Europako Parlamentua

Von der Leyen izendatu dute Europako Batzordeko presidente

Sozialdemokraten eta liberalen babesa jaso du, popularrenaz gain. Aldeko 383 boto jaso ditu, kontrako 327, 22 abstentzio izan dira, eta boto baliogabe bat.

Von der Leyen, gaur, Estrasburgon. PATRICK SEEGER, EFE
Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko uztailaren 16a
07:24
Entzun

Inbestidurarako hitzaldia egiten hasi denean, Ursula Von der Leyenek ez zekien aldeko boto nahikoa izango zuen, Europako Batzordeko presidente izendatua izateko. EAP Europako Alderdi Popularraren babesa aurreikustekoa zen, eta taldeak baiezko botoa emango zuela aurreratu du Manfred Weber popularren buruak. Aldiz, zalantzak agertu dituzte ALDE Europaren Aldeko Liberalen eta Demokrataren Aliantzaren Alderdiak eta SEA Sozialista Europarren Alderdiak, nahiz eta "egonkortasunaren" alde mintzatu diren. Horien aldeko botoa lortu nahian, hitzaldi bizia egin du Von der Leyenek, eta balio ekologista, sozial eta feministak aldarrikatu ditu. Azkenean, lortu du ALDEren eta SEAren babesa, eta boto horiei esker hautatu dute Europako Batzordeko presidente. Aurka bozkatu dute Berdeek, PEL Europako Ezkerraren Alderdiak eta ID Identitatea eta Demokrazia talde ultraeskuindarrak.

Bozketa 18:00etan hasi dute, goizeko saioaren eta arratsaldeko lehen orduko bileren ostean. Diputatuek sekretuan bozkatu dute. Ordrako, Izaskun Bilbaok (EAJ), aurreratu du Von der Leyenen alde egingo zuela; Pernando Barrenak (Orain Errepublikak), aldiz, aurkako botoa emango ziola jakinarazi du. 747 diputatuk parte hartu dute bozketan, eta Von der Leyenek gainditu egin du gehiengo osoaren 370 botoren langa.

Gaur-gaurkoz, Alemaniako Defentsa ministroa da Von der Leyen, 2013tik. Aurrez, beste hamar urte egin zituen ministro lanetan, Gai Sozialetarako Ministerioan, besteak beste. Angela Merkelen alderdikidea da, CDU Batasun Kristau-Demokratakoa, eta iragarri du, gaurko bozketan gertatzen dena gertatzen dela, utzi egingo duela ministro kargua, "Europaren alde indar guztiz” aritzeko.

2050erako, "kontinente neutro"

Gaur Europako Parlamentuan egindako hitzaldian, klima larrialdia hartu du hizpide nagusi Europako Batzordearen hautagaiak. "2050. urterako klimari dagokionez Europa lehen kontinente neutrala izatea nahi dut", esan du Von der Leyenek; hau da, ez isurtzea EBren lurraldea hartzeko gai den baino gai kutsagarri gehiago. Promesa betetzeko, hamarkada batean C02 isurien erdia inguru murriztu behar litzatekeela azaldu du, eta klimari buruzko legeak onartu nahi dituela hori lortzeko; besteak beste, Banku Klimatiko bihurtu nahi du Europako Inbertsio Bankua. Erronka horren eta bestelakoen aurrean, "protekzionismoa" baino, "multilateralismoa" behar dela aldarrikatu du alemaniarrak.

Gainerakoan, langabeziarako aseguru europar bat sortzea proposatu du alemaniarrak, estatu bakoitzaren sistemak "osatzeko". Erasmus programaren diru saila hirukoiztea ere aipatu du, eta Europako asilo sistema erreformatu beharra ere bai. "Elkartasuna" eskatu du migratzaileen inguruan, "nahiz eta kontziente izan zaila eta erabakigarria dela debate hau".
"Hemen aurkeztu ditu itxura oneko promesak, baina ohiko politikari baten promesak dira, identitate bikoitzera jolasteko eta guztiak kontent uzteko", erantzun dio IDren bozeramaile Jorg Meuthenek.

Europako Batzordeko presidente hautatua izan denez, estatu kideekin batzordearen osaera negoziatzen hasi beharko du orain Van der Leyenek. Batzorde "parekidea" egingo duela hitzeman du, gizon adina emakumez osatutakoa.

Estatuen akordioa ezarri dute

Gaurko bozketarekin, EB Europako Batasuneko estatu kideek erabakitakoa gauzatu da Europako Parlamentuan. Talde politikoek bete egin dute estatuetako agintariek Europar Kontseiluan adostu zuten ardura postuen banaketa. Europako Parlamentuko presidente kargurako David-Maria Sassoli sozialdemokrata italiarra aukeratu zuten, uztailaren 3an, kontserbadore, liberal eta sozialdemokraten babesarekin. Gaur, ordainerako eguna zen, eta sozialdemokratek eta liberalek Von der Leyen babestu dute.

Hala, datozen urteetan ere Europako Batzordeak ez du presidente izango Europako hauteskundeetara aurkeztu den ordezkari bat, ezta parlamentuak bere kabuz negoziatu eta adostutako kide bat ere. Aldiz, estatu eta gobernuburuek ardura karguen banaketarako ezarri duten hautagaia izendatu dute.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.