Vietnamgo gerra ez da amaitu

Oraindik ere biktimak eragiten dituzte 1964tik AEBek Laosen jaurti eta zartatu gabeko lehergailuek. Arazoa apaldu egin zen, baina berriro larriagotu da.

Bi haur jolasean, 500 kiloko bonben estalkien artean, Laoseko Xien Khuang probintzian. Txatarra gisa birziklatzen dituzte estalkiak. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Phonsavan
2014ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Badira lau urte bizia irauli zitzaiola Eim Sok Kheng neskatoari. Izan ere, pertsonen aurkako CBU-24 munizio bat aurkitu zuen sastraka batzuen artean, AEBek Vietnamgo gerran Laosera jaurti zituen 270 milioi haietakoa —bonbatxo zeritzenetakoa—, nahiz eta herrialde neutral izendatua zen borroka armatu hartan. Eimek, hain zuzen, zorte txarra izan zuen; 80 milioi lehergailu haietako batekin topo egin zuen, zeinaren barnean baitzegoen lehertu gabe geratu zirenetako luku bonba bat. Bazekien arriskutsua zela, baina jakin-minak galdu zuen 12 urteko neskatoa. Eta larrutik ordaindu zuen. Lehertzean, lehergailuaren 300 metal puskek bete-betean jo zuten neskatoa, eta Eimek bi hatzetako atal batzuk eta eskuin zangoko zati bat galdu zituen.

Hala eta guztiz ere, zorionekoa, bizia bera galdu ez zuenean. Bonbardaketa kanpaina 1964an hasi zen, eta, harrezkero, 30.000 pertsona inguru hil izan dira Laosen arrazoi horregatik. Zazpi milioi biztanle baino gutxiagoko herrialdea da; gatazka amaitu ondorenean, 12.000 pertsonak galdu dute bizia, eta, 2008az geroztik, 200ek baino gehiagok. Zoritxarrez, oraindik ere ez dago galarazia luku bonbak erabiltzea —halako batengatik geratu zen maingu eta zangomotz Eim, bonba jaurtia izan eta berrogei urtera—, ez eta pertsonen aurkako minak ere. Nolanahi ere, egunotan konbentzio bat egiten ari dira Maputon, ea formula egokiren bat aurkitzen duten behingoz amaitzeko oraindik amaitu ez den gaitz hori.

Iaz, hamabi pertsona hil ziren Laosen zartatu gabeko lehergaiengatik; historian izan den kopururik txikiena. «Gure iritziz, bi eragilerengatik jaitsi da nabarmen istripuen kopurua. Batetik, bederatzi talde dabiltza informatzaile lanean beste hainbeste probintziatan; urtean 650 bat herrixkatara joaten dira, eta, jolasen eta hitzaldien bidez, lehertu gabeko lehergai horien arriskuaz ohartarazten dituzte herritarrak. Bestetik, merkatu egin da txatarraren prezioa; oso esanguratsua da, bonbetatik eta pertsonen aurkako minetatik lehergaiak erauzten ahalegintzen baita tokiko jendea gero metal hori saltzeko asmoz, eta ahalegin horretan gertatzen baitira istripuetako asko», azaldu du Thipasone Soukhathammavong-ek, UXO Lao erakundeko zuzendari nagusiak.

Datu on horiek, baina, pikutara joan dira 2014ko lehen erdialdean, 2013. urte osoan baino handiagoa izan baita biktima kopurua. Eta, bitxia bada ere, adituek herrialdearen garapenari egotzi diote horren errua. «Aldatu egin dira mehatxuak», nabarmendu du Tim Lardner-ek, Laoseko PNUD Nazio Batuen Garapen Programako aholkulari tekniko nagusiak. «Orain, istripu gehiago gertatzen dira azpiegiturak eraikitzeko proiektuetan, eta nekazariek ere arrisku handiagoa dute, idiek tiratutako golde tradiziozkoen ordez traktoreak erabiltzen baitituzte —astunagoak izaki, lurrean ildo sakonagoak egiten dituztenez—. Guk darabilgun teknologiari esker, lursail bat segurua dela ziurtatzen dugu, 25 zentimetro bitartean; traktore batzuek, ordea, zulo sakonagoak egin ditzakete, eta jaurtigairen bat jo. Gainera, handitu egin da istripuak izaten dituzten haurren kopurua ere», erantsi du. Izan ere, MAG Minei Buruzko Aholkularitza Taldearen ustez —1997an, Bakearen Nobel saria jaso zuen—, gaur egungo biktimen ia erdiak 12 urtetik beherakoak dira.

Eta ez dirudi sarraskia amaitzear dagoenik. «Xieng Khuang-en, gehien erasandako probintzietako bat baita herrialdean, 5.978 hektarea garbitu ditugu 2000. urteaz geroztik; eremu kutsatuaren %35 baino ez da hori. Nazioan, berriz, UXO sortuz geroztik [1996], %1 da», jakinarazi du Kingphet Phimmavong-ek, gobernuak ipar-mendebaldeko probintzia horretan duen bulegoko koordinatzaileak. «Talde gehiago behar ditugu, baina ez daukagu behar hainbat baliabide. Hala, ezin lortuzkoa da gobernuak bere buruari ezarria dion helburua: 20.000 hektarea garbitzea; 2013an, ez ziren alferrik izan 6.800 bakarrik. Gainera, krisia dela eta, funtsik gabe geratu dira gobernuz kanpoko hainbat erakunde, eta diru laguntzarik gabe biktimak». Gizarte segurantzako sistema sendorik gabe, arrisku larrian dago erasandako jende asko.

Horren adibide adierazgarria da behargin bati gertatua, esaterako, hondeamakina batekin lanean zebilela Xieng Khuangen etxebizitza batzuk eraikitzen. Fosforo zurizko bonba bat jo zuen makinarekin, eta bere kabuz kendu eta gordetzea erabaki, ohartu gabe jario bat zuela. Konturatu zenerako berandu zen, eta zangoak erreak zizkion gai kimikoak. Garaiz jo zuen osasun etxe batera, baina han lan egiten zuten medikuek ez zekitenez nola tratatu egoki, lekualdatu egin behar izan zuten, eta, azkenik, zango biak moztu behar izan zizkioten garaiz ez artatzeagatik. «Biktimei babes handiagoa eman beharra diegu, baina aurten 2,5 milioi dolar falta zaizkigu [1,9 milioi euro] eginkizun horretarako aurrekontu bat izateko, hau da, 9,4 milioi [7,2 milioi euro]», onartu du UXO Laoko zuzendariak.

Laos osora ezin iritsi

«Dilema handi bat daukagu», erantsi du Lardnerrek. «Lanak zer erritmotan aurreratzen ari diren ikusita, urteak eta urteak beharko dira Laos osoa segurua izaterako. Ordurako, hemendik 50 edo 100 urtera, ezin erabilizkoak izango dira erabat lehergaiak. Kontuan izanda oso kostu handia dutela lehergaiak suntsitzeko lanek, eta gero eta baliabide gutxiago ditugula, geure buruari galdetu beharrean gara ea noraino arriskatu nahi dugun. Merezi al du dituen herritar apurrak oso sakabanatuta dauden herrialde oso bat garbitzea, edota lehentasuna duten eremuetan bakarrik zentratu beharko genuke?».

Soukhathammavongek adierazi duenez, zenbait eremutan ez dira sartu ere egiten UXOko 1.200 langileak: «Batez ere, pertsonen aurkako minaz josita daudenetan. Sarbide gaitzeko gailurretan ezarri zituzten estatubatuarrek, eremua kontrolatzeko, eta helikopteroz sartzen ziren haietan. Argi eta garbi identifikatuta daude eremu horiek, eta ingurumariko bizilagunek badakite ezin direla hurbildu haietara. Zentzugabea da horretan baliabiderik xahutzea». Bestalde, herrialdeko oihan zarratuan daude luku bonben jaurtigaietako asko, eta, han, txikia da biktimen kopurua.

Horregatik, hiriguneetan jarduten dira lanean gizon-emakumezkoen taldeak, eta alemaniarren metal detektagailu zaharkituak erabiltzen dituzte lehergailu arriskutsuak suntsitzeko. Poliki-poliki ibiltzen dira, gailuen adierazleetan jarrita arreta osoa. Hala, lehergairik egon daitekeen alderdiak mugatzen dituzte. Kontu handiz, gorritu egiten dute eremu susmagarria, eta, azkenik, agerian uzten dute jaurtigaia. Beste aditu batek, berriz, dagoen tokitik ken daitekeen aztertzen du, kontuan izanik aurkitutakoaren modeloa, egoera eta kokagunea. Eta erabakitzen duenaren arabera, dagoen tokitik atera eta toki seguru batera eramango du beste kide batzuekin batera, eta hantxe zartaraziko. Bestela, tokian bertan suntsituko dute; halakoetan, eztanda burrunbatsu bat izango da, eta ke adar beltz bat sortuko; hileta batekoa bezalako isiltasun goibela, berriz, handik distantzia seguru batera daudenen artean.

Iaztik, zuzenean lehen ministroaren menden dago UXO Lao erakundea, eta horko arduradunek adierazi dute txatarraren prezioa garestitzeak ekar dezakeela arriskurik handienetako bat. «Ameskeriazko bihur daitezke 2013ko kopuru bikainak», aurreratu du Xieng Khuangek, erakundeko koordinatzaileak. «Lehen, izan ere, 2.000 kip [20 zentimo] ordaintzen zuten kilo bat txatar; orain, berriz, 500 kip [5 zentimo]. Ez da nahiko pizgarri, ordea, bonba bila eta haiek desaktibatzen bizia arriskatzen dutenentzat gero haietatiko metala saltzeko asmoz. Baina prezioa igo egingo da berriro, bai eta biktimen kopurua ere».

Beste askok bezala, Luong-ek ere vietnamdarren metal detektagailu zahar bat eskuratu zuen, bere kasa aritzeko lehergai bila. Helburu bat zuen: 50 kilotik gorako bonbatzarrak; Ameriketako Estatu Batuek halako lau milioi baino gehiago jaurti zituzten. «Ehun dolar bakarrik [75 euro] kostatu zitzaidan detektagailua, eta majo enpaztu dut!», kontatu du, algaraka, adobez egina den eta lastozko sabaia duen bere etxetxoan: «Aurkitzen nuen bonbatzar bakoitzari esker, lau hilabetean jateko lain zeukan nire familiak. Baina, orain, oso apala da altzairuaren prezioa, eta gora noiz egingo zain gaude, detektagailua hartuta berriro metal bila irteteko», adierazi du. Badaki bizia gal dezakeela horretan, baina ziur dio merezi duela arriskatzea, alternatiba bakarra dutelako: «Zer janik ez izatea».

Ez da etsita dagoen bakarra. Xieng Khuang probintziako herrixka txiki honetan, auzoko askok dituzte detektagailuak etxean gordeak. Hain zuzen, jardinera moduan erabiltzen dituzte batzuen batzuek, bai eta palafito edo aintzira etxe tradiziozkoen zutarri gisa ere. Beste zerbaiterako erabiltzea erabaki du Luongek, senide baten laguntzari esker: urtu egiten dute metala, eta lurra lantzeko lanabes bihurtzen. «Auzokoei edo merkatuan saltzen ditugu, eta txatarra baino hobeto ordaintzen da. Beraz, bizirik irauteko bide ona da. Aurrerantzean ere, jaurtigai bila ibiliko naiz».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.