Via Campesina nekazarien aldeko nazioarteko mugimenduko ordezkaritza bat hamar egunez izan da Palestinako lurralde okupatuetako hainbat eremutan, abenduaren 8tik 18ra artean. UAWC Palestinako Nekazaritza Lanaren Batzordeen Batasunarekin bat izan dira han, «Palestinako herriari elkartasuna adierazteko», eta «apartheid sionistaren sistemari buruzko testigantzak jasotzeko». Erakundeak gaur kaleratu du bidaiaren ondorengo komunikatua, eta, horren bidez, salatu du «estrategia inperialistak eta kolonialak» berez daudela lotuta Palestinako sarraskiarekin. Ordezkaritza horrekin batera egin dute bidaia EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna elkarteko bi kidek.
Via Campesinaren arabera, horren erakusgarri da kolono israeldarrek okupatutako hainbat eremutan palestinarren aurkako kartel handiak eta bestelako adierazpenak ikusi dituela han izan den ordezkaritza taldeak; besteak beste, «ez dago etorkizunik Palestinarrentzat» zioten kartelak. Hain justu, hamar eguneko bidaia horretan nekazarien eta errefuxiatuen komunitate ugari bisitatu ditu Via Campesinak, hala nola Ramallah, Nablus, Hebron, Jeriko eta Jerusalem ekialdea.
Bada, mugimenduak gaur argitaratutako komunikatuan jaso duenez, kolono israeldarren ekintzek palestinarren alderdi guztiei eragiten diete: «Lurrerako eta baliabide naturaletarako sarbideari, mugitzeko askatasunari, hezkuntzari, osasunari...». Are, iazko urriaren 7tik nekazaritza azpiegiturei sistematikoki eraso diela salatu du. Horiek horrela, Israelek ekoiztutako nekazaritzako edozein elikagairi edo produkturi boikota egiteko deia egin du mugimenduak.
Bestalde, Via Campesinak zehaztu du Europako Koordinazioko ordezkariek soilik osatu ahal izan dutela hara joan den taldea, Israelgo Gobernuak ezarritako bisa politika «murriztaileen» ondorioz.