Venezuelarrak, petrolioaren alternatibei so

Maracaiboko aintzira inguruan, 1914an inauguratu zuten lehenengo petrolio hobia, eta ustiaketak itzelezko kalteak eragin ditu Latinoamerikako ekosistema aberatseneko lurzoruan, akuiferoetan eta atmosferan. Eremu babestu horretan, urre, diamante eta koltan meatzeak ireki ditzakete orain.

Jaime Tite, azken 30 urteotan Perija mendilerroan bizi den jatorri kolonbiarreko laboraria. SANTI DONAIRE.
Caracas
2015eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Joan den urtarrilaren 21ean Asanblea Nazionalak eginiko batzarrean, areto jendez bete-betean, honako hau baieztatu zuen Venezuelako presidente Nicolas Madurok: «Petrolioa sekula ez da berriro egongo 100 dolarrean». Venezuelan, petrolio gordinaren prezioak nazioarteko upelaren ibilbide berbera egin du iazko erdialdetik. Venezuelan, 2014ko ekainean, 99 dolar amerikarrean zegoen petrolio upela. Gaur egun, 2015eko otsailaren amaiera aldean, petrolio upela 50 dolarrean ari dira saltzen merkatuan, PDVSA Venezuelako Petrolioa enpresa nazionalaren arabera.

Egoera ez da, inola ere, Hugo Chavez agintean egon zen aldiaren parekoa. Atzo, hain justu, bi urte bete ziren mugimendu bolivartarraren gidaria hil zenetik. Haren agintaldian, petrolio upelaren prezio altuak diru sarrera oparoak ekarri zizkion Venezuelari.

BP British Petroleum erakundeak egindako txosten baten arabera, egiaztaturiko petrolio erreserbarik handiena dauka Venezuelak. Eta munduko herrialde petrolio-esportatzaileen artean 12. dago Karibe itsaso aldekoa. 1920ko urteez geroztik, petrolio gordinarekiko mendekotasun erabatekoan oinarriturik taxutu du bere ekonomia Venezuelak. Petrolio salmentatik lortzen du herrialdeak bere diru sarreretatik %96. Horrek berekin ekarri du herrialde zeharo inportatzaile bihurtzea Venezuela XX. mendearen bigarren erdialdetik gaurdaino, bazter utzita industriako edo nekazaritzako beste edozein jarduera propio. Kalkuluen arabera, herrialdean kontsumitzen diren jaki oinarrizkoen %50 inportatuak dira; okela gorritan, esaterako, %95 ere bai, eta garitan, %100.

Urtero, petrolio upelaren prezioa kalkulatzen du gobernuak, eta horretan oinarritzen ditu estatuaren aurrekontu nagusiak. Eta petrolioa da nazioaren altxor publikoaren diru iturri ia bakarra, ez baitute ia zerga sistemarik. 2015erako, kalkulu bat egin zuen Nicolas Maduro presidentearen gobernuak, upeleko 60 dolar; gaur egun, berriz, 50 dolarreko kostua du.

Egoera horrek dezente murriztu du likidezia aurtengo finkaturiko helburuak bete ahal izateko, bai naziokoak, bai nazioarteko konpromisoak betetzeko eta herrialdeak aspalditik dakarren zorra ordaintzeko. Duela hilabete batzuk Venezuela kantziler ohi eta PDVSAko presidente ohi Rafael Ramirezek adierazi zuenez, Venezuelako petrolio upelak galtzen duen dolar bakoitzeko, 700 milioi dolarreko diru sarrera bat galtzen du estatuak.

Egoera hori ikusirik, Maduroren gobernuak finantzabide mekanismo berriak bilatzen hasi behar izan du lehenbailehen, moduko ekoizpen nazionala sustatzeko plan bat abiarazi eta inportazioarekiko mendekotasuna apalarazteko. Urte honen hasiera aldean, presidenteak bira bat egin zuen LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko hainbat herrialde aliatuetan eta kideetan barrena, hala nola Errusian, Qatarren, Saudi Arabian, Iranen eta Txinan zehar. Buruzagiaren asmoa zen, batetik, finantzabide berriak bilatzea, eta, bestetik, nazioartean adostasuna lortzea petrolioaren prezioak igo eta egonkortzeko.

Txinan egin zuen lehen geldialdia, eta Venezuelako segizioak interes berezia agertu zuen herrialde hartako enpresen babesa lortzen, hala hainbat proiektu sozial eta industrial egin ahal izateko. Azkeneko urte hauetan, Asiako erraldoiak 56.000 milioi dolar baino gehiago ekarri dizkie Venezuelako kutxei, egunero milaka petrolio upel inportatuta; ordainetan, baina, Venezuelan hainbat inbertsio egingo zituela hitzeman zuen, eta lankidetzarako bide berriak bilatuko zituela.

'Herrialde potentzia'

Maracaiboko aintzira inguruko lehenbiziko petrolio hobia 1914an inauguratu zuten, eta, harrezkero, harreman gaitzekoa izan da petrolio ustiategiaren eta Latinoamerikako eskualde horretako ekosistema aniztasun eta aberastasun handieneko horren arteko elkarbizitza. Urte hauetan guztietan, petrolio ustiategiak itzelezko ondorio kaltegarriak eragin ditu lurzoruan, akuiferoetan eta atmosferan; horiek guztiek zerikusi zuzena dute ustiategiko gune nagusiarekin.

Petrolio esplorazio/ustiategi hori egin ahal izateko, hainbat azpiegitura jarri behar izan dituzte, eta horrek berekin ekarri du baso primarioen hektarea mordoa soiltzea, bai eta lurzorua, ura eta airea kutsatzea ere.

Maracaiboko aintziraren arroko metal astunak izugarri kutsatuak daude, eta osasun ondorio ezinago larriak dakarzkie hainbat haurri: esaterako, anentzefalia (masa entzefalikoaren absentzia). Halaber, hidrokarburoen isuria etengabea da kostaldeko ekosistema handietan —faunarentzako babesgune hezeetan eta arrantza erreserbetan— eta Venezuelako ekialdean.

Gaur egun, petrolioaren prezioek behera egin dutelarik —lehen ere esana dugunez— eta horrek Karibe aldeko herrialdean hainbat ondorio eragin dituelarik, Maduro presidenteak ageriko borondate bat izan du agintea hartu orduko: «herrialde potentzia» bihurtzea Venezuela, petrolio errentarekiko mendekotasuna murrizteko eta aniztasun handiagoko bihurtzeko ekoizpen nazionala.

Ekonomia berrindustrializatzearen bidez, zeina petrolio gordinaren ustiapenarekiko paraleloan baitoa oraindik Venezuelan, presidenteak hainbat proiektu landu ditu «eremu ekonomiko berezi» deritzenetan. Proiektu horietan elkarlan zuzenean arituko dira Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuneko hainbat herrialderekin eta beste hainbat aliaturekin batean —batez ere, Txinarekin—.

Paradigma ekonomiko berri horrek beste erronka bat dakarkie herrialdean diren mugimendu ekologistei. Nicanor Cifuentes biologoa da, UBV Venezuelako Unibertsitate Bolivartarreko Ingurumen Kudeaketa Graduko irakaslea, eta La Mancha talde ekologistako kidea; haren ustez, zabalegia da herrialde potentzia kontzeptua, eta polisemia iturri. «Gure ustez, horko aniztasun biologikoaren handiak sekulako potentzia ematen du aurrerantzean ere elikadura subiranotasunaren alde egiteko. Herrialde potentzia ikuspegiak, zaharkituak dauden eta bioaniztasunarentzat zein giza biztanleriarentzat ezinago kaltegarriak diren eskemetan gerizatua izaki, ez luke gailen izan behar, eta hori hala dela salatzeak gogor erasaten die etengabe mugimendu ekologistei», adierazi du Cifuentesek.

«Sistema kapitalistak eredu errentaduna ezarri du Venezuelan, eta horrekiko ekarri dizkion mendekotasun mailek —horiek itzultzen ahalegindu da gobernua 16 urteko iraultza prozesuan— mugatu egiten dute petrolio errentaren eredua benetan aldatu ahal izatea». Hala dio Nicanor irakasleak, herrialdearen etorkizun ekonomikoari buruz galdetuta. «Lehenik eta behin, petrolio errentak bermatu behar du jarduera ekonomikoaren dinamizazioa, eta gero jauzi kualitatibo bat egitera jo, ekonomia emankor iraunkor bateko beste hainbat alor ere beren parte hartzea sendotzen has daitezen. Erronka horrek oraindik ere ez gaitu mobilizatu, ez ekologista gisa, ez eta herri indigenen giza eskubideen aldezkari gisa ere».

Perija mendilerroa

Garraiobidea erabilita, Maracaibo hiritik —Venezuela ipar-mendebaldea, Zulia estatua— hiru ordu eskasera dago Perija mendilerroa. 2.950 kilometro koadro baino gehiagoko eremua hartzen du (295.000 hektarea), eta Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugalde naturala da. 1978az geroztik, parke natural ere bada Perija: hobekien kontserbaturiko eta aniztasunik handieneko baso tropikalen babesleku da, bai eta ibai eta iturri nagusien sorburu eta igarobide ere; horiexetako ura darabilte edateko Maracaibo hiri osoan eta udalerri mugakideetan. Milaka urtean, ekosistema horixe izan dute bizileku hainbat herri indigenak (wayu, bari eta yukpa), eta txikizkako nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira.

Mendilerro hori, halaber, komunitate indigenen eta Venezuelako Gobernuaren arteko protesta eta borroka gogorren gertaleku izan da. 1986an, Perijako zorupe osoan behinola aurkituriko ikatz erreserbak ustiatzea erabaki zuten. Enpresa misto, publiko eta pribatuen bidez, herrialdeko ikatz meatzerik handiena ireki zuten; 1.000 hektarea baino gehiagoko eremua hartzen zuen, Guasare ibaiaren arroan. Meatze hura irekitzeak ingurumena hondatu zuen, eta Guasare ibaia kutsatu; horrez gainera, milaka familia wayu lekualdatu behar izan zituzten.

Hainbat alditan, azken 20 urteotan, ikatz ustiategia handitzeko proiektu berri bat abiarazi nahi izan da, bai eta zentral termoelektriko bat egitea ere, eta kargarako kai nazioarteko bat ikatza esportatzeko. 2006an, Hugo Chavez zena proiektu horren kontra agertu zen jendaurrean, eta hango habitata eta komunitate indigenak kontserbatzearen alde.

Hala eta guztiz ere, joan den otsailaren 10era arte ez zuten onartu makroproiektu hori, Kazeta Ofizialean argitaraturiko presidente dekretu baten bidez eta Zulia Estatuko Gobernazioari —chavismoaren mendekoa— eta hainbat enpresa pribaturi esker. Behin proiektua onarturik, eremu ustiatua handitzeko asmoa dute orain: gaur egun 1.200 hektarea ditu, eta aurrerantzean 24.000 hektarea izango ditu. Eta, berriro ere, Maracaibo eremuaren hornikuntzarako ibai garrantzitsu bati erasango dio, Socuy ibaiari.

Berehala etorri zen erantzuna. Bizibidea sektorean duten indigenek, Maracaiboko ekologisten eta ikasleen mugimenduekin batean, lurraren eta uraren aldeko borroka indarberritu zuten, Perija mendilerroko ekosistemaren hondamendi erabatekoa ekarriko liekeen hori geldiarazteko asmoz.

Txinaren esku sartzea

«Hemen, ikatza baino zerbait gehiago dago. Duela urte batzuk, hainbat esplorazio egin dituzte eremu honetan, urre, diamante eta —batik bat— koltan bila. Antza denez —hala kontatu digute—, txinatarrek bereganatu dituzte kontzesio guztiak; orain, txinatarrena da Venezuela». Halaxe adierazi du Jaimek, zeinari Tite ere esaten baitiote eskualde hartan. Laborari kolonbiar bat da Tite, duela 30 urtetik Perijan bizi dena.

Gero eta gehiago dira teoria horren zaleak. Nicanor Cifuentes biologoaren ustez ere Txinak denbora honetan guztian Venezuelari ekarri dion finantzabidearen ondorio zuzena da hori. «Badirudi Txinari egin beharreko ordainketaren beste klausula bat dela. Perijan, are gehiago exijitzen du Sinohydro enpresak —Txinako kapitala darabil—; Socuy ibai arroko ikatza exijitzen dute, ongi lotzearren diru inbertitua berreskuratu ahal izatea».

Dagoeneko, inor gutxik zalantza egiten du meatze proiektu horren helburua dela dinamizatzea Venezuelako ekonomia, petrolioaren krisia dela-eta erasanda baitago. Perija mendilerroa da, hain zuzen, herrialderako dibisak lortzeko modu berrien bila aritzeko lehen adierazpidea. Baliabide iturri berria ekarriko luke atzerrira ikatza saltzeak, eta horrek, berriro ere, erronka joko lioke Venezuelako ingurumen lehendik kaltetuarekiko errespetuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.