Venezuelako Auzitegi Gorenak behin-behinean kendu zizkion eskumenak legebiltzarrari, joan den asteazkenean, eta bi egun lehenago immunitatea, dagozkion botereen gainetik ari dela argudiatuta. Horrekin batera, Nicolas Maduro presidenteari eman zizkion salbuespen egoera kudeatzeko botere zibil, militar, penal, politiko eta juridikoak, baina auzitegiak atzera egin du, eta erabakiok bertan behera utzi ditu, presidentearen «aholkuz», tentsioa baretzeko. Desmenean dago iaztik legebiltzarra, ez dituelako aintzat hartu gorenaren aginduak, baina hori ez da aldatuko, auzitegiak dioenez, iruzurra dela-eta inputatuta dauden Amazoniako hiru diputatuak parlamentutik ateratzen dituen arte.
Atzo, Nicolas Maduro presidenteak Nazioaren Defentsa Kontseilua bildu zuen auzitegiaren erabakiak sortutako egoera aztertzeko, eta herritarrei ondoren irratiz eta telebistaz eman zien erabakitakoaren berri: «Herritarren boterearen babes osoarekin, eta Nazioaren Defentsa Kontseiluko gainerako kideenarekin, hartu dut erabakia. Eztabaida hau gainditua dago: erakutsita geratu da elkarrizketarako gaitasuna», eta gaitasun hori baliatu nahi du oposizioarekin jarrerak gerturatzeko.
Auzitegi Gorenak atzera egin ostean, eginbeharrak egitea orain legebiltzarraren ardura dela uste du, barneratu behar dituela eskumenak, baina dagozkionak bakarrik, eta Zuzenbide Estatuak ezartzen dituen arauak bete behar dituela, besteak beste, auzitegiaren erabakiak bete.
Egoera berean
Oposizioarentzat, ordea, ezin dira akatsak erabakia bertan behera utzita zuzendu. Julio Borges legebiltzarreko presidentearen ustez, «Auzitegi Gorenak jada eman du zuzendu ezin duen estatu kolpea. Hitz bat ezabatzeagatik ez da ezer aldatuko».
Horregatik, kalean erantzuten jarraituko du. Gorenaren erabakiaren ondoren esan zuen protestak oso maiz antolatuko dituztela kalean, «edonon, eta edozein lekutan», eta atzo berretsi egin zuen, manifestazioa amaitu ostean. «Kaleak gure duintasuna defendatzea esan nahi du».
Ikusteko dago gobernuaren eta auzitegiaren jarrera aldaketaren aurrean AEE Amerikako Estatuen Erakundeak zein bide hartuko duen. Bihar ezohiko bilera egitekotan dira, Gutun Demokratikoa aktibatu edo ez erabakitzeko. Luis Almagro idazkari nagusiak, AEBen eta beste hainbat herriren babesarekin, berehala hartu nahi ditu neurri baztertzaileak eta zigortzaileak Venezuelaren kontra, baina bitan saiatu da, eta ez du lortu.
Mercosurrek atzo egin zuen bilera, eta erabaki du «klausula demokratikoa» aplikatzea. Klausulak erakundeko kide bat kanporatzeko aukera aipatzen du, ordena demokratikoa hautsi duela erabakitzen badute. Botere banaketa, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespeta ditzala eskatu diote, eta epe bat zabaldu dute eskatutakoa bete dezan.
Venezuelako Gorenak legebiltzarrari kendutako eskumenak itzuli dizkio
Maduro presidenteak erabakia berrikusteko eskatu ondoren egin du atzera. Oposizioak protestatan jarraituko duela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu