Volodimir Zelenskiren kontraesana, agerian

Ukrainako presidentea seinalatu dute 'Pandoraren paperek', 'offshore' sozietate batzuen onuraduna izan delako. Kolpe gogorra izan da haren sinesgarritasunarentzat, are gehiago kontuan harturik oligarken kontrako gerra bat abiatu zuela.

Zelenski Ukrainako presidentea —erdian, eskuinean— eta haren aholkulari Xefir —haren alboan—, iragan maiatzean. EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Iragan igandean Pandoraren paperetan agerturiko izen-abizen garrantzitsuenetako bat Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirena izan da. Filtraturiko dokumentu horien arabera, Zelenskik Ukrainako oligarken dirua jaso zuen; Ilhor Kolomoiskirena, esaterako. Horrez gain, bere kabineteko kide batzuekin batera offshore sozietate batzuen onuraduna izan zen. Jakinarazpen horiek kolpe gogorra dira Ukrainako presidentearen eta haren alderdiaren sinesgarritasunarentzat, eta kontraesan bat azaleratu dute.

Zelenskik esperientzia du politikari uherren eta Ukrainako oligarken aurka borrokatzen. Gutxienez, hala ikusi ahal izan zuen herrialde osoak Herritarren zerbitzaria telesaileko protagonista lanak egin zituenean, Ukrainako estatuburu bilakatzen den bigarren hezkuntzako irakasle baten rola harturik. Historia errepikatu egin zen, baina xehetasun zenbaitekin: 2019ko presidentetzarako bozetara aurkeztu zen, eta aktore izateari utzi agintera igaro zen.

Haren aldarrikapenetako bat zen herrialdearen zati handi bat kontrolatzen duten klase dominatzaile horien aurka egitea, joan den ekainetik Ukrainako presidenteak bultzatu dituen «oligarkizazioaren aurkako politikekin». Oligarka deitzen zaie SESB desegin ostean aberastasunak pilatu zituzten milioidun handiei, zeintzuek botere politikoa ere baduten, eta komunikabide baten edo biren jabe izan ohi diren. Gizonak dira gehienak, eragin handia dute herrialdean, eta dirutzaren jabe dira Europako herrialderik pobreenetako batean. Atzerri Harremanetarako Europako Kontseiluaren datuen arabera, 2013an BPG barne produktu gordinaren %45en jabe ziren. Hamar aberatsenak 17.862 milioi euro ingururen jabe dira.

Zelenskik bere taldearekin pentsatutako neurriek aurreikusten zuten oligarken zerrenda ofizial bat osatzea alderdi politikoei diru laguntza zuzenak eta zeharkakoak ematea eragozteko. Ekainean egindako prentsaurreko baten arabera, haren asmoa da «oligarkarik gabeko herrialde bat» eraikitzea: «40 milioi biztanlerentzako herri bat, ez soilik Forbesen zerrendan dauden ehunentzat. Herrialde bat non enpresa handiak ez diren diru publikotik bizi». Lege proiektu hori irailaren 23an onartu zuten, Ukrainako Parlamentuko 450 diputatuetatik 279ren babesarekin. Horietatik gehienak Zelenskiren alderdikoak ziren.

Zerrenda horretan sartzeko, hurrengo ezaugarrietatik gutxienez hiru bete behar dira: 70 milioi euro inguru baino gehiagoko aktiboak edukitzea, eragina izatea komunikabideetan, monopolioren batengandik irabaziak lortzea, eta ekintza politikoetan parte hartzea. Segurtasun eta Defentsarako Kontseilu Nazionala arduratuko da pertsonak oligarka gisa sailkatzeaz; Kontseilua Ukrainako presidentearen menpe dago, eta haren aurkariek ohartarazi dute modu arbitrarioan balia dezakeela hura.

Herriaren zerbitzaria

Oligarken aurkako diskurtso hori gorabehera, Zelenskiri eta haren alderdiari egozten diete enpresari horietako baten menpe egotea. «Kontu handiz jokatu behar da neurri horiekin, Zelenskik eta haren alderdiak harremanak dituztelako zenbait oligarkarekin; beraz, litekeena da legea selektiboa eta politizatua izatea, eta presidentearekin aliatu gabeko oligarkei kalte egitea», azaldu du Koktxarovek.

Nagusiki Kolomoiskiri egiten zaio erreferentzia, Zelenski ezagun egin zuen telesaila ematen zuen telebista katearen jabeari. Ukrainako enpresaririk aberatsenetan laugarrena da, eta bankuetan eta petrolioan ditu batez ere inbertsioak. Gainera, analistak azaldu duenez, agintean den alderdiko diputatu batzuek harremanak dituzte beste aberats batzuekin ere, besteak beste Viktor Pintxukekin eta Rinat Akhmetovekin. Uste da bi horiek direla herrialdeko bi gizonik aberatsenak.

Pintxuk altzairuarekin egin zen aberats, eta Ukrainako presidente ohi baten alabarekin dago ezkonduta. Akhmetovek, Ukrainako gizonik aberatsenak, metalgintzan, komunikabideetan eta energian ditu inbertsio gehienak. Xaktar Donetsken jabe eta presidente izateagatik ere bada ezagun: herrialdeko futbol talderik handiena da, eta Europako titulu bat duen bakarra. Biak Ukrainako Parlamentuko kide izan dira milurteko honetan, eta eragina izan dezakete Ukrainako buruzagien erabakietan.

Botere borroka

Joan den asteazkenean, tiratzaile batek hamar tiro egin zituen Serhi Xefir Ukrainako presidentearen aholkulari nagusia zihoan ibilgailuaren aurka.

Informazio nahikorik ez bada ere, Presidentetzaren bulegoak zehaztu zuen hilketa saioak zerikusia duela joan den ekainetik Ukrainako presidenteak bultzatu dituen «oligarkizazioaren aurkako politikekin». Azken urte hauetan, haien borroketako bat izan da EBrako joeraren aurka egitea, uste dutelako kalte egin diezaiekeela euren interesei. Hala azaldu du Alex Koktxarovek, Eurasian espezializatutako arriskuen analistak. Haren esanetan, oligarkak baliatu egiten dute lehia gutxi batzuen artekoa dela eta merkatuak arautuak daudela Ukrainan.

«Horregatik, merkatua zabaltzea albiste txarra litzateke, aukera berriak sortuko liratekeelako lehiakideentzat, baita Europako Batasunetik etorriko liratekeenentzat ere. Eta 2021 honetan beste oztopo batekin egin dute topo: Europako herrialderik handienetan bigarrena kontrolatzen duen gizon talde txiki horren boterea murriztera bideratutako politikak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.