TXILE

Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri

Txileko Auzitegi Gorenak berretsi egin du aurreko kondena, kantaria bahitu eta hiltzeagatik jarritakoa. Pinocheten diktadurako krimen sinbolikoenetako baten auzia itxi dute epaileek. Zazpi militar horietako batek bere buruaz beste egin du epaiaren berri izan ondoren.

Victor Jararen irudi bat, haren heriotzari buruzko egia eta justizia eskatzeko leloekin.. CLAUDIO REYES, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abuztuaren 29a
12:58
Entzun

Txileko justiziak herrialdeko diktaduraren krimenik sinbolikoenetako bat zigortu du gaur, sententzia irmo batekin. Auzitegi Gorenak 25 urteko kartzela zigorra ezarri die zazpi militar erretiraturi, Victor Jara musikaria bahitzeagatik eta hiltzeagatik. Estatu kolpearen 50. urteurrenaren atarian iritsi da epaia —irailaren 11n beteko da mende erdi—, diktadura militarrari buruzko kontakizun ofizialak zein izan behar duen eztabaidan dela, gizarte giro polarizatu batean.

Auzitegiak baztertu egin ditu defentsak Apelazio Auzitegiaren epaiaren aurka aurkeztu zituen argudioak, eta frogatutzat jo du Raul Jofre Gonzalez, Edwin Dimter Bianchi, Nelson Haase Mazzei, Ernesto Bethke Wulf, Juan Jara Quintana eta Hernan Chacon Sotok kantautorea erail zutela, Kartzela Zerbitzuetako zuzendari Littre Quirogarekin batera.

Epaiaren berri izan ondoren, Chacon Sotok bere buruaz beste egin du. Santiagoko Las Condes auzoan bizi zen, eta, tokiko hedabideen arabera, atxilotzera joan zaizkionean egin du bere buruaz beste. Txilen giza eskubideen urraketez arduratzen den segurtasun indarren unitatea joan da haren bila epaia atera ondoren, Punta Peucoko espetxera eramateko. Atxiloketaren une batean botika bat hartzeko baimena eskatu du, eta, EFE albiste agentziaren arabera, une horretan egin du bere buruaz beste. 86 urte zituen.

«Gertaerak azaltzeko sentiberatasuna»

Txileko Justizia ministro Luis Corderok goraipatu egin du Gorenaren epaia «arazo prozesalera» ez mugatu izana. «Gertaerak azaltzeko sentiberatasuna izan du». Horrek balio handiagoa ematen dio sententziari, haren iritziz. «Epaiek ordain funtzioa betetzen dute errudunak kondenatzeaz gain biktimen historia kontatzen dutenean».

Jara bere herrialdeko eta Latinoamerikako kantagintza berriaren ikonoa zen, alderdi komunistako militantea, eta Salvador Allendek gidatu zuen ezkerreko gobernuarekin (1970-1973) kolaboratu zuen. 1973ko irailaren 12an atxilotu zuten militarrek, Estatuko Unibertsitate Teknikoan —bertako funtzionarioa zen—, estatu kolpea eman eta hurrengo egunean. Txileko Estadio Nazionalera eraman zuten handik, eta torturatu egin zuten. Hiriburuko estadioa kartzela eta tortura zentro gisa erabili zuten militarrek. 5.000 presotik gora itxi zituzten han. Gaur, Victor Jara estadioa du izana. Irailaren 16an aurkitu zuten musikariaren gorpua, Metropoliko Hilerritik gertu, lugorri batean botata, trenbide baten ondoan, beste lau gorpurekin batera. Ezkutuan lurperatu zuten handik bi egunera.

Sententziak jasotzen duenez, «pertsonal militarrak izaera publiko jakin bateko presoak identifikatu zituen, eta gainontzekoengandik banatu, eta, atxiloaldian, bai Victor Jara Martinez nahiz Littre Abraham Quiroga Carvajal atzeman zituzten militarrek». Epaiak azaltzen du «zaintza berezia» ezarri zietela biei, eta «atxiloaldi osoan eraso fisikoak eta hitzezkoak etengabe jasan» zituztela.

Epaileek aho batez adierazi dutenez, 1973ko irailaren 13tik 15era bitartean, militarrek galdeketak egin zizkieten Txileko Estadio Nazionaleko presoei, «aurretiko prozedura judizialik edo administratiborik gabe». Preso horien artean ziren Jara eta Quiroga. Gorenaren esanetan, galdeketa horiek ez ziren inon jasota utzi, ezta ustez leporatu zitzaizkien karguen edo nolabaiteko prozesu judizialen berri ere.

44 bala tiro

Jararen gorpuzkiak 2009ko ekainean desobiratu zituzten, Txileko justiziaren aginduz, eta omenaldi ofizial eta jendetsu batean eman zitzaien lur berriz, urte bereko abenduan. Omenaldian parte hartu zuen orduko presidente Michelle Bacheletek. Autopsiak erakutsi zuen Jarak 56 hezur haustura zituela, eta 44 bala tiro jaso zituela hil zutenean. Gorrotoaren aztarnak latzak ziren Quirogaren gorpuan ere. 47 hezur haustura eta 23 bala tiro. Jararen hilketa zen Txileko justiziak ixteko zituen auzirik garrantzitsuenetako bat.

Jararen «jardun artistikoa, kulturala eta politikoa» zigortu zuten diktadurako militarrek, Gorenak epaian esan duenez. Aldiz, Quirogaren kasuan, Roberto Viaux armadako jeneral zenak espetxean tratu txarra jaso izanaren erantzule egin zuten. Jeneral horrek estatu-kolpe saiakera bat gidatu zuen 1969an. Jarak 40 urte zituen hil zutenetan, eta Quirogak, 33.

Bere azken kantu poema preso zegoela idatzi zuen Jarak. Somos cinco mil [Bost mila gara] edo Estadio Chile [Txile Estadioa] izenez ezagutzen da. Kantautore latinoamerikarra El derecho a vivir en paz [Bakean bizitzeko eskubidea] eta Te recuerdo Amanda [Oroitzen zaitut Amanda] abesti ezagunen egile ere bada.

Augusto Pinochet jeneralaren diktadura militarrak hamazazpi urte iraun zuen (1973-1990), eta 3.200 opositore baino gehiago hil zituen. Biktimak, orotara, 40.000tik gora izan ziren, eraildakoak, desagerrarazitakoak, torturatuak eta preso politikoak barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.