Koronabirusa

Von der Leyen: «EBk aintzat hartu beharko luke derrigorrezko txertaketa»

Europako Batzordeko presidentearen iritziz, estatu kideek «ikuspuntu komun bat» behar dute. OMEk dio egunotan izango duela informazioa omikron aldaeraz

Bi bidaiari Johannesburgoko OR Thambo nazioarteko aireportuan, herenegun. KIM LUDBROOK / EFE.
ander perez zala
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea nahitaezko txertaketaren auziaz mintzatu da berriz ere, eta zera esan du: EB Europako Batasuneko 27 estatu kideek eztabaidatu egin beharko luketela neurri hori zabaltzeaz. Agintariaren iritziz, «egokia eta zentzuduna» da inposaketa horretaz aritzea omikron aldaerari aurre egiteko: «EBk aintzat hartu beharko luke derrigorrezko txertaketa».

Austriak jada hartua du erabaki hori, eta Greziak iragan asteartean jakinarazi zuen bide beretik joko duela 60 urtetik gorakoekin; Alemanian, berriz, zenbait iturrik zabaldu dute Olaf Scholz datorren kantzilergaia ere neurriaren aldekoa dela. Horregatik, Von der Leyenek beharrezkotzat jo du auziaz eztabaidatzea eta estatu kideek «ikuspuntu komun bat» izatea.

Osasun arloko eskumenak ez dira Europako Batzordearenak, eta, beraz, herrialdeek beren lehentasunak finkatu eta ezinbestekotzat dituzten erabakiak hartzen dituzte. Horren aurrean, Bruselak 27 estatuburu eta gobernuburuak ados jartzea susta lezake estrategia bateratu bat ontzeko: «Kopuruei begiratzen badiezu, hau diote: EBko helduen %77 txertatuta daudela, eta, biztanleria osoa hartuta, %66. Horrek esan nahi du heren bat ez dagoela txertatuta. 150 milioi lagun dira. Asko da», argudiatu zuen atzo Europako Batzordeko presidenteak derrigorrezko txertaketaz aritzean.

Reuters berri agentziaren zenbaketaren arabera, atzo arte, Afrikako bost herrialdetan, Ameriketako hirutan, Asiako beste bitan, Europako 11tan eta Ekialde Hurbileko bakarrean Saudi Arabian aurkitu dute omikron aldaera; gutxienez 210 kasu dira, gehienak Hegoafrikan (ehun) eta Erresuma Batuan (22).

Zientzialariek oraindik ez dituzte omikron aldaerari buruzko xehetasun guztiak; hortaz, bien bitarterako, Europako Batzordeko presidenteak uste du murrizketak ezartzeak eta hirugarren dosia sustatzeak izan beharko luketela hartu beharreko erabakiak.

Aukera horretaz aritu zen OME Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Larrialdietarako Programako Maria Van Kerkhove ere, eta adierazi zuen gobernuen lehentasunak txertorik hartu ez dutenak txertatzea izan behar duela: «Ziurrenik, beste dosi bat emateak ez die ezertan lagunduko herritar gehienei. Herrialdeek txertorik ez dutenetan jarri beharko lukete arreta. Omikron aldaerari aurre egiteko modurik onena orain arteko neurriak mantentzea da: maskara erabiltzea, gutxieneko distantziari eustea eta eskuak garbitzea».

Van Kerkhoverekin batera mintzatu zen OMEren Osasun Larrialdietarako zuzendari nagusi Michael Ryan. Aldaera berriaz, azaldu zuen oraindik ez dutela transmisioari buruzko daturik, baina espero duela informazioa «datozen egunetan» izango dutela; atariko azterketen arabera, omikron aldaerak ez luke gaixotasun larririk eragingo herritar gehienetan, eta txertoen eraginkortasuna ez litzateke txikituko, Ryanen arabera. Sendagaien Europako Agentziak herenegun jakinarazi zuen aldaketarik behar izanez gero «hiru edo lau hilabete» beharko lituzkeela aldaera berrirako txertoak onesteko.

Horrez gain, Osasunaren Mundu Batzarrak atzo amaitu zuen hiru eguneko ezohiko biltzarra, eta 194 kideek adostu zuten aurreragoko izurriei aurre egiteko protokolo bat osatzea.

Portugal, «zoritxarrean»

Portugalen atzo sartu ziren martxoaren 20ra arte iraungo duen «zoritxarrezko egoeran», eta, egun berean, iragan otsailaz geroztik izandako positibo kopururik handiena erregistratu zuten: 4.670 —horietako hamalautan omikron aldaera atzeman dute—. Hamazazpi lagun hil ziren, eta intzidentzia tasa 349,8ra igo zen—100.000 biztanletik—, agintariek jakinarazi zutenez.

Atzodanik, herritarrek osasun ziurtagiria aurkeztu beharko dute jatetxeetan eta hoteletan sartzeko, baita eremu publiko itxietan eta ikuskizunetan ere. Antonio Costa jarduneko lehen ministroaren arabera, «aukerarik onena da neurriak ahalik eta azkarrena hartzea, eta horiek ahalik eta gutxiena eragitea herritarren bizitzan».

Hori bai, urtarrilaren 1etik 9ra tabernak eta diskotekak itxita izango dituzte, eta telelana derrigorrezkoa bilakatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.