Venezuelako oposizioari garaipena ematen dioten aktak erakutsi ditu Carter zentroak

Bozetan behatzaile aritu zen AEBetako erakunde horren arabera, «akta ofizialak» eskuan, Gonzalezek botoen %60 baino gehiago lortu zituen. Chavismoak «gezurra» esatea egotzi dio.

(ID_14306286) EEUU VENEZUELA
Carter Zentroko Jennie Lincoln, atzo, ustezko akta bat eskuetan duela. LENIN NOLLY / EFE
Igor Susaeta.
2024ko urriaren 3a
10:00
Entzun

Carter zentroak jaso ditu joan den uztailaren 28an egindako Venezuelako presidentetzarako hauteskundeen «jatorrizko aktak», eta horiek erakusten dute, bozetan behatzaile aritu zen AEBetako erakunde horren arabera, oposizioko koalizio PUD Plataforma Unitario Demokratikoko presidentegai Edmundo Gonzalezek irabazi zituela, botoen %60 baino gehiago bilduta. Hori jakinarazi zuen Jennie Lincolnek, zentroaren Latinoamerikarako aholkulari nagusiak atzo gauean Washingtonen, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen Batzar Iraunkorraren bilera batean.

Hauteskundeak egin eta gutxira, 24.532 aktaren kopiak —guztien %81 inguru— webgune batean ikusgai jarri zituen oposizioak. Nazioarteak, oro har, aktak argitaratzeko eskatu dio CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalari. Organo horrek ez du hori egin, baina Nicolas Maduro hautagai ofizialista, 2013tik herrialdeko presidente dena, jo du garailetzat, botoen %51,95 lortuta.

«Akta hauek funtsezkoak dira», azpimarratu zuen Lincolnek, atzo, eskuetan, ustez, akta ofizial batzuk zituela. Haren esanetan, Venezuelako alderdi politiko guztiek kalkula dezakete bukaerako boto kopurua, «30.000 hauteskunde mahaitan» bildutako aktak oinarritzat hartuta. Carter Zentroko kideak azaldu zuenez, hauteskunde mahai bakoitzaren emaitzaren berri ematen duen akta bat inprimatzen da, eta hori ematen diete, besteak beste, alderdien behatzaileei, baita CNEri berari ere. «Oposizioak eta nazioarteko behatzaile independenteek aztertu zituzten akta hauek». QR kode bat dute, Lincolnek «datu esanguratsu» gisa azpimarratu zuenez; «horrek ahalbidetzen du informazioa modu sistematikoan bildu ahal izatea».

Froga fisikoa

Bozen emaitzak ezin zirela «demokratikoak» kontsideratu nabarmendu zuen Carter Zentroak, uztailaren 31n. Erakundeko hamazazpi kide behatzaile aritu ziren bozetan, eta ondoren kaleratutako txostenean jaso zuen Venezuela ez dela egokitu «hauteskunde integritatearen inguruko nazioarteko parametro eta estandarretara», eta, horrenbestez, «urraketa larriak» gertatu zirela. Lincolnek «CNEren gardentasun faltan» jarri du arreta. «Garaile bat izendatu du, baina ez ditu aktak erakutsi nahi; jokabide horrek ez du nazioarteko estandarrak betetzen», esan zuen, atzo. Luis Almagro AEEren idazkari nagusiak ere parte hartu zuen atzoko bileran, eta adierazi zuen prozesua ez zela izan «ez askea, ez gardena».

PUDeko lider Maria Corina Machadoren hitzetan, Carter zentroko kideak erakutsitako aktak dira Gonzalezen —Espainian dago irail hasieratik, erbesteratuta— garaipenaren «froga fisikoa». Bideo batean esan duenez, «munduak», orain, «eskuen artean» dauka «egia». Venezuelako Barne ministro Diosdado Cabellok azpimarratu du, bestalde, ez zaiola «axola» Carter zentroak zer dion. «Gezurra esaten ari da. Ez diogu erreparatuko hedatzen ari den zaborrari», esan du goizaldean, Venezuelako telebista kate publikoan duen programan.

ZER DA CARTER FUNDAZIOA?

Jimmy Carter 1977 eta 1981 artean AEBetako presidente izandakoak 1982an sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde bat da. Batez ere, gatazketan bitartekari izatea eta hauteskundeetan behatzaile aritzea du eginkizun. Fundazioa horren webguneko datuen arabera, azken lau hamarkadetan 80 herrialdetan baino gehiagotan aritu da bitartekari, eta ehun hauteskundetan baino gehiagotan izan dira behatzaile.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.