegia:
- Ostegunetik larunbatera. Hauteskundeez geroztik lehen aldiz, Ursula von der Leyenek (Europako Batzordea), Charles Michelek (Europar Kontseilua), Emmanuel Macronek (Frantzia), Olaf Scholzek (Alemania) eta Giorgia Melonik (Italia) elkar ikusiko dute, Italian biltzekoak baitira G-7koak diren herrialdeak. Berez, hitzordua ez da EB Europako Batasuneko karguei buruzkoa, baina baliteke lehen elkarrizketak izatea horri buruz.
- Hilaren 17a. EBko estatu kideetako gobernuburuek eta estatuburuek bilkura informal bat izango dute, eta orduan mintzatuko dira lehen aldiz talde komunitarioko karguei buruz.
- Hilaren 27tik 28ra. Europar Kontseilua egingo dute, eta, aurreko bozen ondorenean gertaturikoa aintzat hartuta, EBko estatu kideetako gobernuburuak eta estatuburuak hitzordu horretan saiatuko dira talde komunitarioko karguak adosten.
- Uztailaren 18a. Europako Parlamentua eratuko dute, eta hurrengo legegintzaldia abiatuko dute. Hitzordu horretan, gainera, ganberako presidentea aukeratuko dute, eta data bat finkatuko dute Europako Batzordeko presidente bilakatzeko hautagaitza edo hautagaitzak bozkatzeko.
EB Europako Batasuneko karguak adosteari buruzko elkarrizketak asteon bertan hasiko dituzte, eta arreta batez ere lautan jarriko dute: Europako Batzordeko presidentea, Europako Parlamentukoa, Europar Kontseilukoa eta EBren diplomaziaburua. Ezustekorik izan ezean, talde komunitarioko gobernuburuek eta estatuburuek EAPko politikariak proposatu beharko lituzkete lehen bietarako —hau da, Von der Leyen eta Roberta Metsola (Maltakoa), hurrenez hurren—, eta beste biak S&Dren eta REren artean banatu beharko lituzkete.
Europar Kontseiluari dagokionez, Charles Michelek ez du jarraituko, eta haren ordezkoa izateko faboritoa Antonio Costa sozialista da, Portugalgo lehen ministro izandakoa (2015-2024); hala gertatuko balitz, EBren diplomaziaburu kargua liberal bati legokioke, 2021etik Estoniako gobernuburu den Kaja Kallasi, esaterako.
Macronen asmoak
Europako Parlamenturako hauteskundeen ondorioetako bat, modu batera esatearren, ironia krudel bat izan da: EBn «zentroak eutsi egin» dion arren, talde komunitarioko estatubururik europazaleenak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, erabateko porrota jasan du. Frantziako Asanblearako bozak aurreratzea izan da haren erantzuna; eta egutegiari erreparatuz gero, horien bi itzuliek eta EBko karguak zehazteko negoziazioek bat egingo dute. Macronen etxeko interesek, hortaz, garrantzia izango dute talde komunitarioko elkarrizketetan.
Gaur-gaurkoz, inork ez daki Frantziako presidenteak zehazki zer nahi duen. Herrialde horretan, Von der Leyen gogor kritikatu zuten Europako Parlamenturako hauteskundeen eztabaidetan, eta aintzat harturik Asanblearako bozen lehen itzulia hilaren 30ean dela, eta Europar Kontseilua bi egun lehenago egingo dutela, ikusteko dago Macron ausartuko ote den EAPren hautagaiaren alde egitera datozen asteetan.
Horren ordez, aukera bat litzateke negoziazioen prozesua atzeratzea, edo Frantziako presidenteak berak beste hautagai bat proposatzea; Mario Draghi Italiako gobernuburu (2021-2022) eta Europako Banku Zentraleko presidente izandakoa (2011-2019), kasurako, kanpainan iradoki modura. Edonola ere, testuinguru horretan, Macronek maniobrarako izango duen tartea egutegiak berak, haren kapital politikoak eta gainontzeko gobernuburuen eta estatuburuen erantzunek finkatuko dute.
Eta Frantziako Asanblearako hauteskundeen kanpainak eragina izango du, gainera, Europako Parlamentuko talde politikoen osaketan. Ordezkaritzak estatuko alderdien ikuspuntutik aztertuta, Marine Le Penen RN Batasun Nazionala ultraeskuindarrak lortu du, behin-behineko emaitzen arabera, aulki kopururik handiena —30 eserleku—, eta, beraz, Le Penek zeresan handia izango du ganberako paisaia politikoa eta indar oreka berriak zehaztean; batez ere, eskuin muturrekoen artean.
ordezkaritzarik handiena lortu duten alderdiak eta koalizioak:
- RN (Frantzia, IDkoa): 30 eserleku (+7).
- FdI (Italia, ECRkoa): 24 eserleku (+21).
- CDU (Alemania, EAPkoa): 23 eserleku (=).
- PP (Espainia, EAPkoa): 22 eserleku (+9).
- PSOE (Espainia, S&Dkoa): 20 eserleku (-1).
- PD (Italia, S&Dkoa): 20 eserleku (+1).
- PiS (Polonia, ECRkoa): 20 eserleku (-1).
- KO (Polonia, EAPkoa): 20 eserleku (+8).
- AfD (Alemania, talderik gabea): 15 eserleku (+4).
- SPD (Alemania, S&Dkoa): 14 eserleku (-2).
Ekainean, behintzat, RN kanpainan murgilduta egongo da, eta horrek talde parlamentarioen eraketa atzeratu lezake, betiere Melonik egiten duenaren arabera. Egun, ultraeskuindarrak ECRn —73 eserleku izango ditu—, ID Identitatea eta Demokrazian (58), inskribatu gabekoen (45) eta talderik gabeko eurodiputatu berrien (55) multzoetan daude, eta Le Penen asmoa eta helburua da ia guztiak talde berean elkartzea. Hori bai, nahiko ezinezkoa dirudi zeregin horretan arrakasta izatea, eta eskuin muturrekoak zatituta egongo dira datorren legegintzaldian ere.
Horientzat, eragin handiagoa izateko aukera bakarrenetako bat izango da Von der Leyenek Europako Batzordeko presidente karguan jarraitzea, eta datozen urteetan haren agenda politikoak eskuinera egitea. Orduan bai, Europako Parlamenturako paisaia politikoa berriz ordenatu dela aintzat harturik, eta orekak hauskorragoak direnez, ultraeskuinekoek pisu handiagoa izan lezakete.
Hori bai, hori guztia eskuin muturrekoek beren burua antolatzeko izango duten moduaren araberakoa ere izango da. Von der Leyenek, hortaz, bere bi aldeetara begira egon beharko du aste honetatik bertatik; eta, agian, baita datozen bost urteetan ere.
hungarian atxilo dagoen irakasle italiarra eurodiputatua izango da
Ilaria Salis eurodiputatu aukeratu zuten atzo, eta, hortaz, aske utzi beharko dute, immunitatea izango duelako. Italiako irakasle hori iazko otsailean atxilotu zuten, Budapesten bi neonaziren aurkako eraso batean parte hartu zuelakoan; horren inguruko epaiketa iragan urtarrilean hasi zuten, eta 24 urteko kartzelaldia ezartzeko eskatu zuten. Italiako AVS Aliantza Berdea eta Ezkerraren zerrendan aurkeztu zen Salis.