Edmundo Gonzalez Espainian erbesteratu da asilo politikoaren zain

Venezuelako oposizioburuari asiloa emango diola iragarri du Espainiak. Espainiako Atzerri Ministroak jakinarazi du Caracaseko enbaxadan geratzeko aukera eman ziotela Gonzalezi.

Edmundo Gonzalez, artxiboko irudi batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Edmundo Gonzalez, artxiboko irudi batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 9a
16:55
Entzun

Venezuelako oposizioko buru Edmundo Gonzalez Urrutia Madrilen dago, Caracastik alde egin ondoren. Gonzalezek adierazi du «jazarpen politiko eta judiziala» pairatu duela, eta horrek bultzatu duela Venezuelatik alde egin eta Espainian babesa eskatzera. Espainiako Gobernuak jadanik iragarri du aintzat hartuko duela Gonzalezen eskaera eta asiloa emango diola. Gonzalezen xedea, oposizioak jakinarazi duenez, diasporarekin bat egitea da Venezuelako gaur egungo gobernuaren aurka «borrokan jarraitzeko».

Espainiako presidente Pedro Sanchezen gobernuaren erabakia, hala ere, ez du guztiz begi onez ikusi denek Espainian. Sanchezek gobernukide izan zuen Podemosek (2020-2023), esaterako, «eskuin muturreko buruzagi bat» babestea leporatu dio Madrili. Hala adierazi du gaur Maria Teresa Perez Podemoseko bozeramaileak prentsaurreko batean. «Nolabaiteko hipokrisia eta interes geopolitiko asko daude erabakian», gaineratu du Perezek.

Sanchezen egungo kide Sumarrek, bestalde, ez du PSOEren erabakia gaitzetsi; hala ere, babesa emateak ez duela Gonzalez Venezuelako presidente gisa aitortzea esan nahi azpimarratu du Sumarreko bozeramaile Ernest Urtasunek prentsaurrekoan. Ildo beretik jo du Espainiako Atzerri Ministro Jose Manuel Albaresek, negoziazioen beharra azpimarratuz Espainiako hainbat hedabideri gaur emandako elkarrizketetan. Albaresek, gainera, Gonzalezi Espainiak Caracasen duen enbaxadan geratzeko aukera plazaratu ziotela jakinarazi du Onda Cero Espainiako irrati katean.

Uztailaren 28ko hauteskundeen ostean, Gonzalez gorderik egon da, Venezuelako justiziaren ebazpenetatik ihes egin nahian. Venezuelako oposizioa ez dator bat Nicolas Maduroren gobernuak argitaratutako emaitzekin, eta bozetan «iruzurra» egon dela salatu du behin eta berriro. Salaketa horien ondorioz, Venezuelako fiskaltzak «funtzioak usurpatzea» eta «agiri publikoak faltsutzea» egotzi zion Gonzalezi, eta hiru aldiz deitu zioten fiskaltzaren aurrera. Gonzalez, baina, ez zen aurkeztu, eta Herbehereetako enbaxadan babesa hartu zuen. Han egon zen hilabetez, harik eta irailaren 5ean Espainiako enbaxadara joan zen arte. Venezuelako auzitegi batek Gonzalez atzemateko agindua emana zuen.

Joan den asteburuan, enbaxadatik atera eta Espainiara joan zen Gonzalez, Venezuelako Gobernuak emandako baimen berezi bat erabiliz. Gobernuak esandakoaren arabera, baimen hori ematea erabaki zuten «lasaitasuna eta bake politikoa lortzeko xedez». Gonzalezek, berriz, «presioak, hertsatzeak eta mehatxuak» salatu ditu, eta iragarri du aurrerantzean ere arituko dela «Venezuelan askatasuna eta demokrazia berreskuratzeko borrokan».

Venezuelako Gobernuak kontuak eskatu dizkie Herbehereei, Gonzalez «modu irregularrean» egon zelakoan Herbehereetako enbaxadan: «Nazioarteko protokoloen arabera, Herbehereek horren berri eman behar ziguten, eta ez dute horrelakorik egin. Informazioa ezkutatu dute». Herbehereetako Atzerri ministro Caspar Veldkampek adierazi du Gonzalezi «abegi egin» ziotela «beharrezkoa izan zen denboraz».

Gonzalez Espainian egoteko neurria, nolanahi ere, behin-behinekoa dela adierazi du Venezuelako oposizioak. Maria Corina Machado oposiziogileak —bera da gaur egun Maduroren aurkako oposizioko burua eta bozetan bera izan behar zen hautagaia; baina, auzitegiek atzera bota zuten haren hautagaitza, eta Gonzalezek pausoa eman zuen— X sare sozialean argitaratutako mezuaren arabera, 2025eko urtarrilean Venezuelan egongo da presidente izendatu dezaten.

Negoziazioak

Venezuelako Gobernuaren arabera, Espainiakoarekin elkar hartuta erabaki zuten Gonzalezi hara-hona ibiltzeko baimen berezia ematea, baina bi gobernuak ez datoz bat bi aldeen arteko negoziazioen garrantziaren inguruan. Venezuelako presidenteorde Delcy Rodriguezek esan du bi gobernuek «elkarrizketa zabalak» izan zituztela «Gonzalez Urrutia Venezuelatik atera ahal izan zedin, hara-hona ibiltzeko baimen batek ematen dituen berme guztiekin», eta baimena ematearena «bi gobernuen arteko akordioaren ondorio» izan zela. Albaresek, berriz, ez du ukatu «elkarrizketak» egon direla, baina, haren hitzetan, ez da «negoziaziorik» edo «ordainik» izan. Esan duenez, Gonzalezek berak eskatu zuen Madrilera eramateko eta han babesa emateko, eta Espainiako Gobernuak baiezkoa eman zion eskaera horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.