Vilniusek EBren babesa eskatu du migratzaileen iritsierari aurre egiteko

Aurten, 3.000 lagunek igaro dute Bielorrusia eta Lituania arteko muga. Gobernuak atxilotze zentroak ireki ditu, eta horma bat eraiki nahi du

Frontex agentziako kide bat, Lituaniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan. STR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Urtea hasi zenetik, Bielorrusia eta Lituania arteko muga «legez kanpo» igaro duten 3.000 migratzaile baino gehiago atxilotu dituzte azken herrialde horretako mugazainek, gehienak azken bi hilabeteetan. Asteazkenean bakarrik, iaz muga zeharkatzeagatik atxilotutakoak halako bi baino gehiago atzeman zituzten; denera, 171 lagun. Lituaniako presidente Gitanas Nausedak «Bielorrusiako erregimenaren eraso hibridotzat» jo du migratzaileen ailegaera, eta larrialdi egoera ezarri du. Kopuruak gora egiten jarraituko duen ustean, egoerari aurre egiteko laguntza eskatu dio EB Europako Batasunari ere.

Bielorrusiaren eta EBren arteko harremanak ez dira onak, eta are gehiago egin zuten okerrera Bruselak Minsken aurkako zigor ekonomiko gehiago iragarri ostean, ekainean. Europako Batasunak «giza eskubideen urraketa larriak» eta «oposizio demokratikoaren eta kazetarien aurkako errepresioa» egin izana leporatu zion Aleksandr Lukaxenko presidentearen gobernuari; besteak beste, Roman Protasevitx kazetaria atxilotzeagatik. Bielorrusiak «terroristatzat» dauka Pratasevitx, eta, besteak beste, Ukrainako Azov batailoi paramilitarrekin lotzen du —eskuin muturreko talde armatu bat da, 2014ko estatu kolpean parte hartu zuena, baita Donbassko gatazkan ere—.

Zigor horiei erantzunez, Lukaxenkok mehatxu egin du Bielorrusiaren eta EBko estatu kideen arteko mugak irekitzearekin; Letoniarekin, Poloniarekin eta Lituaniarekin ditu mugak. «Ez ditugu geldiaraziko Afganistanen, Iraken eta Iranen zapaldu dituzuenak. Ez dugu ez indarrik, ez dirurik, zuek ezarritako zigorren ondorioz», nabarmendu zuen Lukaxenkok hilabete hasieran. Adierazpenak Lituaniarekiko mugan izan du eragin handiena, eta gora egin du 680 kilometro luze den eremua igarotzen saiatu direnen kopuruak.

Zigorrekin soilik ez, Bielorrusiako Gobernuaren aurkako ekintzaile eta politikariei asiloa eman izanarekin ere lotu du egoera Vilniusek. Horien artean dago Sviatlana Tsikhanouskaia, iazko presidentetzarako bozetan bigarren geratu zena. Tsikhanouskaiak herenegun adierazi zuen Bielorrusia «demokraziaren eta autokraziaren arteko guda betean» dagoela, AEBetako presidente Joe Bidenekin bildu ostean.

Liskar horiek mugan eragindako egoerari aurre egiteko asmoz, Vilniusek kontrolak areagotu ditu, eta migratzaileentzako atxilotze zentroak ireki. Horrez gain, bi herrialdeak banatzeko horma bat muntatzeari ere ekin zion hilabete hasieran. Zehazki, Druskininkai hiritik gertu hasi dira eraikitzen, Poloniak, Lituaniak eta Bielorrusiak bat egiten duten lekutik gertu. BNS albiste agentziaren arabera, 30 kilometro inguruko zabalera izango du.

Frontex martxan da

Nahikoa ez, eta Bruselaren laguntza ere exijitu du Lituaniako lehen ministro Ingrida Simonytek. Vilniusen nahiei baiezko batekin erantzun die Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Bielorrusiaren «mugimendu politikoa» salatzearekin batera. Ylva Johansson Barne komisarioak ere bide beretik jo du: «[Bielorrusiak eginiko] Herritarren instrumentalizazio politiko onartezina amaitu egin behar da. Gure lehentasuna Lituaniari laguntzea da, Bielorrusiarekin duen mugaren segurtasunean». Lehen pausoa Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak 35 agente gehiago bidaltzea izan da, eta hamabi milioi euroko diru laguntza bat, «harrera eta asilo prozesuetarako».

Era berean, EBko herrialdeen mugak «legez kanpo» igarotzen dituztenak euren herrialdera itzularaztea errazteko pausoak emateari ekin dio Batasunak; gehienak Afrikako erdialdekoak eta Ekialde Hurbilekoak dira, nagusiki, irakiarrak —bi heren inguru—. Hala, Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell Irakeko Atzerri ministro Fuad Husseinekin jarri da harremanetan, «babesa» eta elkarlana eskatzeko.

Migratzaileetako askok Bagdadetik eta Ankaratik bidaiatzen dute Minskera, hegazkinez, eta Lituaniarako bidea hartzen dute ondoren, EBn asiloa eskatzeko asmoz. Halakorik gertatu ez dadin, ordea, Bruselak Irakeko Gobernuarekin eta jatorrizko beste hainbat estaturekin harremanak hobetu nahi ditu. Izan ere, Irak da, Gambia eta Bangladeshekin batera, migratzaileak deportatzeko «oztopo» gehien jartzen dituen herrialdeetako bat, Europako Batzordearen esanetan.

Bruselak, ordea, presioen bidez lortu nahi du haien konplizitatea. Horretarako, herrialde horietako biztanleei epe laburreko bisak emateko baldintzak gogortzea erabaki du, gutxienez datozen sei hilabeteetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.