Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak ontzat jo ditu hauteskundeetako aktak

Auzitegiak esan du «zuzenak» direla Venezuelako Hauteskunde Batzordeak aurkeztutako aktak, eta Nicolas Maduroren garaipena berretsi du. Oposizioak salatu du organismoa «partziala» dela.

Oposizioko buru Maria Corina Machado, eskuan Venezuelako bandera bat duela, joan den larunbatean, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Oposizioko buru Maria Corina Machado, eskuan Venezuelako bandera bat duela, joan den larunbatean, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 22a
19:15
Entzun

Ezegonkortasuna da nagusi Venezuelan, joan den uztailaren 28an presidentetzarako bozak egin zituztenetik. CNE Venezuelako Hauteskunde Batzordeak Nicolas Maduro jo zuen hauteskundeen irabazletzat, baina oposizioak eta atzerriko zenbait gobernuk «iruzurra» egitea leporatu diote mugimendu chavistari, eta aldarrikatu dute PUD Plataforma Unitario Demokratikoko presidentegai Edmundo Gonzalez gailendu zela bozetan. Akusazio horien harira, hauteskundeetako aktak berrikusi eta aztertu ditu herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenak, Madurok hala eskatuta. Caryslia Rodriguez epaileak ontzat jo ditu gaur: «Talde honek berretsi egiten ditu CNEk uztailaren 28ko presidentetzarako bozetan iragarritako emaitzak».

CNEk aurkeztutako aktak berrikusi ditu Auzitegiak. Rodriguezek salatu du oposizioak ez dituela aurkeztu sare sozialetan plazaratu dituen aktak —horien arabera, Gonzalezek botoen %67 eskuratu zituen, eta Madurok, %30—, eta prozesu osoan parte hartu ez izana leporatu dio Gonzalezi. Rodriguezen arabera, jarrera horrek «ondorioak eta zigorrak» izan ditzake.

Oposizioak ez du onartu organismoaren erabakia, baina ebazpenaren berri eman baino lehen ere kritiko agertu da Gonzalez: «Ez dago herriaren subiranotasuna ordeztuko duen ebazpenik». Haren arabera, Justizia Auzitegi Gorena «ez da gauza» gatazka konpontzeko, eta Maduroren alde lerratutako organismotzat jo du. PUDeko presidentegaiaren iritzi berekoa da NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Kontseilua. X sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez, Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenaren eta CNEren «partzialtasunaz» ohartarazi du.

«Ez dago herriaren subiranotasuna ordeztuko duen ebazpenik»

 EDMUNDO GONZALEZ URRUTIAVenezuelako oposizioko presidentegaia

Kritikak kritika, Rodriguezek ziurtatu du «zuzenak» direla CNEk hauteskundeen egunean iragarritako emaitzak; eta, organismoak gisa horretako ebazpen bat emateko «nahikoa eskumen eta gaitasun» dituela argudiatuta, esan du ez dela «beharrezkoa» akta horiek plazaratzea. Bestalde, gaitzetsi egin du chavismoak hauteskundeen biharamunean salatutako «eraso zibernetikoa».

Hain justu, horixe da oposizioarekin bat egin duten herrialdeek Madurori behin eta berriz eskatu diotena: plazaratu ditzatela bozen egunean jasotako akta guztiak. Besteak beste, eskakizun hori egin dute AEB Ameriketako Estatu Batuek, Txilek eta Argentinak. Beste herrialde batzuek, berriz, Maduroren alde egin dute, hala nola Nikaraguak eta Kubak.

Kaleetako aldarriak

Erabat polarizatuta dago herrialdea, eta horren erakusle dira alde bateko zein besteko jarraitzaileek azken hiru asteotan antolatu dituzten protestak eta mobilizazioak. Oposizioak joan den larunbatean deitu zuen azkenekoz protestara: milaka lagun atera ziren kalera Venezuelan, eta haien aldarriekin bat egin zuten munduko 350 herritan eta hiritan.

Venezuelako Gobernuak emandako datuen arabera, iragan uztailaren 28tik hona 2.400 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte protestetan, eta 25 lagun hil dituzte. Herrialdeko fiskal nagusi Tarek William Saabek gaur jakinarazi duenez, uztailaren 29an —hauteskundeen biharamuna— hil zituzten pertsona gehien: hamazazpi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.