Venezuelako auzitegi batek Edmundo Gonzalez Urrutia atxilotzeko agindua eman du

Oposizioak aurkeztutako hauteskunde akten harira, Venezuelako Fiskaltzak leporatzen dio Gonzalezi funtzioak usurpatzea, dokumentu publikoak asmatzea, legeak ez betetzera bultzatzea eta sistemari kalte egiteko konspiratzea.

Oposizioko presidentegai Edmundo Gonzalez Urrutia, presidentetzarako bozetan botoa ematen, iragan uztailaren 28an, Caracasen. RONALD PENA / EFE
Oposizioko presidentegai Edmundo Gonzalez Urrutia, presidentetzarako bozetan botoa ematen, iragan uztailaren 28an, Caracasen. RONALD PENA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko irailaren 3a
13:00
Entzun

Egunetik egunera gehiago korapilatzen ari da Venezuelan iragan uztailaren 28an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeen ondorena. Herrialdeko Fiskaltzak oposizioko PUD Plataforma Unitario Demokratikoa koalizioko presidentegai Edmundo Gonzalez Urrutia atxilotzeko agindua eman zezala eskatu zion, atzo iluntzean —Euskal Herrian 01:00ak inguru zirenean—, «terrorismoarekin» lotutako delituak ikertzen dituen auzitegi bati. Auzitegi horrek eskaera jaso eta gutxira zabaldu zuen Gonzalez atxilotzeko agindua.

Azken bi asteotan, Venezuelako Fiskal nagusi Tarek William Saabek hiru aldiz deitu du PUDeko presidentegaia deklaratzera, oposizioak Interneteko webgune batera igotako hauteskunde akten inguruko ikerketa baten harira. Bozen hurrengo egunean, PUDek esan zuen hauteskunde akten %83,5 bildu zituztela, eta datu horien arabera Gonzalezek botoen %66 lortu zituela; Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, berriz, %31. Oposizioko presidentegaia, ordea, ez da fiskaltzaren aurrera azaldu, argudiatuta fiskalak «egin ez dituen delitu batzuk» leporatzen dizkiola. Hauek dira delituak: funtzioak usurpatzea, dokumentu publikoak asmatzea, legeak ez betetzera bultzatzea eta sistemari kalte egiteko konspiratzea.

Gonzalez klandestinitatean dago joan den uztailaren 30etik, eta azken egunetan ohi baino gutxiago erabili ditu sare sozialak. Atzo mezu bakarra idatzi zuen X plataforman, eskatzeko aske utz ditzatela hauteskundeen ondoren abiatutako protestetan atxilo hartu zituzten eta ordutik preso dauden 28 nerabe. «Errepresioarekin bukatzeko eta trantsizio ordenatu baterako bidea hasteko garaia da», esan zuen.

Hura atxilotzeko aginduak haserrearazi egin du oposizioa. PUDko buru Maria Corina Machadok X sare sozialaren bidez salatu du fiskaltzaren erabakia: «Herriak hautatutako presidenteari [Gonzalezi] mehatxu eginez hau besterik ez dute lortuko: gu gehiago batzea, eta venezuelarren eta nazioartearen babes handiagoa izatea». Machadoren ustez, Venezuelako Gobernuak «errealitatearen nozioa galdu duen erakusle» da alderdikidearen aurka hartutako neurria.

«Herriak hautatutako presidenteari [Gonzalezi] mehatxu eginez hau besterik ez dute lortuko: gu gehiago batzea, eta venezuelarren eta nazioartearen babes handiagoa izatea»

MARIA CORINA MACHADOOposizioko burua

Hain zuzen, oposizioak berehala jaso ditu beste zenbait herrialderen babes mezuak. Argentinako Gobernuarena izan da aurreneko erreakzioa, Atzerri Ministerioak kaleratutako prentsa ohar baten bidez: «Argentinako Errepublikak ez du onartzen Maduro diktadorearen kontrolpeko fiskaltzak iragan uztailaren 28ko presidentetzarako bozetako irabazle Edmundo Gonzalez Urrutiaren aurka eskatutako atxilotze agindua». Antzera mintzatu dira, zertxobait geroago, Txileko eta Peruko gobernuak. Prentsa ohar baten bidez, Txileko Atzerri Ministerioak gaitzetsi egin du «Venezuelako diktadurak oposizioaren aurka abian jarritako errepresio forma oro».

Bestalde, fiskaltzaren eskaerari aipamenik egin gabe, Gonzalezen aurka egin du Madurok: «Berak [Gonzalezek] uste du legeen gainetik dagoela; ahoan bilorik gabe aitortzen du ez dituela legeak errespetatzen, eta hori ezin da onartu».

CNE Venezuelako Hauteskunde Batzordeak Maduro jo zuen bozen irabazletzat. Oposizioak eta nazioarteko zenbait herrialdek, ordea, «iruzurra» egitea egotzi zioten chavismoari; are gehiago, hainbat herrialdek Gonzalez aitortu dute presidentetzarako bozen irabazletzat, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuek. Akusazio horien harira, hauteskundeetako aktak berrikusteko prozesu bat jarri zuen abian Venezuelako Auzitegi Gorenak, Madurok hala eskatuta. Iragan astean iragarri zuen organismo horrek ikerketa bukatu ondoren hartutako erabakia: ontzat jo zituen CNEk Maduroren alde emandako emaitzak.

Datorrenari adi

Agindua emanda, helburua litzateke PUDeko presidentegaia «ahalik eta lasterrena» atxilo hartzea. Ondoren, Venezuelako Fiskaltzak sare sozialetan azaldu duenaren arabera, epaitegi baten aurrean aurkeztu beharko da, gehienez ere atxilotua izan eta 48 ordura, leporatzen zaizkion delituak «argitzeko».

Bestalde, atzo gauean, Venezuelako Barne ministro Diosdado Cabellok Machadori egotzi zion joan den ostiraleko sabotaje elektrikoaren erantzukizuna. «Maria Corina Machadoren atzean dagoen sektore faxista guztia, eta Maria Corina Machado bera dira eraso hauen arduradunak», salatu zuen telebista programa batean egindako elkarrizketa batean. Joan den ostiralean «eraso bat» jasan zuen herrialdeko sistema elektrikoak, eta, ondorioz, 2019. urtetik izandako itzalaldirik luzeena izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.