1973ko Txileko kolpe militarreko buruzagietako bat, Pedro Barrientos militar ohia, atzo atxilotu zuten Floridan, AEBetako HSI Nazio Segurtasuneko Ikerketen bulegoak jakinarazi duenez. 2016an Victor Jara kantautore ezkertiarraren torturen eta hilketaren erantzuletzat jo zuten Barrientos Floridako auzitegi batean. Barrientos Deltona hirian atzeman dute, ipar-ekialdeko kostan, HSIk ohar batean jakinarazi duenez.
Uztailaren 14an, AEBetako epaile batek herrialde horretako nazionalitatea kendu zion Barrientosi, bere karrera militarreko gertakariak «nahita» ezkutatu zituela ebatzita. Testigantza faltsua ematea eta epaiketarik gabeko hilketetan parte hartu izana egotzi zion, eta gertaera horiek isilduta AEBetako nazionalitatea «legez kanpo» lortu zuela deliberatu zuen.
2016an, Orlandoko auzitegi federal batek Vitor Jararen torturen eta hilketaren arduraduntzat jo zuen Barrientos, kantautorearen familiak eskatuta egindako epaiketan. Jararen senideei milioi askoko kalte ordaina emateko agindu zion Barrientosi epaileak.
Orain Mugak eta Migrazioak Kontrolatzeko Zerbitzuaren esku dago Barrientos, deportatze eskaera gauzatzeko zain.
Barrientos 1990ean sartu zen AEBetan, bisitari bisa batekin, eta zazpi urte geroago estatubatuar batekin ezkondu zen. Herrialde hartako nazionalitatea eskatu zuenean, Barrientosek adierazi zuen ez zuela loturarik inongo erakunde politiko eta militarrekin.